euskal presoak

Fiskaltzak ez du Juan Carlos Iglesias Chouzasen absoluzioaren aurka egingo

Atristainen kasuak ezarritako jurisprudentzian oinarrituta absolbitu zuen Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela akusazioari eusteko nahikoa froga.

Juan Carlos lglesias Chouzas, Auzitegi Nazionalean, martxoan. EMILIO NARANJO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko maiatzaren 24a
11:46
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uko egin dio auzitegi hark maiatzaren 13an emandako ebazpenari errekurtsoa aurkezteari. Hau da, ez du Juan Carlos Iglesias Chouzas euskal presoaren absoluzioaren aurka egingo 1991ko hilketa baten kasuan. Orduan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Xabier Atristainen auzian ebatzitako ekarri zuten gogora Auzitegi Nazionaleko Bigarren Sekzioko magistratuek. Hala, Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, fiskaltzak ondorioztatu du ez dagoela «bere kabuz» karguaren egiazkotasuna baieztatzeko adina «entitate frogagarri» duen baliozko frogarik.

Epaiketan, fiskalak berrogei urteko espetxe zigorra eskatu zuen Iglesias Chouzasentzat, baina auzitegiak haren absoluzioaren alde egin zuen, Atristainen kasuan ezarritako jurisprudentzia eta inkomunikazio garaiko adierazpenen baliozkotasunik eza kontuan hartuta. Izan ere, magistratuen arabera, «jarduketetan ez dira behar adina aurrekari jasotzen aitorpen sumarioak eman ziren baldintzen inguruan, ezta haien bermeen inguruan ere». Era berean, gehitu zuten ez dela inkomunikazioa arrazoitzeko ebazpen judizial edo arrazoi juridikorik aurkeztu. Beraz, epaimahaiak ETAko zenbait kide ohik epaiketan egindako adierazpen jo zituen froga bakartzat, esanez haiek ez zutela Iglesias Chouzasi delitu hura «egozteko gaitasunik».

Beraz, Fiskaltzako iturrien arabera, epaimahaiak Iglesias Chouzas akusatuen aulkira eraman zuten adierazpenen edukien inguruan egindako balorazioa izan da fiskala erabakia hartzera bultzatu duten arrazoietako bat. Izan ere, Fiskaltzak uste du beste epaimahai batek ez duela erabaki hura atzera botako.

Atristainen kasuak ezarritako jurisprudentziak kasu gehiagotan ere eragin du. Martxoan, Auzitegi Nazionalak Gorka Palacios euskal presoa absolbitu zuen. Sortuk, berriz, Espainiako Estatuan inkomunikazio erregimenaren pean atxilotu, espetxeratu eta zigortu zituzten euskal preso guztiak «berehala» aske uzteko eskatu zuen.

Zehazki, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuen Atristainen eskubideak urratu zirela 2010ean, inkomunikazio aldian, konfiantzazko abokatu bat izatea galarazi zitzaiolako, eta ez zituen baliozkotzat jo orduan egindako adierazpenak. Hala, ebazpen hark euskal preso ohia espetxetik ateratzea eragin zuen, otsailaren 17an. Epaiari helegitea jarri zion Espainiak, baina auzitegiak atzera bota zuen hura, maiatzaren 9an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.