Filipe Aramendik ez du salaketarik jarriko azaroaren 11ko pankartagatik

Lehen Mundu Gerlako oroitzarren harira Frantziak erailak zioen pankarta «iraingarritzat» jo zuen Urruñako auzapezak, eta soldaduak «askatasunaren defentsan» hil zirela erran zuen. Bere adierazpenekin desados agertu zen EH Bai.

Azaroaren 11n Urruñan agertu zen pankarta. HENRI LEVRERO
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko abenduaren 1a
20:35
Entzun

Filipe Aramendik ez du salaketarik jarriko azaroaren 11n Urruñan (Lapurdi) pankarta jarri zutenen kontra. Hala jakinarazi du Sud Ouest egunkariak. Aramendik esplikatu du herriko etxeko gehiengoko taldean hartu dutela erabakia, «gauzak lasaitzearren».

Lehen Mundu Gerraren armistizio eguna da azaroaren 11, eta besta eguna da Frantziako Estatuan: «Frantziaren alde hildakoak» omentzeko zeremoniak antolatu ohi dituzte herri zenbaitetan, gerlaren ondotik eraiki zituzten oroitarrietan. 1914-1918 Frantziak erailak zioen ezezagun batzuek ezarritako pankartak, euskaraz; frantsesez, berriz, Morts pour la Patrie (aberriaren alde hildakoak) esaldi famatuari aspalditik egin izan zaion desbideraketa: «pour la patrie» marratu eta «par la France» (Frantziaren eskuetan) agerrarazita.

«Iraingarritzat» jo zuen mezua Aramendik, eta salaketa jartzeko borondatea agertu zuen. «Bizitzeko eta pentsatzeko dugun askatasunaren defentsan bizia galdu zuten soldaduei begirako errespetu eta aitortza falta dira». EH Baik ohar bat atera zuen, eta jakinarazi zuen ez zuela bat egiten Aramendiren hitzekin. Historiaren ikuspegitik ere adierazpenak okerrak zirela erran zuten hainbat adituk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.