Fisikako Nobel saria, zulo beltzei buruzko aurkikuntzak egin dituzten hiru ikerlariri

Roger Penrose, Reinhard Genzel eta Andrea Ghez dira sarituak.

Hiru sarituak: Penrose, Ghez eta Genzel. EFE
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 6a
13:48
Entzun

Roger Penrose britainiarrak (1931) Reinhard Genzel alemaniarrak (1952) eta Andrea Ghez estatubatuarrak (1965) jasoko dute aurtengo Fisikako Nobel saria. Sariaren antolatzaile Suediako Zientzien Errege Akademiak jakinarazi duenez, Penrosek jasoko du sariaren erdia, zulo beltzen eraketa erlatibitatearen teoria orokorraren «iragarpen sendoa» dela aurkitzeagatik. Beste bi ikerlariek sariaren beste erdia konpartituko dute, «gure galaxiaren erdian» objektu trinko «ezin masiboago bat», zulo beltz bat, aurkitzeagatik.

Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 960.000 bat euro. Hau da, kopuru horren erdia jasoko du Penrosek, eta beste erdia Genzelen eta Ghezen artean banatuko dute. Sari banaketa abenduaren 10ean da egitekoa, Stockholmen (Suedia).

Suediako hiriburuan gaur egindako ekitaldian akademiaren idazkariak nabarmendu duenez, 2020ko Fisikako Nobel sariak zerikusia du «unibertsoaren sekretu ilunenekin». Haren arabera, Penrosek «metodo zientifiko burutsuak» asmatu zituen, Albert Einsteinek duela ehun urte baino gehiago formulatutako erlatibitatearen teoria orokorrean «sakontzeko». Eta akademiaren ustez, sarituak frogatu du teoria horrek zulo beltzen eraketa bultzatzen duela: «Espazio-denborako munstro horiek, haietan sartzen den guztia harrapatzen dutenak».

Eta, hain zuzen, zulo beltzen ezagutzaren garrantzia nabarmendu du Ghez zientzialariak, telematikoki egindako agerraldian. «Unibertsoko eraikuntza bloke ezinbestekoak dira». Kazetarien galderei erantzunez esan du oraindik ez dakitela zer dagoen horien barruan. «Intriga horrek berak bultzatzen gaitu fisikaren mundua ulertzeko ahaleginean».

Laugarren emakumezkoa

1901ean hasi ziren Fisikako Nobel saria ematen, eta Ghez da hori irabazten duen laugarren emakumezkoa, Marie Curieren (1903), Maria Goeppert-Mayerren (1963) eta Donna Stricklanden (2018) ondoren. «Espero dut hau beste emakumezko batzuentzat inspiragarria izatea, eremu honetan sar daitezen», adierazi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.