Epaiketa

Fiskalak «terrorismoa» leporatu die Barbadori eta Zelaiari

Bukatu da Auzitegi Nazionalean bi gazteen kontra egindako epaiketa. Fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diezaietela berretsi du ondorioen berri ematean

Epaiketa salatzeko Gasteizen atzo egindako manifestazioa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2021eko urtarrilaren 22a
16:34
Entzun

Auzitegi Nazionalean, Madrilen, Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren aurka egindako epaiketa bukatu da, eta auzitegiko fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri diezaietela berretsi du, ondorioen berri ematerakoan. Haren esanetan, «helburu terrorista» zuten «armen eta lehergailuen biltegi bat» zuten. Fiskalak ez du egiaztatu, ordea, zein «erakunde terroristako» kideak diren. Defentsek adierazi dute ezin izan dela egiaztatu egozten zaien delituen «kutsu terrorista», eta absoluzioa eskatu dute.

2018ko otsailean atxilotu zituzten, Duran (Araba), «armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea» leporatuta. Barbadok epaiketaren lehen egunean, herenegun, aitortu zuen ezker abertzaleko «militantea» dela, eta mugimenduak egun duen estrategiarekin «bat egiten» duela. Halere, atxiloketaren zergatia ukatu, eta erantsi zuen bere etxean soilik «militantzia politikoarekin lotutako materiala» aurkitu zutela. Ertzain bat izan zen herenegungo saioan testigu, eta gazteak esandakoa berretsi zuen: kartel bat eta eranskailu bat aurkeztu zituen froga gisa. Zelaiaren kasuan, azaldu zuen Ertzaintzak konfiskatutako materiala Hatortxu Rock jaialdian txanda bat egiteko erabili zuela, eta haren bertsioa baieztatu zuen lekuko batek.

Fiskala Altsasuko auzian aritutako berbera da: Jose Perals. Epailea ere aski ezaguna da: Angela Murillo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.