Sara Ibañez. Koke plantaren aurkako plataformako kidea

«Findegia ez da tokiko arazoa: EAEko industria kutsagarriena da»

Petronorrek Muskizen duen findegitik ke hodei handiak atera ziren joan den astean. Enpresak adierazi zuen segurtasun sistemak «bikain» funtzionatu zuela, baina plataformako kideak ez daude ados.

MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
«Horma baten aurka» borrokatzearen irudipena dauka Sara Ibañezek (Muskiz, Bizkaia, 1955).Muskizko Koke plantaren aurkako plataforman bozeramaile lanetan dihardu. Petronorrek planta hura eraikitzeko asmoen berri eman zuenean sortu zuten elkartea, 2007an. Azkenean 2013. urtean eraiki zuen, baina plataformako kideek ez dute etsi, eta bertako findegian ere aldian-aldian gertatzen diren istripuak salatzen jarraitzen dute. Hainbat esparrutan lanean segitzen dute: Muskizen 40 urte daramatzan enpresaren jarduera kontrola dadin.

Joan den astean ke hodei beltza atera zen findegiko hiru erregailutatik. Zer azalpen eman dizuete?

Enpresaren arabera, Ortuellako [Bizkaia] azpiestazioan Iberdrolaren mozketa bat izan zen, eta argirik gabe egon ziren hamabost minutuz. Findegi batean halakorik gertatzen denean, barruan daukaten material guztia bota behar dute erregailuetatik. Hala, gero esaten dute ongi funtzionatzen dutela, dena botatzen dutelako. Baina ez badute dena erregailuetatik botatzen, eztanda egingo luke, noski.

Enpresak dio segurtasun sistemak «bikain» funtzionatu zuela.

Noski, funtzionatu bai, baina hori guztia bota ondoren. Zenbait linea elektriko dituen findegi batean, ez da batere segurua linea batek huts egiteagatik hainbeste gauza bota behar izatea erregailutik. Ez da normala egoera horretara heldu behar izatea. Segurtasunak ez zuen funtzionatu; segurtasuna da argirik gabe geratuz gero alternatiba bat izatea, halakorik ez gertatzeko. Herritarrak ikaratuta zeuden, ez zekiten barruan zer gertatzen zen, ez zekiten leihoak itxi behar zituzten... Jendeak 112ra deitzen zuen, eta 112an inoiz ez dakite ezer.

Orduan, maiz gertatzen al zaizue?

Nik 25 urte daramatzat Muskizen bizitzen, eta sute larri bat eta eztanda bat bizi izan ditut. Eta aurreko egunekoa ere oso larria izan zen. Baina maiatzaren 26an ere izan zen hutsegite elektriko bat: hiru erregailuak izan beharrean, bakarra izan zen. Orduan ere hutsegite elektriko bat izan zela esan zuten. Alegia, duela bi hilabete erregailu bati eragin zion akats elektriko bat izan zuten, eta orain hiruri eragin die. Haiek diote 40 urtean lehen aldia dela hori gertatzen dena. Nola da posible? Justu duela bi hilabete erregailu bati eragin dion akats bat izan zuten. Ez ziren hiru izan, baina bai bat. Zenbatzeko modu bitxi hori izaten du normalean enpresak.

Administrazio arloan hainbat salaketa aurkeztu dituzue. Arrakastarik izan al dute?

Bakarra atera zen aurrera. Petronorri isun txiki bat jarri zioten—20.000 euro baino gutxiagokoa, uste dut—, gorabehera batez ohartarazteko denbora gehiegi hartu zutelako. Arazoak daudenean, ia beti patroi bera errepikatzen da: gorabehera bat izaten da, eta herritarrek 112ra deitzen dute; dei horietatik aurrera, batzuetan, administrazioak teknikari bat bidaltzen du. Eta orduan, enpresak txostena igortzen du. Gorabeherak izaten direnean, beti, herritarrak izaten dira horren berri ematen lehenak.

Koke plantaren aurkako plataforma 2007an eratu zenuten, egitasmo haren aurka borrokatzeko. 2013an eraiki zuten azkenean planta hori.

