Filipe Bidart Iparretarrak erakundeko kide eta preso ohiak maiatzaren 29an jakinen du Baigorrira (Nafarroa Beherea) itzultzeko baimena baduen. Atzo aztertu zuten eskaera Parisko Dei Auzitegian. Nahiz eta martxoaren 29an epaileak herrira itzultzeko baimena eman, fiskalak berehala dei egin zuen baimena baliogabetzeko. Eskaera errefusatzea, «printzipiozko afera bat» dela zehaztu zuen atzo prokuradoreak. «Hori izan da bere argumentu bakarra, egiazko argumentu juridikorik ez du fiskalak», zioen bardaFilipe Aramendik, Bidarten abokatuak. Eskaera juridikoki aztertzea eskatu zion haatik Aramendik epaileari.
Maiatzaren 29an jakinen du Beziers hiria utzirik Euskal Herrira itzultzen ahalko den. Hemeretzi urtez preso egon ondoan, 2007an atera zen kalera. Ordutik, Beziers hirian bizi da. Oraindik hogeita bihilabetez egon beharko du baldintzapean aske. Prokuradorearen erabakia jakin bezain laster, «urte luzetako jazarpen politikoa» salatzeko prentsaurrekoa egin zuen Filipe Aska sostengu plataformak. Bertan egon ziren hautetsi andana bat eta giza eskubideen aldeko egituren ordezkariak ere. Bake prozesuari begira, Bidarti sorterrira itzultzea debekatzea ez dela lagungarri azpimarratu zuten.
Sostengu zabala
Batasuna, Abertzaleen Batasuna eta EA alderdi abertzaleetako kideek ez ezik, ezkerreko NPAko, Europe Ecologie Berdeak taldeko, Alderdi Sozialistako zein zentroko hautetsiek ere erakutsia diote elkartasuna. Besteak beste, Frantxua Maitia eta Alice Leizagezahar eskualdeko kontseilariak, Jean-Jacques Lasserre senataria, Alain Iriart kontseilari nagusia eta Jean-Mixel Galant auzapeza dira elkartasuna adierazi diotenen artean.
Filipe Bidarten herriratzea maiatzaren 29an argituko da
Eskaera aztertu du Dei Auzitegiak; Bidarten abokatuak dio fiskalak ez duela «egiazko argumentu juridikorik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu