Fiskaltzak Garcia Castellonen aurka jo du, argudiatuta euskal presoekin lotutako afera oro ez dela delitua

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak txarretsi egin du epaileak «ongietorrien» auziko instrukzioa luzatu izana, euskal presoen aurkako «inkisizio orokor moduko bati» erantzuten diolakoan.

ESPAÑA MIGUEL ÁNGEL BLANCO (SERIE ESPECIAL)
Manuel Garcia Castellon epailea, artxiboko irudi batean. SERGIO PEREZ / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 5a
16:00
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko epaile Manuel Garcia Castellonek joan den astean erabaki zuen euskal presoei eginiko «ongietorrien» auziko instrukzioa berriz irekitzea, Sortuko eta Sare Herritarreko kideen Telegrameko txat batzuk ikertzeko helburuz. Auzitegi hartako fiskaltzak, ordea, gogor kritikatu du erabakia, eta helegitea aurkeztu du haren kontra: «Ez da delitua euskal herritarra izatea; ez da delitua preso bat izatea; ez da delitua elkarrizketatzea; ez da delitua bakoitza nahi duen norabidean aritzea politikoki».

Auzia 2018an ireki zuten, eta ordutik jomugan dituzte 2016 eta 2019 bitartean presoei egindako 95 «omenaldi» zein ustez haiek «antolatzeaz eta koordinatzeaz» arduratu zirenak. Berez, epaileak iazko urrian erabaki zuen instrukzioari amaiera ematea, baina Dignidad y Justicia elkarteak eta PPk errekurtsoa jarri zioten erabakiari —fiskalaren esanetan, epez kanpo—, eta epaileak berak arrazoia eman die. Hala, uztailaren 29ra arte luzatu du Garcia Castellonek epea, txat horien atzean nor dagoen zehazteko asmoz.

Zehazki, epaileak «ongietorrien» auzi berean ikertu nahi ditu Guardia Zibilak etendako Telegrameko zenbait elkarrizketa ere —Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio euskal preso ohien sakelakoak zelatatuta eskuratutakoak—, eta telekomunikazio enpresari haien titulartasunaren inguruko informazioa eskatzearen alde egin du. Sortuko eta Sare Herritarreko kideenak lirateke, eta, epailearen esanetan, euskal preso eta iheslariekin lotutako aferen inguruko «jarraibideak eta arauak» partekatzen ziren elkarrizketa horietan. Besteak beste, argudiatu du Sortu-herritmoa bizitu izeneko kanalean «informazio eta mezu ugari» jartzen zituztela «ETA talde terroristako presoak aske uzten zituztenean».

Carlos Garcia-Berro Auzitegi Nazionaleko fiskalak, baina, ez du bat egin erabaki horrekin, eta txarretsi egin du Garcia Castellonek ahozko epaiketaren hasiera atzeratu izana. Are gehiago, uste du epaileak bide eman diela akusazio partikularren helburuei, «desegindako ETA talde terroristako presoen kolektiboarekin zerikusia duen ororen aurkako inkisizio orokor moduko batean».

Izan ere, fiskalaren iritziz, «existitzen ez den talde terrorista bateko presoen espetxe egoeraz eta haien interesen mesederako estrategiak planifikatzeaz mintzo diren euskal herritarrak dira» Telegrameko talde horietako kideak, eta elkarrizketetan ez da delitu zantzurik antzematen: «ETA talde terroristako presoekin lotutako guztia ez da delitua». Are gehiago, Garcia-Berrok adierazi du «batzuekin predikatzen den askatasuna besteentzat ere babestu» behar dela. Hau da, Dignidad y Justiciak espetxe politikaren aurkako adierazpenak egiteko askatasuna duen bezala, bestelako ikuspegi bat dutenek ere askatasun bera dutela defendatu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak.

Horiek hala, Garcia-Berrok erreferentzia egin dio Dignidad y Justicia elkarteak Joseba Azkarraga Sare Herritarreko eleduna, Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea, Txema Matanzas abokatua eta Gorka Garcia Sertutxa preso ohia ikertu gisa deklaratzera deitzeko eginiko eskaerari ere, horren kontra eginez. Fiskalaren ustez, horien esanetan ez da inolako prebarikaziorik antzematen, aipatzen dituzten aferak —presoen gradu progresioen, baimenen eta kaleratzeen ingurukoak— Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren zein fiskaltzaren kontrolari lotuta baitaude. Eta gehitu du Espainiako Espetxe Erakundeen inguruan esaten dituztenetan ere ez dela «sekretuak ezagutarazterik» hautematen, ez delako legez babestutako informaziorik aipatzen.

Beraz, Garcia-Berrok argudiatu du halako ikerketa bat sustatzea «ikerketa prospektibo bat» egitea litzatekeela. Epaileari leporatu dio auziari ez dagozkion gaiei erreparatzea instrukzioan, eta zehaztu du bere helburua dela «ongietorrien antolaketa errepikatu eta sistematikoa eta bestelako omenaldi egitasmoak» aztertzea: ea horien antolaketan biktimen umiliazioaren deliturik izan ote zen. Hau da, gogoratu du auzia Kalera Kalera dinamikaren inguruko ikerketari dagokiola.

Hamabost ikertu denera

2018ko otsailean Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia eta Miren Zabaleta Sortuko kideak atxilotu zituzten. Gerora, 2020ko urtarrilean Garmendia, Lopez Ruiz, Oihana San Vicente eta Haimar Altuna atxilotu zituzten auzi berari lotuta; eta 2021eko uztailean, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio. Garcia Castellonek urrian instrukzioa itxi eta gero, fiskalak urtarrilaren 12an eskatu zion hari epaiketari bide emateko, prozedura laburtura igarotzeko autoa emanda –auzipetzearen baliokidea–. Denera, hamabost lagun ikertu dituzte, baina fiskalak honako hauek auzipetzearen alde egin zuen: Lopez Ruiz Kubati, Garmendia, San Vicente, Altuna eta Saez de Egilaz eta San Epifanio; biktimen umiliazio delitua egozten die.

Sortuk Garcia Castellonen jarrera salatu zuen joan den astean, argudiatuta instrukzioarekin jarraitzeko asmoa «eskuin atzerakoiaren operazio politiko bat» dela, «estatuan ireki den aukera leihoa» zapuzteko helburuz egina; zehazki, «estatuaren plurinazionaltasunaren aitortzan» eta «Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako eskubide nazionaletan» ez sakontzeko.

Izan ere, Garcia Castellon epaileak berak, besteak beste, Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemonti terrorismo delituak egoztearen alde egin du —fiskalaren kontra, hor ere—, eta ETAren ustezko buruzagitzaren aurkako zenbait instrukzio ireki ditu. Horiek hala, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik adierazi zuen «euskal fronte bat» ireki nahi duela epaile hark, «Kataluniako frontea ireki duten bezala». Eta hala argudiatu zuen: «Espainiako Estatuan norgehiagoka bat gertatzen ari da; alde batean, estatuko nazioen, herrien eta langileen intereseko eztabaidak abiarazteko aukera zabaldu nahi dugunok gaude, eta bestean, aukera hori galarazi nahi dutenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.