Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi euskal preso eriaren kartzela zigorra etetearen alde egin du, baina prokuradoreak, euskal presoen beste kasu batzuetan bezala, helegitea aurkeztu du, eta auzitegiaren erabakia ez da irmoa. Hain zuzen, bi hilabete ingurura izango da helegiteaz ebazpena emateko auzi saioa. Auzitegiak atzo arratsaldean eman zuen etetearen aldeko erabakiaren berri, defentsak irailaren 25ean egindako eskaera aztertu ondoren. Epaileak, mediku txostenak aintzat hartzeaz gain, iritzi dio gaurko testuinguruagatik Fernandez Iradi aske lagatzeak ez lekarkeela arriskurik.
Presoaren eritasuna kartzelarekin bateragarria den eztabaidatu zuten iraileko saioan. Urteetan ezezkoa jaso ostean, auzitegitik aske geratzearen aldeko erantzuna jaso du Fernandez Iradik. Lannemezango espetxean dago (Okzitania), eta esklerosi anizkoitza du —2012an diagnostikatu zioten—. Hamasei urte daramatza preso. ETAko kidea izatea egotzita atxilotu zuten, Frantzian.
Orain dela bost urte ekin zion Frantziako Estatuko bide judizialari, frogatu nahian kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarri. Txosten batzuk aztertu ostean, bi medikuk azaldu zuten euskal presoa espetxetik irten behar zela, baina Parisko prokuradorea orduan ere kontra agertu zen. Dei Auzitegiak 2015ean ezezko erantzuna eman zuen, eta Kasazio Auzitegiak ere bai ondoren.
Preso eria askatzearen aldeko beste elkarretaratze bat egin zuten atzo arratsaldean haren sorterrian, Sare plataformak deituta: Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Baionan ere egin zuten bilkura bat atzo, Bakegileen ekimenez.
Zigorrak Ezartzeko Dei Auzitegiak bihar zortzi emango du euskal preso bati buruzko hurrengo ebazpena, hilaren 21ean: Zigor Garro libre utzi edo ez jakinaraziko du. Datorren urteko udaberrian izango du Garrok kondenaren bukaera, eta, aske uzteko eskea onartuz gero, Frantziak Hegoaldeko euskal preso bati emandako aurrenekoa izango da. 2006an atxilotu zuten, ETArekin zerikusia zuela egotzita, eta iazko otsailetik Mont-de-Marsanen (Okzitania) dago preso. Alaitz Areitiok baldintzapean aske uzteko eskatua du, eta Hegoaldeko beste euskal preso batzuk ere hasi dira galdegiten. Gaur-gaurkoz, Garroz eta Areitioz gain, hamar preso daude bide bera jorratzeko moduan, bakoitza bere garaian, printzipioz Espainiako Estatuan ez dutelako auzibiderik edota haien akusazioak jadanik epaituak daudelako Frantzian. Kontseilu Konstituzionalak duela bi hilabete emandako ebazpen baten ondorioz sortu zaie baldintzapean aske uzteko eskatzeko aukera Hegoaldeko euskal presoei.
Urrutikoetxearena, gaur
Frantziako Dei Auzitegiko Instrukzio aretoan gaur (14:00) hasiko dira aztertzen Josu Urrutikoetxea euskal presoaren aurkaEspainiako Estatuak egindako eskaerak. Horietako bi euroaginduak dira: gizateriaren aurkako krimenak (Madrilgo Barajasko bi hilketak, 2006) eta herriko tabernen auzia. Estradizioak: Luis Hergueta Gasteizko Michelin enpresako zuzendaritzako kidearen hilketa (1980) eta Guardia Zibilaren Zaragozako (Espainia) kuarteleko erasoko (1987) 11 hilketak.
Ez da segurua estradizioak jorratuko dituzten gaur —Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsa abokatuek hala nahi dute—, eta, ezin baldin bada, defentsak estradizio auzietako lehen ondorioen berri emateko asmoa ere badu. 1980ko eta 1987ko kasuak euroagindua 1993an indarrean jarri aurrekoak izateagatik eskatu du Espainiako Gobernuak estradizioa. Euroaginduak, teknikoki dagokion bezala, Auzitegi Nazionalak galdegin ditu.
Fiskalaren traba berriz ere
Epaileak Fernandez Iradi eria askatzearen alde egin du, baina prokuradoreak helegitea ezarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu