Filipe Bidarti Euskal Herrira itzultzen ez uztea salatu du hautetsi talde batek

Epaileak Euskal Herrira itzultzeko baimena eman zion, baina, fiskalak galdeginik, maiatzean ikertuko dute eskaera

Bidartek jaso sostenguaren berri emateko, Filipe Aska plataformak atzo egin zuen prentsaurrekoa. J. MANTEROLA / ARP.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Hautetsi talde batek du gaitzetsi Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko kide eta preso ohiari Euskal Herrira itzultzea berriro ere ukatu izana. Nahiz eta martxoaren 29an epaileak herrira itzultzeko baimena eman zion, fiskalak berehala dei egin zuen baimena baliogabetzeko. AB, Batasuna eta EA alderdi abertzaleetako kideek ez ezik, ezkerreko NPAko, Europe Ecologie Berdeak taldeko, Alderdi Sozialistako zein zentroko hautetsiek ere diote elkartasuna erakutsi. Besteak beste, Frantxua Maitia eta Alice Leizagezahar eskualdeko kontseilariak, Jean-Jacques Lasserre senataria, Alain Iriart kontseilari nagusia eta Jean-Mixel Galant auzapeza dira tartean.

Guztiek dute azpimarratzen Euskal Herrian bake prozesu bat dela abiaturik, eta, horri begira, Bidarti sorterrira itzultzea debekatzea ez dela lagungarri. «Bide pozgarriak irekitzen hasiak dira Euskal Herrian, baldintza horietan ezin ulertua da Filipe Bidarti Euskal Herrian bizitzen ez uztea», Maitiaren arabera. Sostengu horien berri eman zuen Filipe Aska sostengu plataformak atzo, Baionan egin prentsaurrekoan. Bertan egon ziren ere hautetsiak eta giza eskubideen aldeko egituren ordezkariak. Christophe Desprez Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidenteak salatu zuen prokuradorearen erabakia ez doala bat Euskal Herrian dagoen aro politiko berriarekin: «Euskal Herrian prozesu demokratiko bat eraikitzen ari garen momentuan, halako erabakiek eta beste batzuek ere kezka handia sortzen digute».

Azkenaldian errepresioaren heina areagotuz doala salatu zuen sostengu plataformak. Besteak beste, Ion Kepa Parot preso politikoa baldintzapean aske uzteko eskaera berriro ere errefusatu izana salatu zuten. «Frantziako Gobernuaren tematze politika salatzen dugu, eta beste jokamolde bat exijitzen diogu berehala», Filipe Laskarai plataformako kidearen hitzetan. Horiek hala, euskal preso politikoei begira keinu batzuk egitea eskatu diote Parisi.

Dei auzia maiatzaren 15ean

Euskal Herrira itzultzeko eskaera maiatzaren 15ean ikertuko dute berriro Parisko auzitegian. Anartean, Bidartek Beziers (Frantzia) hirian segitu beharko du. Horrek «ondorio latzak» dauzkala dio Filipe Aramendi abokatuak. Hain zuzen, Baigorrira (Nafarroa Beherea) etorri beharra da eta lana aurkitu izanaz gain, formakuntza bat abiatu beharra zuen hilabete horretan. Formakuntza ezin izango du egin, eta horrela nahitara Bidarteren proiektuak blokeatzen ari direla salatu zuen Aramendik. «Kartzelatik ateraz geroztik, horrelako jokamolde tzar anitz jasan behar izan ditu», zioen Laskaraik. Besteak beste, baldintzapean aske geratzeko baldintzak gogortu zizkioten, eta Euskal Herrian bisitak egiteko baimenak aldi oro berantarekin ikertzen zizkioten.

1988an sartu zuten preso, eta hainbat aldiz baldintzapean aske uztea errefusatu ondoan, 2007an zuten kalera atera. Ordutik, Beziers hirian bizi da. Oraindik hogeita hiru hilabetez egon beharko du baldintzapean aske. «Urte luzetako jazarpen politikoa» bukatzeko eskatu zuten atzo Baionan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.