Aurrekontuak

Fiskalitatearen gaia mahai gainean jartzeko eskatu dio oposizioak Jaurlaritzari

Zupiriak azaldu du aurrekontuen testuingurura mugatuko dutela negoziazioa. Azpiazuk bihar egingo ditu lehen bilerak oposizioarekin.

Iriarte eta Kortajarena, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko azaroaren 8a
14:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzako kideek xehetasunak eman dituzte 2023ko aurrekontu proiektuaren inguruan, eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua bihar hasiko da oposizioko alderdiekin biltzen. Bingen Zupiria gobernuko eledunak adierazi du prest daudela hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioak egiteko. Alderdiei gogorarazi die, ordea, Jaurlaritzak ez duela mahai gainean jarriko fiskalitatearen inguruko eztabaida. Gai horren inguruan hitz egiteko prestasuna da, hain zuzen, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PPk egin dioten eskaera nagusia.

«Akordioetara iristeko borondate argia dugu», azaldu du Jaurlaritzako bozeramaileak, eta gehitu du aurrekontu proiektua «oinarri sendo bat» dela elkarrizketei ekiteko. Lehen bilera sortaren helburua oposizioko alderdiek zer jarrera duten jakite izango da, eta, hortik aurrera, negoziazioak «modu diskretuan» garatzeko asmoa dute, akordioak lortzeko helburuarekin. Halere, bide horretan muga batzuk daudela azaldu du Zupiriak. Horietako bat litzateke negoziazioa aurrekontuen testuingurura mugatzea, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren eskumenetara. Era berean, adierazi du fiskalitatearen inguruko eztabaida ez dutela mahai gainean jarriko.

Azpiazuk aurreko urteetan egindako akordioak ere izan ditu hizpide. Azaldu du 2019an Elkarrekin Podemosekin hartutako konpromisoak bete zituela, eta aurten ere ahalegina egin duela iaz EH Bildurekin adostutakoak betetzeko.

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek, baina, balantze «gazi-gozoa» egin du akordio hartaz. Haren ustez, Jaurlaritzak hartutako konpromiso ekonomikoak bete ditu, «maila batean behitzat». Konpromiso politikoei dagokienez, baina, kontrakoa egitea leporatu dio: «Ez du inolako ahaleginik egin betetzeko: ez gutxieneko soldata euskal errealitateari egokitzeko, ez alokairu pribatuen prezioak arautzeko eta mugatzeko».

Iriartek uste du iaz aipatutako «egiturazko gabeziek» bere horretan jarraitzen dutela; gainera, egoera konplexuago batean. Hala, uste du Jaurlaritzaren aurrekontu proiektu «kontinuista eta kontserbadoreak» ez duela balio egungo gaur egoerari erantzuteko: «Neurri paliatiboak hartzeaz gain, egiturazko neurriak hartzea eskatzen du».

Koalizioaren Eusko Legebiltzarreko koordinatzaile Nerea Kortajarenak gehitu du Azpiazuri bost edo sei ildotan banatutako proposamen sorta bat aurkeztuko diotela: «Zerbitzu publikoen gainbeherari, etxebizitzaren prezioari, gazteen emantzipazioari, krisi energetikoari, lehen sektorearen egoera larriari, enpresa estrategikoen egoerari… Eta, noski horiek denak finantzatu ahal izateko, fiskalitatearen bueltako proposamena ere egingo dugu». Proposamen horiek «errealismoz» egingo ditu koalizioak. «Arrazoituak, neurtuak eta bideragarriak» izango direla esan du Kortajarenak. Era berean, baina, argudiatu du «aro aldaketa honetan norabide aldaketa eta eraldaketa» ardatz gisa hartutakoak direla.

Hezkuntza ituna betetzeko

Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategik azaldu du aurrekontu proiektuak eskainitakoak duena baino erantzun sakonagoak behar direla. Halere, eta osoko zuzenketa bat aurkeztea baztertu ez duen arren, proiektuaren inguruan «negoziatzeko borondatea» azaldu du. Hala, azaldu du «proposamen zehatzak» aurkeztuko dizkiotela Azpiazuri; besteak beste, osasungintza, etxebizitza eta energia alorretan. Baina baita hezkuntza ituna betetzeko beharrei erantzuteko ere: «Guk sinatu genuen itunak eskola publikoaren perimetroa zabaltzeko aurreikuspena dakar, baita eremu guztietan eskolaratzeko behar adinako eskaintza publikoa existitzea ere».

Fiskalitatearen inguruan ere «marra gorririk gabe» negoziatzeko prest agertu da Elkarrekin Podemos-IU. «Gobernuak erreforma fiskal bat planteatuko balu, ez litzateke izango aurrekontu negoziazioetako beharrezko puntuetako bat», adierazi du Gorrotxategik. Hark, EH Bilduk egin bezala, arlo horretan orain arte hartutako neurriak «erregresiboak» izan direla txarretsi dio Jaurlaritzari.

PP+CSko Luis Gordillok kontrako bidetik jo du fiskalitateren arloan. «Arintze fiskal» bat eskatu dio Azpiazuri, argudiatuta Jaurlaritza ez dela iristen aurrekontuetan ezarritako gastu kopuruetara. Azaldu duenez, eskuineko koalizioa «borondate onez» bilduko da Ogasun sailburuarekin, baina uste du «urteroko erritua» errepikatuko dela: «Gehiengo osoa dute, eta euren artean negoziatzen dituzte aurrekontuak; gero, oposizioari deitzen diote, denoi egun berean, eta bileren artean ia denborarik utzi gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.