Fiskalaren eskaria onartuta, 'CAN auzia' berriz ireki du Velascok

Udef delitu ekonomikoen poliziari Nafarroako Kutxako kontseilarien ondarea ikertzeko txostena bidaltzeko eskatu dio.Espainiako Bankuko teknikariak deklaratzera deitu ditu

joxerra senar
Iruñea
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bat, bi eta hiru. Itxi eta irekitzen den auzia bihurtu da Banca Civica taldearen eta Nafarroako Kutxako inbertsioen inguruko ikerketa Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegiko epailearentzat. Abuztuaren hasieran, Velascok amaitutzat eman zuen auzia, nahiz eta hark hilabete batzuk lehenago delitu ekonomikoen ikerketarako Udef unitateari eskatutako txosten bat oraindik ez jaso. Hain justu ere, horregatik epaiaren aurkako erreforma errekurtsoa aurkeztu zuen fiskalak. Haren aburuz, Nafarroa Kutxako kontseilariek egindako gestioa «erakundearen onurarako edo ondare pertsonalaren mesederako egin zuten» ez zuen argitu Eloy Velascok. Epaileak helegite hori onartzea erabaki du, eta, hortaz, auzia hirugarrenez irekiko da.

Abuztuan auzia ixteko helduleku bakarra Espainiako Bankuak egindako txostena izan zen. Espainiako Bankuko bi teknikarik,Dino Lopezek eta Jose Luis Albasanzek, Nafarroako Kutxarekin erlazionatutako hainbat gai polemiko aztertu zituzten —bulegoen zabaltzea; Auna, Anca Corporate, Guascor, Oesia, Ikusi enpresetan egindako inbertsioak; langileen erretiroak, eta higiezin negozioak—, baina ez zuten irregulartasunik atzeman. Iritzi horretan oinarritu zen Velasco auzia ixteko.

Fiskala oso kritiko azaldu zen epaileak hartutako erabakiarekin, eta auzia «goizegi» ixtea egotzi zion. Haren esanetan, Espainiako Bankuaren txosten hori «ez zen berretsi inongo agintaritza judizialen aurrean, eta ez zituen aintzat hartu instrukzioko seigarren epaitegi honek eskatutako auzi guztiak». Fiskalak bere errekurtsoan planteatzen du Espainiako Bankuaren txostena teknikoki konplexua dela, eta alde guztiek aztertu ostean bere ondorioak egiaztatu behar direla deritzo.

Hartara, Dino Lopez eta Jose Luis Albasanz deklaratzera deitzeko eskatu dio Velascori, eta hark onartu egin du. Urriaren 8an, 12:00etan joan beharko dira fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzutera. Fiskalak bere errekurtsoan aipatzen zuen txostenaren hainbat pasarteri buruz itaundu nahi dituela Espainiako Bankuko teknikariak. Azterketa horren ondorio nagusia izan zen ezein kasutan ez zela irregulartasunik egon.

Velascok abenduan eskatu zion Udef polizia unitateari Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusiaren eta Miguel Sanz CANeko presidente ohiaren ondarea ikertzeko, eta, ondoren, 2005etik aurrezki kutxako administrazio kontseiluan izandako 18 kiderengana zabaldu zuen ikerketa. Horien artean daude, besteak beste, Alvaro Miranda, Juan Luis Sanchez Muniain, Roberto Jimenez, Jose Antonio Asiain eta Ricardo Marti Fluxa. Udefek, ordea, ez du oraindik txostena igorri, eta fiskalak edukia ezagutu gabe auzia ixtea kritikatu zion Velascori. Kexua onartu du epaileak, eta Udefi ahalik eta azkarrena bidaltzeko eskatu dio.

Fiskalak bere errekurtsoan aipatzen zuen azkenean auziaren funtsa dela argitzea ikertutako operazioek Nafarroako Kutxaren eta Banca Civicaren kaudimenean eraginik izan al zuten eta krisi urteetan erakundeok jasandako balorazio galera handiaren arrazoietako bat izan al ziren. «Funtsean, argitu behar da ea hirugarren erakunde batek kaudimena sendotzeko jarritako dirua erakundearen mesedetan egin zen edo ondare pertsonalen mesedetan eta ondorioz erakundearen kaltetan. Uneko egoera ekonomikoaren arabera egindako gestio baten eta interes propioen mesedetan egindako gestio iruzurti baten artean bereizi behar da». Horretarako, Udef unitatearen txostena behar dela deritzo, baita Espainiako Bankuaren txostenaren gaineko azterketa zabalago bat ere.

Akusatuen iritzia

Fiskalaren iritziaren aurka idatzi zuten Enrique Goñi, Miguel Sanz eta Jose Antonio Asiainen defentsek. Goñiren irudiko, «etsigarria» da fiskalak erabilitako «argudio falta». Goñiren esanetan, hiru urteotan «salaketa alderdikoietatik abiatuta» CAN auzian «ezereza» ikertu da. Haren irudiko, Espainiako Bankuaren txostena irmoa izanagatik akusazioa hauspotzeko balio izan du: «Akusazioak kikildu ordez, ikerketaren helburua zabaltzeko balio izan du, eta salaketan sartuta ez zeuden gauzak gaineratu dira». Goñik aipatu duenez, Kontuz elkarteak egindako «azpijokoak asmo politikoa izan du, eta arrakasta agerikoa da, hori aitortu beharra dago». Sanzek eta Asiainek antzeko arrazoiak erabili dituzte.

Goñik aipatutako ikerketa gehigarria kontseilariek erabilitako kreditu txartelen ingurukoa da. Fiskalak aipatu du informazio hori epaileak esku artean duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.