Bai, baina guk borrokan jarraitzen dugu. Gorabeherak behin eta berriro gertatzen dira. Orain arte egin dugun ia lan guztia administrazioaren aurka izan da. Administrazioari presio egin diogu, findegian behar bezalako kontrola ezar dezan. Horrez gain, urte hauetan borroka egin dugu kutsadura erregistratuko duen kalitate kabinak jar ditzaten. Denek ez dute jasotzen jaso behar den guztia. Adibidez, joan den astean, Las Carreraseko kabinak ez zuen ezer erregistratu egun osoan zehar —edo ez zuten jakitera eman, behintzat—, eta hura da huts egindako hiru erregailuetako bitatik gertuen dagoena. Airearen kalitatearen inguruko datuak Eusko Jaurlaritzaren web-orrian argitaratzen dira, kabinen arabera. Eta kabina horiena, zehazki, ez zen agertzen. Oso ohikoa izaten da, gorabehera bat dagoenean, erregistroan hutsegite bat izatea, edo ez argitaratzea, edo ikusi ahal ez izatea.

Ez dute fidagarritasun handirik, orduan?

Mezu guztietan diote airearen kalitatea ona dela, eta ez da hala. Ondoan egonda nabaritzen da sekulako kiratsa dagoela; arazoak izandako goizean ere, petrolio, gas eta bestelakoen usain gogorra zegoen. Eta kabinek ez dute hori jasotzen, edo gaizki jasotzen dute. Arazoa da kabina bakoitzak parametro desberdinak jasotzen dituela, eta ez dituztela jasotzen erregistratu behar diren datu guztiak. Urteak daramatzagu konposatu organiko lurrunkorrak erregistra daitezen borrokan. Apurka aurrera goaz; kabina batzuetan jarri dute. Muskizko San Julianeko kabina findegiak berak jarri zuen, ingurumen baimenak aginduta. Baina haiek jarri zuten, eta haiek jasotzen dituzte emaitzak Jaurlaritzari bidaltzeko. Berak kudeatzen du kabina hori, auzo kaltetuenean. Edonola ere, erregistroa bakarrik ez da nahikoa. Airearen kalitatearen beste arazo bat legedia da: oso motz geratzen da, gauza batzuk bakarrik baloratzen dituelako. Konposatu organiko lurrunkorrak oso kantzerigenoak dira, eta legeak ez die batere mugarik ezartzen. Jaurlaritzak hori mugatzea nahi dugu.

Momentuz ez duzue ezer lortu arlo horretan, ordea.

Ez, ia eguneroko borroka bat da hori. Gauza bat dira noizbehinka findegian gertatzen diren arazoak eta oso ikusgarriak direnak, baina okerrena eguneroko kutsadura da. Egunero igortzen dituzten produktuak oso arriskutsuak diraepe ertain eta luzera, minbiziaren arriskua areagotzeko eta bestelako kontuetarako.

Erakunde publikoetara jo duzue?

Bai, helburu batekin. Alde guztiak egongo diren jarraipen batzorde bat eratzea nahi dugu, findegiaren jarduera kontrolatuko duena: Eusko Jaurlaritza, Osasun Ministerioa, Ingurumen Ministerioa, enpresa, alderdi politikoak eta gu. Azken aukera duela gutxi izan da, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta gero Eusko Jaurlaritzan. EH Bilduk eta Ahal Dugu-k batzar nagusietan proposamen bat aurkeztu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk beste bat. EAJ eta PSE-EErenean ez zen agertzen guk parte har genezakeenik. Eta hori atera zen aurrera, legebiltzarrean bezala. Baztertu egin gaituzte.

Eta arlo juridikoan?

Epaiketa askotan izan gara. Orain beste etapa bat hasiko dugu: Europako Batasunera itzuliko gara. 2008an kexa bat aurkeztu genuen Europan, baina erantzun ziguten lehenbizi bide legal guztiak agortu behar ditugula Espainiako estatuan, gero hara jotzeko. Badirudi tokiko arazoa dela, eta ez da horrela. Orain EAEn dagoen industria kutsagarriena da, berotegi efektuko gas gehien isurtzen dituena. Eta hamabost kilometroko distantzian daude Bizkaiko biztanleen %90. EH Bilduren laguntza izan dugu: Dani Maeztuk dezente lan egin du Eusko Legebiltzarrean, baina zaila da, botere nahikorik ez dutelako. Batzar Nagusietan, Ahal Dugu-k ere gure alde egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.