Fiskaltzak Ertzaintzari eskatu dio iker ditzala EHUko Zuzenbide Fakultateko irakaslearen mezu matxistak eta arrazistak

EHUk espero du datorren astean amaitzea gizonezkoari zabaldutako prozedura administratiboa.

Irakaslearen aurka egindako protesta, Leioan, irailaren amaieran. LEIOATIK!
Irakaslearen aurka egindako protesta, Leioan, irailaren amaieran. LEIOATIK!
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 14a
15:09
Entzun

Fiskaltzak Ertzaintzari eskatu dio iker dezala eta presta dezala txosten bat EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren zuzenbidea I ikasgaiko irakaslearen inguruan; ikasleek salatu zuten mezu «arrazistak, klasistak, matxistak eta misoginoak» egin zituela sare sozialetan. Orain, Ertzaintzaren zeregina izango da kasuaren nondik norakoak aztertzea, gorroto deliturik egon den ala ez ikustea.

Irailean, gizonezkoak EHUko Leioako campuseko segurtasun langileek lagunduta irten behar izan zuen; izan ere, sare sozialetan idatziak zituen mezuek asaldaturik, ikasle talde batek protesta egin zuen haren aurka. Handik egun batzuetara, berriro ere ikasleek protesta egitea erabaki zuten; irakasleak sare sozialetan zabaldutako iruzkinak kritikatu zituzten, eta eskatu zuten irakaslea «berehala» kaleratzeko unibertsitatetik: «Izan ere, unibertsitateak arrazoizko eta garapen askerako espazioa izan behar du, eta inondik inora ere ezin ditu onartu kolektibo zaurgarrien aurkako, langile klasearen aurkako edota emakumeen aurkako jarrerak eta ideiak zabaltzen dituzten faxistak».

Protesten ostean, unibertsitateko Berdintasun Zuzendaritzak urriaren hasieran iragarri zuen bortxa matxistaren kontrako prozedura zabalduko zuela; gizonezkoari behin-behinean eskolak eten zizkioten, eta jakinarazi zuten ez duela eskolarik emango prozesua amaitu arte. EHUk espero du datorren astean amaitzea prozedura administratiboa; harekin zer egin argitzen dutenean, erabakia jakinaraziko dute. Gainera, unibertsitateak gizonezkoaren mezuak gaitzetsi zituen; adierazi zuen irakasleak argitaratutako iruzkinak «euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioekin erabat bateraezinak» direla.

Salaketa formala ere bai

Kritika egiteaz gainera, EHUk salaketa jarri zuen, eta iruzkin horiek guztiak igorri zizkioten Gipuzkoako Fiskaltzari —bertan bizi da gizonezkoa—. Fiskaltzak tramiterako onartu du, eta diligentziak zabaldu dituzte. Gehienez sei hilabete izango dituzte ikertzeko, eta, oinarriak ikusten badituzte, salaketa penal bat egingo dute epaitegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.