Fiskaltzak gordintasunez azaldu du Hondarribiko (Gipuzkoa) surf irakasleak ikasleekin zuen jokabidea: «Adingabeei sexu abusuak egiteko makina bihurtu zuen surf eskola». Eskola «artalde» bilakatu zuela esan du, eta irakaslea zela «otsoa». Fiskalak gaur aurkeztu du ondorioen txostena, Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Atalean, epaiketaren bederatzigarren saioan. Surf irakasle bat epaitzen ari dira, 11 ikasleri —mutil adingabeak— sexu erasoak egitea egotzita, 2011 eta 2021 artean. Fiskalak eutsi egin dio akusatuarentzako zigor eskaerari: 85 urteko kartzela zigorra.
Bi akusazio partikularretako batek ere —mutil bat ordezkatzen du— bat egin du fiskalaren ondorioarekin: akusatuak egitura antolatu bat sortu zuela bere sexu desirak asetzeko hamar urtez. Akusazio partikular horrek hamasei urteko kartzela zigorra eskatu du surf irakaslearentzat. Beste akusazio partikularrak eta defentsak bihar aurkeztuko dituzten ondorioak.
«Eskolaren antolaketak eta funtzionamenduak eskaintzen zizkion aukera guztiak baliatzen zituen bere jokabide likits guztiak izateko», fiskalaren arabera. Oparien eta hitz gozoen bidez ikasleen konfiantza lortzen zuen, ikasleak pertsona bereziak sentitzen ziren, eta, fiskalaren iritziz, ikasleak irakaslearen mesede tratuari eusten saiatzen ziren, «mendekotasun sentimenduak izateraino». «Mutilek izua zioten beste norbaitek haien lekua hartzeari edo taldetik urruntzeari», jarraitu du fiskalak, «eta akusatuak hori gerta zitekeela jakinarazten zien, haren xantaiei men egiten ez bazieten».
Manipulazioa eta xantaia
Surf irakaslearen jokabidea beti bera zela zehaztu du: adingabeak ezustean harrapatzen zituen, eta orduan hasten zituen sexu erasoak, beti ikasleak bakarrik zeudela, «biktimei lagun ziezaieketen pertsonengandik urrun». Fiskalak haur guztien kasuak errepasatu ditu. Umeak ezustean harrapatzen zituenez, «ez ziren gauza erreakzionatzeko», ez baitzuten pentsatuko surf irakaslea izateaz gain haien laguna ere bazen norbaitek «hori egin zezakeenik». Mutilek 12 eta 15 urte artean zituzten orduan. «Izua» sentitzen zuten. Ikasleak irakaslearengandik apartatzen saiatzen zirenean, akusatuak «berriro manipulazio makineria baliatzen zuen, adingabeentzako estrategia itogarri bat erabiliz, neska lagunak ala bera aukeratzera ere behartuz». Norbaitek aurre egiten bazion, «beste harrapakin bat aukeratzen zuen, eta guztia berriro hasten zen».
Fiskalarentzat epaiketan frogatuta geratu da surf irakaslearenak zirela haren ordenagailuan aurkitu zituzten haur pornografiako 4.200 artxiboak. Irakasleak atzo esan zuen ordenagailua bigarren eskukoa zela eta ez zekiela irudiak han zeudenik.