Gizon bat epaitu dute gaur Arabako Probintzia Auzitegian, desgaitasun psikiko bat duen emakume bati sexu eraso jarraituak egiteagatik, 2021eko urrian. Fiskaltzak hamahiru urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du harentzat. Biktima erasotzailearen bikotekidearen alaba zen.
Fiskaltzak hamahiru urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, etengabeko sexu eraso delitu batengatik, eta bizikidetzaren eta desgaitasunaren astungarriak erantsi dizkio; akusazio partikularrak hamabost urteko kartzela zigorra eskatu du; eta defentsak, berriz, errugabetzat jotzeko eskatu du, argudiatuz biktimaren lekukotza beste frogarik ez dagoela, eta haren desgaitasun psikikoak baldintzatzen duela.
Akusatuaren eta lekukoen arabera, biktimaren ama —eta akusatuaren bikotekidea— 05:00etan abiatzen zen lanera, eta etxean bakarrik geratzen ziren 60 urtetik gorako gizona eta 34 urteko emakumea, lau orduz. Biktimak kontatu du orduan egin ziola sexu erasoa: bortxatu egin zuen, eta ukituak egin zizkion bularretan eta baginan. Emakumeak zehaztu du onartu egin zuela, gizonak mehatxu egin ziolako: onartzen ez bazuen jo egingo zuela esan zion. Erantsi du ez duela gogoan zenbat aldiz gertatu ziren erasoak.
Erasoa argitara atera zen biktima zentro okupazionaleko ikaskideekin erosketak egiten ari zen egun batean. Denda batean bularretakoa jarri ezinik ari zen, eta begiraleak galdetu zion ea nork jartzen zion egunero. Emakumeak erantzun zion akusatuak jartzen ziola, baina ez zitzaiola gustatzen.
Begiraleak zentroko arduradunari eman zion horren berri. Biktimarekin luze eta zabal hitz egin zuten, eta berak erasoak deskribatu zizkien. Amak ere galdetu zion, eta berari ere kontatu zizkion.
Akusatua saiatu zen amaren aurrean alabaren bertsioa baliogabetzen, eta goiz horretan bertan etxetik alde egin zuen. Epaiketan akusazio guztiak ukatu ditu, eta adierazi du ez zuela biktimarekin inolako sexu harremanik izan.
Bertsioari eutsi dio
Zentro okupazionaleko arduradunak eta perituek ondorioztatu dute, oro har, biktimak bertsioari eutsi diola, nahiz eta batzuetan zertxobait aldatu duen. Halaber, medikuek azaldu dute biktimaren desgaitasun psikikoak eragina duela sexu harremanak baimentzeko orduan; baina zehaztu dute badakiela zer den sexu harreman bat eta aspalditik zeukala mutil laguna.