Hautsak harrotu dituzte Jose Luis Bilbaok berriro Bizkaiko ahaldun nagusi izateko ez dela aurkeztuko iragarri ondoren agur modura esan zituen hitzek. Askok oso larritzat jo dute adierazpena, eta bada ahaldun nagusiaren hitzetan delitua ikusi duenik. Lasai egoteko esan zien Bilbaok iruzurgileei; asko ezagutu dituen arrenez duela horien berri emango. UPD eta Ezker Anitza alderdiek neurriak hartuko dituzte. EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzara idatzi bat igorriko dutela jakinarazi dute bai Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak, bai Iñigo Martinez Ezker Anitzaren Bizkaiko koordinatzaileak. Bizkaiko ahaldun nagusiak delituak ezkutatu dituen susmoa dutela eta, haren adierazpenak iker ditzala eskatuko diote fiskalburuari. Eta, Juan Kalparsoro Auzitegi Nagusiko fiskalburuaren hitzetan, oso litekeena da Bilbaok auzitegian deklaratu behar izatea.
Atzo arratsalde hasieran jaso gabe zituen idazkiak fiskal nagusiak. Baina salaketak aztertu eta neurriak hartzeko prest dagoela adierazi dio BERRIAri: «Ikusiko dugu ea zer dioen idazkiak eta ea azalpenen bat eskatu behar zaion Bilbaori».
Edonola ere, auzitegira deitzeko aukera «ez da baztertu behar», erantzun dio fiskalburuak egunkari honi. Aukera mahai gainean duela adierazi du, eta oso litekeena dela salaketa aintzat hartuta aurretiazko diligentzia modura Bilbao auzitara azalpenak ematera deitzea. «Hark ea zer dioen ikusi behar da».
Aurrera egitea, zaila
Hala ere, auzia bere horretan geratuko dela iruditzen zaio Kalparsorori: «Nago epaitegira bidali zituen kontuei buruz ari zela esango duela. Hori adierazi du orain arte behintzat, eta delitua ikusi izan balu, auzitegiari edo fiskaltzari jakinaraziko ziokeen. Beraz...». Lehen deklarazioa hartzeko aukera buruan darabil Kalparsorok, baina zail ikusten du Bilbaoren aurkako auziak auzitegietan hortik aurrerako bidea egitea.
Adierazpen desegokiak
Desegokia gutxienez izan zen ahaldun nagusiak astearteko osoko bilkuran egindako adierazpena. Hauxe esan zuen, besteak beste: «Hemen daudenei eta ez daudenei esan nahi diet lasai egon daitezkeela, sekula ez ditudalako nire memoriak idatziko. Memoria horietan pertsonak ager zitezkeen beren handitasunekin eta beren miseria handiekin». Gezurretan nahita aritu direnak aipatu zituen, esaterako: «ordainketak jatorri jakinik gabeko billete sortekin egiten zituztenak»; «zerga paradisuetan dirutzak dituztenak eta haien izen-abizenak argitara ateratzen ez direnak»; dirua zuritu dutenak eta, hala ere, «kalean handikiak balira bezala doazenak». Horiei guztiei «zeintzuk diren» badakiela esan zien, baina lasai egoteko, dakiena isilik gordeko duela eta.
Esan zituenekin lasai dagoela adierazi zuen atzo ahaldun nagusiak. «Ustelak eta iruzurgileak» direla Bizkaian «lasai egon ezin direnak». Berak ez duela ezkutatu beharreko ezer ziurtatu du, eta ez dela inor estaltzen ari. «Ogasuneko zerbitzuek beti jokatu dute legearen arabera, eta delitu zantzurik ikusi dutenean fiskaltzaren aurrean salatu dute egoera».
Berak duen karguagatik «kasuak ezagutzen» dituela azaldu du ahaldun jeltzaleak; «baina, legea eskuetan, nik ezin dut eman zerga ordaintzaileei buruzko informaziorik». Esan du hala egingo balu legea hautsiko lukeela eta «oso arazo larria» izango lukeela. Honela argudiatu du esan zituenak zergatik esan zituen, Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean: «Izenak emango banitu, sekretu publikoak zabaltzea leporatuko lidakete, eta arazo larria izango nuke; horregatik diot lasai egon daitezela, ez dudala esango, baina elkarri begietara begiratzen diogunean jakin dezatela nik badakidala bakoitza nor den».
Gauzak horrela, UPDk eskatu bezala fiskalaren aurrean deklaratzera joateko prest dagoela esan du. Are, hala egin behar badu «erabat lasai» joango dela. Izan ere, bere aurkako salaketaren atzean bestelako asmoak ikusi ditu Bilbaok: «Politikaren judizializazioa ez da bide egokia, baina batzuek halakoak egin beharra dute mediatikoki leku egiteko».
Azalpenak batzar nagusietan eman ditzala eskatu dio EH Bilduk ahaldun nagusiari. Eta Bilbao prest agertu da horretarako ere: «Nire adierazpenean aipatu nituen kasu guzti-guztietan Foru Ogasunak neurriak hartu dituela berretsiko dut».
Fiskalburuaren esanetan, oso litekeena da Bilbaok auzitegian deklaratzea
Kalparsororen ustez, ahaldun nagusiak «zer dioen» entzun behar da; halere, ez du uste auzia aurrerago joango denik.Bilbaok dio prest dagoela auzitegian eta Batzar Nagusietan azalpenak emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu