Arantza Fernandez de Garaialde. EILASeko kidea

«Finantzaketan haustura dago eragileen artean; eztabaidatu beharra dag0»

Gaur eta bihar, X. kongresua egingo du EILAS irakaskuntzako sindikatuak. Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformaz eta murrizketez ez ezik, eragileen arteko batasunaz ere jardungo dira.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2014ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Irakaskuntzara itzultzekoa da Arantza Fernandez de Garaialde (Bilbo, 1960), EILASeko Nazio Batzorde Iraunkorra utziko baitu asteburuan, sindikatuaren X. Biltzarrean. Gehiengo sozialarekin leloa hautatu dute: «Egoera benetan larria da ikuspuntu ekonomikotik eta politikotik: pobrezia hedatzen ari da, krisi ekologiko ikaragarria dugu, eta demokrazia falta gero eta nabariagoa da. Horri buelta emateko, indar metaketa handia behar dugu».

Irakaskuntza sindikatua izateak zuen jarduna zailtzen al du?

Ez dakigu. Gainerako sindikatuekin gauza komunak ditugu. Guretzat garrantzitsua da ikuspuntu soziopolitiko zabala ez galtzea, hau da, ez pentsatzea hezkuntzako langileok beste sektoreekin zerikusirik ez duen kolektiboa osatzen dugula. Gure arloa hezkuntza da, baina hor jendartearen onura kontuan hartu behar dugu.

Azken biltzarretik, lau urteotan, nola aldatu da hezkuntza esparrua?

Sare publikoan murrizketa larriak egon dira —batzuk aurretik zetozen—, batez ere Nafarroan, eta mobilizazio handiak egin ditugu. Sare pribatuan ere greba egin dugu lehenbizikoz urteetan. Horrez gain, umeen pobrezia handitu egin da, haurrentzako zerbitzuetan agerikoa denez: 2012-13ko ikasturtean, lehen aldiz jaitsi zen ikastetxe publikoetako jantokietan bazkaltzen zutenen kopurua. Batzuek langabeziari egozten diote, gurasoek nahiago dutelakoan seme-alabek etxean bazkaltzea, baina guk uste dugu ezin ordaintzearen ondorio dela: beketatik kanpo geratzen direnek ere zailtasunak dituzte. 0-2 urteko tartean, antzera: gune batzuetan Haurreskolak partzuergoak hutsik ditu hainbat toki, prezioagatik. Hori bereziki kaltegarria da emakumeentzat, gure gizarte antolakuntzan amek hartzen dituztelako ardura horiek.

LOMCE legea ere heldu da...

Legea oso txarra da, baina gauza on bat ekarri du: hezkuntzaren inguruko hausnarketa bultzatu du, eta, tartean, hemen dugun sistemari buruzkoa ere bai. EAEn, Europako sare publiko txikienetakoa daukagu, itunpeko ikastetxeek %50 dutelako. Gure ustez, hori txarra da. Sare publikoa sistema osoaren ardatz bihurtzen ez badugu, sare pribatuaren subsidiario gisa geratuko da, gero eta txikiago, eta garestiago: zenbat eta ikasle gutxiago izan, ehuneko handiagoa osatuko dute arazoak dituztenek. Itunpeko sarea %10 balitz, elitea jasoko luke; %50 izanik, ikasleen erdiak jasotzen ditu, baina erdi horietan ez daude maila sozioekonomiko eskasena dutenak. Ez ditu jasotzen bekadunen erdiak, edo behar bereziak dituztenen erdiak, edo etorkinen erdiak; horiek sare publikoan daude.

Orduan, itunpeko eskolak publiko bihurtzea proposatuko zenukete?

Urratsak egitea, bai. Bestela, itunpeko patronalen aldarrikapenek ez dute irtenbiderik: publikoari emandako diru laguntza bera eskatzen dute, baina arazo ekonomikoak badituzte, zergatik tematzen dira ikastetxeak eurenak izatearekin? Zerbitzu publikoa badira, zergatik ez dira publikoak? Diru publikoarekin funtzionatzen badute, zergatik aukeratzen dituzte ikasleak, edo kudeatzen dituzte zentroak, edo dauzkate eragin esparru desberdinak?

Kristau Eskolako lan gatazkaren harira, patronal horrek esana du bere zentroen %15 soilik direla bideragarriak. Irakasleei zor diena ordainduz gero proiektua kolokan legokeela jakinda, sindikatuok birplanteatu al duzue zuen posizioa?

Haien proiektua ez da langileon proiektua. Lan hitzarmen bat sinatu dute, eta diru iturri batean hutsunea dutelako esaten dute ezin dituztela soldatak ordaindu; ezin badute ituna bete, ez dezatela sinatu. Ikastetxeek diru iturri asko dituzte: sinetsi egin behar dugu benetan kolokan daudela?

