Fiskalaren arabera, Cabezudoren «uztarripean» zeuden modeloak

Argazkilariaren aurkako frogak «sendoak» direla azaldu du. Esan du sententziak «gutxienean» bere eskariak aintzatetsi behar dituela, eta harago jo beharko litzatekeela, «kontserbadorea» izan baita

Cabezudo atzo auzitegira eraman zuen ibilgailua. JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Azken txanpan sartu da Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako epaiketa. Amaierako ondorioak aurkeztu zituen atzo fiskalak; gaur akusazio partikularraren txanda izango da, eta bihar defentsarena. Akusatuak hitza hartzeko era izango du biharko saioan, eta horrekin amaituko da epaiketa. Fiskalak «250 urte inguruko» zigor eskaria egingo duela esan zuen orain dela bi aste, eta atzo berretsi zuen espero duela «gutxienean» berak egindako eskea jasotzea sententzian. Azaldu zuen, hala ere, «kontserbadorea» izan dela, eta ez lukeela gaizki ikusiko akusazio partikularraren eskeak aintzat hartzea ere. Akusatuari leporatu zion «gezurra» besterik ez esatea auzibide osoan, eta haren kontrako frogak sendoak direla ere esan zuen. Modeloak, egiten zizkien argazkiak bitarteko, horien erabilera zitalaren «uztarripean» zituela uste du. Hamazazpi andrek jarritako salaketak aztertu dituzte epaiketan.

Akusatua zigortzeko «ebidentzia askotarikoak» aletu zituen atzo fiskalak. «Akusatuaren deklarazioa bera dugu, lekukoek eman dituzten frogak oso sendoak izan dira, eta perituek eman dituztenak, suntsigarriak». Aldiz, defentsak akusatuaren alde erabili dituen argudioak «funtsik gabeak» izan direla uste du.

Epaiketan akusatuaren gaineko zigor eskariak handituta heldu dira azken saioak. Hilaren 5ean jakin zen fiskalak zigor eskea gogortzea erabaki zuela: 121 urteko eskearen ordez «250 urte inguru» eskatu zituen, argudiatuta delitu gehiagoren berri izan zuela epaiketan. Atzo, besteak beste, argudiatu zuen ez dagoela motiborik Cabezudok egindako delituak «preskribatuta» daudela esateko, eta «pornografia» ez ezik, «haurrekin egindako pornografia» ere sortu zuela. Akusazio partikularrak ere handitu egin du akusatuaren aurkako zigor eskaera epaiketa hasi zenetik: 2.627 urte eskatzen ditu orain; hasieran baino 239 gehiago, hain justu ere.

«Hertsatu» egiten zituen

Cabezudok modeloak «hertsatu» egiten zituela esan zuen fiskalak atzo, eta «patroi bera» erabiltzen zuela beti haien kontra egiteko. Haiei egindako argazkiak erabiltzeko moduarekin «mehatxatzen» zituen. «Ezkutuan egindako mehatxuak» izaten ziren askotan, baina ataka zailera eraman zituen emakume asko. Fiskalak adierazi zuen Donostiaren moduko hiri batean erraza dela denek «elkar ezagutzea», eta akusatuak erabili egiten zuela modeloek horren eraginez senti zezaketen ezinegona.

«Jokatzeko era bera izaten zen beti. Zera esaten zien: 'Nik erakustea nahi ez duzun materiala dut, eta nik nahi dudana egingo duzu'», azaldu zuen fiskalak. Nabarmendu egin zuen hainbat modelori eragin dien pairamena: «Emakumeak beldurtuta egon dira... Areago, Gipuzkoatik atera dira hainbat, ez zitzaten ezagut, edota jendeak ezagutuko ez dituen lan arloetara jo dute». Gogoratu zuen emakumeetako batek esan zuela «guztiz mendean» hartua zuela argazkilariak.

Argi du iruzurra eta intimitatearen aurkako ekintzak daudela Cabezudoren portaeraren atzean. «Izan ere, argazkiak zertarako eta nola erabiliko diren zehatz esan behar da». Beti: «Erabiltzen diren bakoitzean». Halakoetan adierazpen «generikoek» ez dute deusetarako balio, eta saihestu egin behar dira. Azaldu zuen, baita ere, modelo jakin batzuekin izaten zuela portaera hori argazkilariak; «nerabeak edo neska oso gazteak» izaten ziren, eta «pixkanaka», era sotilean gehienetan, «azpiratu» egiten zituen, irteten zail zen «kiribil» batean sartu arte. Argazkilariak berak deklaratu zuenean, estudioan «orkestra zuzendaria» zela esan zuen, gidatu besterik ez zuela egiten nesken kameren aurreko portaera, baina jokatzeko era horren okerra gordin azaldu zuen atzo fiskalak.

Biktimek hedabideetan-eta lekukotasunak eman dituztenean ere agerian geratu da jokatzeko «patroi» hori; moda argazkiak-eta egiten hasten zitzaien, haien konfiantza irabazten zuen, eta apurka-apurka erotismora eta pornografiara bultzatzen zituen. Ondoren «izutu» egiten zituen argazki horien zabalkundearekin. Abusuak eta sexu erasoak ere egin zizkien hainbati. Kontuan hartu behar da akusatua argazkilari ezaguna zela eta emakume gazte askok, baita haien familiek ere usu, uste zutela haren estudioko lana «sarbidea» izan zitekeela modelo lanetan hasteko.

Pornografia adingabeekin

Aparteko ahalegina egin zuen fiskalak atzo akusatuak «adingabeekin egindako pornografia» egin zuela adierazteko. Cabezudok berak argudiatu zuen beti «baimena» izaten zuela egiten zituen argazki guztiak egiteko, eta adingabeekin aritzean gurasoek ere onesten zituztela; fiskalak argi du, ordea, baimena «esanahirik gabea» dela guztiz tartean adingabeak daudenean. «Umeekin egindako pornografian, baimena guztiz hutsala da; adingabeek ezin dute deus baimendu», esan zuen, «adingabeak ezin dira ukitu». Gogora ekarri zuen, gainera, kasu guztietan adin tarte handia zegoela biktimen eta akusatuaren artean, eta akusatuak moda munduan zuen itzala ere aintzat hartu behar dela, era horretan erakartzen baitzituen biktimak.

Akusatuak epaiketan hitza hartzeko era izan zuenean, esan zuen ez zuela inoiz pornografiarik egin. Fiskalak, ordea, atzo adierazi zuen ikusi dituzten argazki asko kontuan hartuta ez dagoela inolako dudarik: «Material pornografikoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.