Fiskaltza eta auzipetuen akordioak eten nahi ditu biktimen elkarte batek

Hasier Arraiz epaitzea nahi du Dignidad y Justiciak, 'Segurako auzian'. Herri akusazioarekin soilik aurrera egitea aztertu behar du epaimahaiak

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS, ESKUBID.
jokin sagarzazu
2016ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Azkenengo bi hilabeteetan 40 auzipetu espetxean sartzea saihesteko balio izan duen neurria indargabetu nahi du ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batek. Espainiako Auzitegi Nazionaleko 04/08 sumarioko ezker abertzaleko beste 35 auzipetuak ez bezala, Hasier Arraiz epaitzea nahi du Dignidad y Justiciak, eta ez du babestuko epaiketa ez egiteko Juan Kalparsoro fiskalburua eta Iñigo Iruin abokatua negoziatzen ari diren zigorra —horren arabera, ez lukete Arraiz espetxeratuko—.

Elkarte hori herri akusazio gisa aurkeztu da auzian, AVTrekin batera. 04/08 sumarioaren epaiketan bi elkarte horietako zerbitzu juridikoek, baina, babestu egin zuten akordioa, eta auzi horretan auzipetuta dago, hain justu, Arraiz, baina Eusko Legebiltzarreko parlamentaria denez, foruduna da, eta, epaitzekotan, EAEko Auzitegi Nagusian epaitu beharko dute; maiatzaren 9rako jarria dauka lehen auzi saioa.

Elkarteko buru Daniel Porterok aitortu duenez, epaiketa eginda ere, oso litekeena da Arraiz ez zigortzea, baina azpimarratu du erabakia hartu dutela «koherentziagatik» eta «irizpide juridikoak alde batera utzita». Azaldu duenez, «hildakoei traizio egitea» litzateke «biktimen eta borreroen arteko laguntasun akordio batekin» amaitzea auzia. AVTk, berriz, bere jarrera argituko du fiskaltzak eta defentsak adostutakoa jasotzean.

Fiskaltzak akusazioa erretiratuko balu, Dignidad y Justiciaren salaketarekin soilik epaiketa egin edo ez aztertu beharko luke epaimahaiak: Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Roberto Saiz eta Nekane Bolado zigor salako magistratuek osatzen dute. Auzitegi horrentzat ez litzateke berria mahai gainean izango lukeen eztabaida juridikoa. 2008an, Espainiako Auzitegi Gorenak, EAEko auzitegiaren ebazpen baten aurka eta ordura arteko bere irizpidea ere aldatuz, zilegitasuna eman zion herri akusazioarekin soilik epaitzeari. Atutxa doktrina dauka izena irizpide horrek, hori ebatzi zuelako Gorenak EAEko Auzitegi Nagusiak uko egin zionean herri akusazioekin soilik Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea eta legebiltzarreko Mahaiko beste kideak epaitzeari, 2003an Abertzale Sozialistak legebiltzarkide taldea desegiteko agindua ez betetzeagatik. Eta 2006an, bake elkarrizketa batzuetan parte hartu zuten agintari politikoak —Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Arnaldo Otegi, besteak beste— epaitzearen aurka egiteagatik. Lehenengo kasuan, Manos Limpias zen herri akusazioa —egun ikerketa pean dago sindikatu hori auzipetu batzuei, tartean Espainiako erregearen arreba Cristina Borboikoari, xantaia egitea leporatuta—. Bigarrenean, Dignidad y Justicia eta Ermuko Foroa ziren herri akusazioak. 2000n ETAk hildako Luis Portero Andaluziako fiskalburuaren senideak ordezkatzen ditu Dignidad y Justiciak. Auzi ugarik egin dute aurrera elkarte horren akusazio bakarrarekin; besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkakoak.

Inhabilitazioak jopuntuan

Fiskaltzaren eta auzipetuen arteko adostasunei amaiera jarri nahi die horrela elkarteak. Aurreko astean akordioa egin zuten 4/2014 sumariokoek; biktimen elkarteek ez zuten akusazio gisa parte hartu auzian. Bai, ordea, maiatzaren 17an hasiko den beste epaiketa batean. Kasu horretan ere Dignidad y Justiciak baztertu du akordioa. Ekineko kide izatea egotzita bederatzi lagun epaituko dituzte.

Orain arteko akordioetan auzipetuek, adostutako zigorretan,onartu egin dituzte akusazio idatzietan leporatutako jarduerak; funtsean, legez kanporatutako erakundeetan aritzea. ETAren indarkeriaren biktimei egindako kaltea ere aitortu dute, eta uko egin diete indarkeriarekin lotutako jarduerei. Hala, bi urtez azpiko zigorrak onartu dituzte, baina ez dituzte espetxeratu. Denbora horretarako ere kargu publikoetarako inhabilitazio ezarri diete.

Hain zuzen ere, inhabilitazio horren «zehaztasun faltagatik» kexu azaldu da Dignidad y Justicia. Auzitegi Nazionaleko 35en kasuan dio udalerri, probintzia, estatu eta Europa mailako erakundeetan parte hartzeko debekua dutela, baina ez maila autonomikoan. Arraiz parlamentaria da EAEko legebiltzarrean.

Zigor eskaera handiei egin behar die aurre EH Bildukoak. EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako akusazio idatzietan, fiskaltzak, akordio proposamena egin aurretik, sei urteko kartzela zigorra eta kargu publikoan beste hainbeste urtez aritzeko debekua eskatu zuen haren aurka. AVTk eta Dignidad y Justiciak, berriz, hamarna urteko zigorrak. 2007ko urrian ezker abertzalearen egitura politikoa desegiteko Seguran (Gipuzkoa) eginiko polizia operazioan atxilotu zuten Arraiz, eta bi urte eta erdi egin zituen behin-behinean preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.