Eragileen artean finantzaketaren gaiak eragiten al ditu desadostasun handienak?

Eragile batzuen artean, bai. Beste esparruetan dugun adostasunarekin alderatuta, finantzaketaren gaian bada haustura bat; eztabaidatu beharreko gaia da. Hezkuntzan diskurtso orokorra dugu zerbitzu publikoen alde, pribatizazioaren eta merkantilizazioaren kontra, baina praktikan arazoak ditugu. Ez gara eztabaidatzen ari bikaintasunaz, ikastetxe hau beste hura baino hobea den, baizik eta nolako hezkuntza sistema nahi dugun, eta zein politika publiko, kohesio sozialari eta guztien eskubideen errespetuari begira. Eta pentsatzen dugu sare publikoaren presentzia txikiak ghettoak sortzea errazten duela: ikasleen emaitza akademikoetan, jatorri sozioekonomikoa eragile esanguratsua da oraindik ere; beraz, arazo larriak dituztenak bakarrik uzten baditugu, espektatibak galduko dituzte.

Eusko Jaurlaritza Heziberri 2020 planaren barruan lantzen ari den euskal hezkuntzaren legeak hori arautu behar luke?

Gaiak nonbait egon behar du, baina agian legea ez da ezinbestekoa, edo ez soilik legea: eskola mapan, planifikazioan, esparru pedagogikoan eta abarretan ere egon behar du. Heziberrin horren inguruko inolako aipamenik ez egiteak kezkatzen gaitu. Dena den, Heziberriren inguruan batik bat salatzen ari gara sindikatuak kanpo utzi izana: oso larria deritzogu ez hitz egitea 40.000 langileren ordezkariekin.

LOMCEri aurre egiteko tresna gisa ere planteatu du Jaurlaritzak Heziberri. Ados zaudete?

Epelkeria leporatzen diogu, batzuetan baietz esaten duelako eta besteetan, ezetz. Uste dugu administrazio batek gogorrago egin dezakeela nahi ez duen lege baten aurka, maila juridikoan zein diskurtsoan. Lehenago edo geroago, LOMCErekin talka egingo du administrazio honek, bestelako zerbait aurrera atera nahi baldin badu; antzeko zerbait onartu nahi badu, ez du talkarik egingo. Eta ez dakigu haren jokoa denbora pasatzen uztea ote den, Madrilgo gobernua aldatuko delakoan, baina arriskutsua iruditzen zaigu. Guk izan behar dugu ekimena, eta proiektuak garatu.

Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! plataformaren barruan, LOMCEri aurre egiteko, desobedientzia proposatu duzue. Egingarria al da?

Egin daiteke, indar nahikoa metatuz gero. Horretarako, lan handia egin behar dugu, zuhurtziaz jokatu, eta elkarri babesa eman. Datorren ikasturtean, lehen hezkuntzako hirugarren mailan egin behar dute LOMCEren azterketa, eta ez du ondoriorik, ez gainditzeak ez baitu oztopatuko ikasleek jarraitzea; hortaz, ausartuko bagina ez egitera? Demagun gurasoen %100ek onartzen dutela: amaitu da arazoa. %100era iritsiko gara? Ez dut uste. Ikastetxe bakarrak uko egiten badio ere ez genuke aurrera aterako, zentro hori ez markatzeko. Baina saia gaitezke bideak topatzen. Ikastetxeetan indarrak biltzea ez da zaila; oso bizirik daude, eta lankidetza handia dago. LOMCE oso lege bortitza da, baina oso biribila ere bai: inposizioa gauzatzeko eta egiaztatzeko pentsatuta dago. Baina, horretarako, jende asko behar da, eta hemen gehienak ez gaude alde.

Nafarroan ere bai?

EAEn baino panorama zailagoa dugu, gobernua tematuta dagoelako eta urratsak egin dituelako. Baina eragile, langile eta guraso asko aurka daude. Beraz, Nafarroan dugu egitasmo hauek martxan jartzeko premia handiena.

Nahikoa indar metaketarik ba al dago? Eragile guztiak ez daude plataforman, eta Ikastolen Elkartea ateratzea hausnartzen ari da.

Egia da prozesuaren amaieran oker tekniko bat egon zela, baina oraindik ez dugu ulertzen zer gertatu den azken kolpe hori emateko. Halere, ikusteko dago haustura horrek zein eragin izango duen lan praktikoetan. Batetik, Ikastolen Elkarteak, LOMCEren aurka egonda, ez ditu bere ikastetxeetan hainbat gauza inposatuko. Eta, bestetik, plataforman ez daudenekin ere gauza asko partekatzen ditugu: elkarrekin agerraldi publikoak egiteko baino gaitasun handiagoa izango dugu halako neurri praktikoak abiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.