Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Fiskaltzak biharko mobilizazioa debekatzeko eskatu dio epaileari

Deialdiaren atzean Herrira plataforma dagoela argudiatu du fiskalak Ruz epaileari mobilizazioa debekatu dezala proposatzeko«Ez da atxiloketen garaia, konponbidearen garaia baizik», adierazi du Tantaz Tantak

Biharko mobilizaziorako azken deialdia egiteko elkarretaratzean dozenaka eta dozenaka herritar bildu ziren, tantak eskuetan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Tantaz Tantak presoen sakabanaketaren kontra eta konponbidearen alde biharko Bilbon antolatu duen mobilizazioa debeka dezala eskatu dio Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Pablo Ruz epaileari. «Ezin da onartu izaera terrorista izateko zantzuak dituen talde batek antolatu duen manifestaziorik», esan dio fiskalak debekua galdegiteko. Tantaz Tantak Herrira-ren helburu berak dituela argudiatu du, antolatzaileen izaera «terroristatzat» jotzeko: «ETAko presoen aldeko mobilizazioetarako ahalik eta atxikimendu gehiena lortzeko helburua du».

Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkari Carlos Urkijok Auzitegi Nazionalean salaketa aurkeztu eta biharamunean egin du eskaera fiskaltzak. Urkijok bezala, AVT, Dignidad y Justicia eta APAVT biktimen elkarteek ere egin dute mobilizaziorako deialdiaren aurkako salaketa, eta debekatzeko eskatu dute.

Oso bestelako mezua eman dute antolatzaileetako bi ordezkarik 4.300 deitzaileen izenean, goizean egin duten elkarretaratzean: «Ez da atxiloketen garaia, konponbidearen garaia baizik». Hori dela eta, beste ezeren aurretik, bezperan atxilotutako guztiak «berehala askatzeko» eskatu zuten.

Ez desbideratzeko deia

Polizia operazioa salatu, eta bidean aurrera egiteko deia egin zuten Amets Martinez eta Susana Velez Tantaz Tantako kideek. «Gure bidea ez uztera animatu nahi dugu euskal gizartea,eta lanean jarraitzera, giza eskubideen eta bakearen alde. Larunbatean, orain sentitzen dugun tristezia, kezka eta amorrua itxaropenaren, konponbidearen eta geroaren aldeko milaka tanta bihurtuko ditugu». Eta halakoxeak ziren Bilboko udaletxeko eskailerak bete zituztenen aurpegiak: serio eta ilunak. Eskuetan, tanta bat irudikatzen duen txartel bana.

Mugimenduko kideen ustez, ez da gutxiagorako. «Gizarte honen gehiengoak ez du ulertzen eta ez du onartzen Espainiako Gobernuaren jarrera bortitza eta probokatzailea», adierazi dute elkarretaratzearen amaieran.

Asteazkeneko atxiloketen helburua «arreta desbideratzea» dela uste dute: «Gaur egun sakabanaketa da gatazka puntua; sakabanaketa da gobernuen ahulgunea, ez dutelako arrazoirik horri eusteko». Hori dela eta, Espainiako eta Frantziako gobernuak «zer egin ez dakitela» daudela uste dute herri ekimeneko kideek. Eta horregatik salatu dute «gizarteak bakeranzko pausoak eman nahi dituen honetan» gobernuek «gerra irudiak» erakutsi nahi dituztela.

Baina horren aurka «erantzun indartsua» emango dute herritarrek bihar, Tantaz Tantako kideen ustez; «inoiz baino handiagoa», diote. «Presoak Euskal Herrira ekarri behar dituzte».

Hartarako, Bilbora joateko eskatu diete herritarrei, egingo diren aldarriak argi utzita: «Tantaz tanta, pertsonaz pertsona, itsaso izugarri handia sortuko dugu sakabanaketaren amaieraren alde. Giza eskubideen urratzeen amaiera eskatuko dugu, eta Madrilgo eta Parisko gobernuei aditzera emango diegu nekatuta gaudela beren politika suntsitzaileekin».

Aldarriak bete daitezen, protagonismoa herritarrek hartu behar dutela ohartarazi dute, eta horregatik nahi dute bildu sekula baino jende gehiago. «Politikariek arazoak konpontzen ez badituzte, herritarren garaia iritsi da. Bakoitzaren ideologia eta interesez haratago, garaia iritsi da kalera ateratzeko eta adierazteko euskal herritarrok bakea nahi dugula, ez dugula gerra estrategiarik onartzen eta garaile eta galtzailerik gabeko gizarte bat nahi dugula».

Biharko mobilizazioan bilduko den pluraltasuna errespeta dadila ere eskatu dute antolatzaileek, eta «protagonismo osoa» herritarrei ematea. Protagonismoa ez dela eurena esan diete horrela alderdietako ordezkariei.

11:00etatik aurrera, Areatzan

17:30ean abiatuko da biharko ekitaldi nagusia bi guneetatik: Bilboko udaletxetik eta Casillatik. 300 autobus bete baino gehiago espero dituzte. Bizkaitik eta Arabatik joandakoei Casillara joateko deia egin diete, eta, Gipuzkoatik, Nafarroatik zein Iparraldetik doazenei, udaletxe aurrera joateko. Bi «olatuak» Zabalburu aldera abiatuko dira, eta han elkartuko dira. Han izango da ekitaldi nagusia, 18:30 aldera.

Aldarri eguna 11:00etan hasiko da, Bilboko Areatzan, ekitaldi askorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.