Fiskaltzak 20 urtetik 15era jaitsi du Santi Coca hiltzeaz akusatuarentzako zigor eskaera

Hilketa delitua ez, giza hilketa egozten dio epaiketaren amaieran. Akusatuak esan du hartutako kolpeari erantzun ziola, baina ez zuela inor hil.

Santi Cocaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat, azaro hasieran, Donostian. LUIS HERRERO / EFE
Santi Cocaren heriotza salatzeko elkarretaratze bat, azaro hasieran, Donostian. LUIS HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 14a
20:15
Entzun

Fiskaltzak hilketa delitua leporatu zion epaiketaren hasieran, baina giza hilketa leporatu dio epaiketaren amaieran. Ondorioz, zigor eskaera ere jaitsi egin du, hogei urteko kartzela zigorretik hamabostera.

Gizon bat epaitzen aritu dira egunotan Gipuzkoako Auzitegian, 2019ko apirilean Santi Coca gaztea hiltzea egotzita. Coca, 17 urtekoa, jipoitu egin zuten dantzaleku baten kanpoko aldean, eta bi egun geroago hil zen, 2019ko apirilaren 28an. Atzo egin zuten epaiketaren azken saioa eta astelehenetik aurrera zinpeko epaimahaiak gogoeta egin beharko du, akusatua erruduna edo errugabea den erabaki arte.

Herri akusazioak, Donostiako Udalak, eutsi egin dio bere zigor eskaerari: hogei urteko kartzela zigorra, hilketagatik. Defentsak, berriz, errugabe izendatzeko eskatu du. Baita mozkortasuna eta zoroaldia aringarri gisa aplikatzeko ere.

Iazko azaroan eta abenduan bost lagun epaitu zituzten, Santi Cocaren heriotzagatik. Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten bati, zuhurtziagabekeriazko hilketagatik; gainerakoak errugabetzat jo zituzten. Egunotan epaitu duten gizona ere orduan epaitu behar zuten, baina ihes egin zuen. Otsailean atxilotu zuten, Frantzian.

Fiskalarentzat epaiketan frogatuta geratu da akusatuak Cocaren kontrako erasoan parte hartu zuela, lekuko batzuek ezagutu egin dutelako eta beste batzuek soinean zuen arroparengatik identifikatu dutelako. Nabarmendu zuen sei lekukok esan dutela akusatuak Coca jo zuela, bai zutik zegoenean, bai lurrera erori zenean.

Lekukoen adierazpenak gogorarazi zituen: «erotuta zegoen», «baloi baten moduan jo zuen buruan» eta «etengabe eman zizkion ostikoak, oldarkortasunez eta amorruz». 

Giza hilketa leporatu dio, baina doloarekin, fiskalaren ustez akusatuak bazekielako halako kolpeak emanda hil zezakeela.

Akusatuak azken hitza esateko eskubidea baliatu zuen atzo. Epaiketan gezur asko esan direla uste du, eta ardura bakarra hartu du bere gain: «Kalera ateratzea, drogak hartzea eta jasotako kolpeari erantzutea. Baina nik ez dut inor hil».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.