Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiestebanentzat

Prebarikazioa egitea, dirua bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta diru laguntzetan iruzur egitea egozten dizkio fiskaltza Santiestebani.

Alonsotegiko (Bizkaia) udaletxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 8a
16:37
Entzun

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu Alonsotegiko (Bizkaia) alkate ohi Aitor Santiestebanentzat (2007-2011) eta beste bost lagunentzat. Prebarikazioa egitea, diru laguntzetan iruzur egitea, dirua bidegabe erabiltzea eta dokumentuak faltsutzea egozten die. Haren arabera, Santiestebanek obra batzuk egokitu zizkien Laneder eta Pabisa enpresei, eta diru laguntzak eskatu zituen horiek gauzatzeko; lanak, ordea, ez ziren inoiz egin. Orain, epaitegiaren esku dago ahozko epaiketa abiatzeko egutegia zehaztea.

Fiskaltzak uste du Espainiako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzetan emandako bi milioi euro baino gehiago bereganatu zituztela: 53.000 euro Alonsotegiko Udaletik, 1,7 milioi euro Bizkaiko Aldunditik eta beste 461.000 euro Espainiako Gobernutik. Zehazki, futbol zelaiko erreforma, Loibe inguruetako lanak eta Artibako bidekoak egokitu zizkien EAJko alkateak Laneder eta Pabisa eraikuntza enpresei eta Arkideak arkitektura estudioari, lehiaketa publikorik egin eta udal idazkariaren oniritzirik izan gabe. Fiskaltzaren esanetan, akusatuek udalerrian zenbait lan egingo zituzten «itxura» egin zuen, eta «errealitatearekin bat egiten ez zuten» memoriak, aktak, ziurtagiriak eta fakturak egin zituzten hori estaltzeko.

Pabisa eta Laneder enpresa horietako kide ziren akusatuetako lau: Roberto Fernandez, Saul Fonseca, Javier Bediaga eta Eduardo Ibarra. Seigarren akusatua, berriz, Alberto Zulueta Arkideak enpresako arkitektoa eta Alonsotegiko Udalaren aholkularia zen. Guztiei —eta hil zen beste lagun bati— egozten die elkarlanean aritzea, «legez kontrako irabazi ekonomikoak» bereganatzeko. Bakoitzarentzat zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du, baita berenganatutako dirua denen artean erakundeei itzultzea ere.

Udaleko kontuen inguruko gardentasunik eza tarteko, EH Bilduk salaketa bat aurkeztu zuen, eta, hartatik, zenbait ustelkeria kasu abiatu dira. Izan ere, Alonsotegiko Udalarekin lotutako ustelkeria kasuetako bat da hau. Santiesteban Eraikiz auzian ere ageri da, Gabino Martinez de Arenaza alkate ohiarekin batera (1999-2007). Bestalde, Jose Luis Erezuma (2011-2015) alkate ohiaren aurkako prozesu bat ere abian zen. Hura, ordea, otsailaren amaieran hil zen. Hirurak ere EAJkoak ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.