Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu «ongietorrien» auzian

Fiskalak sei lagunen kontrako espetxe zigorrak eskatu ditu, 2016 eta 2020 bitartean euskal presoei egindako harrera ekitaldiengatik.

Auzipetuetako batzuk, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
Auzipetuetako batzuk, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 23a
16:20
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu sei euskal herritarrentzat, erakunde kriminal bateko kide izateaz eta terrorismoa goresteaz akusatuta. Zehazki, Carlos Garcia Berro fiskalak Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Kai Saez de Egilaz, Antton Lopez Ruiz eta Felipe San Epifaniori leporatu dizkie delitu horiek, 2016 eta 2020 artean egindako «ongietorriengatik».

Auzitegi Nazionaleko epaile Manuel Garcia Castellonek apirilaren hasieran itxi zuen auziaren instrukzioa, eta sei kide horiek epaitzea proposatu, argudiatuta «modu sistematikoan» antolatu zituztela «presoak omentzeko ekintzak» 2016tik 2020ra bitarte, Kalera Kalera dinamika eta bestelako gizarte mugimendu batzuk baliatuta. Orain, EFE albiste agentziak argitaratu duenez, fiskalak bide bera hartu du auzitegira bidalitako idatzian, eta ahozko epaiketa irekitzeko eskatu —urtarrilean ere egin zuen eskari bera; orduan, prozedura laburtura igarotzeko autoa emateko eskatu zuenean—. Zehazki, sei lagunentzat hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorrak eskatu ditu «erakunde kriminal bat osatu eta zuzentzeagatik», eta bi urte eta hilabete batekoak «biktimak umiliatzeagatik eta terrorismoa goresteagatik». Instrukzio aldian, baina, hamabost lagun inguru izan zituzten ikerketapean.

Garcia Castellonek adierazitakoaren bidetik, fiskalak sei akusatuei leporatu die Kalera Kalera dinamika zuzentzea, eta 2016 eta 2020 artean «behin eta berriz eta sistematikoki ETA talde terroristako kideentzat ongietorriak eta bestelako omenaldi ekitaldiak antolatzea espetxetik ateratzen zirenean, Espainiara itzultzean eta heriotzen kasuan». Hala, zigorrekin batera, ekitaldi horiek egiteko erabilitako materiala atzemateko eta KaleraInfo eta sare sozialetako beste zenbait kontu behin betiko ixteko eskatu du fiskalak. Izatez, auzitegiak aurrez itxi zuen KaleraInfo, auziari hasiera ematean, «terrorismoa goresteko tresna bat» zela argudiatuta.

Auzi horri lotutako instrukzioak harrabotsa eragin du azken hilabeteetan. Nahiz eta Garcia Castellonek itxi egin zuen apirilean, gogoz kontra egin zuen. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Salak behartu zuen horretara, martxoan. Aurrez, Garcia Castellonek instrukzioa luzatzeko asmoa adierazi zuen, Dignidad y Justicia elkarteak jarritako helegite bat zela medio. Sortuk eta Sare Herritarra plataformak kudeatutako Telegram kanal batzuk jarri zituen jomugan elkarte hark, eta epaileak argudiatu zuen kanal haietan «jarraibideak» zabaltzen zirela «zenbait alorretako jarduerari buruz», eta gero «Sorturen hedabideek aplikatzen zituztela» horiek.

Fiskaltzak, baina, Garcia Castellonen erabakiaren kontra egin zuen, argudiatuta epailea «jada desegindako ETA talde terroristako presoen kolektiboarekin zerikusia duen ororen aurkako inkisizio orokor moduko batean» ari zela. Helegiteari erantzunez, 3. Zigor Salak ebatzi zuen «oinarri juridikoak» falta zirela instrukzioa luzatzeko, eta Garcia Castelloni egotzi zion urritik urtarrilera bitarte «irizpide aldaketa erradikala» egin izana.

Fiskalaren erabakiarekin kexu agertu da Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia: «Bakearen etsaiek jakin dezatela, behin eta berriz ahalegindu arren, ez gaituztela gure bidetik milimetro bakar bat ere mugituko. Oztopoak oztopo, herri honek lortuko ditu bakea eta askatasuna».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.