Ilargiaren argitan elkarri besarkatuta, itsasertzetik paseoan doa bikote bat. Halako deskribapen bat momentu erromantiko batekin lotuko dute askok ziurrenik, ikus-entzunezko fikzioan hamaika bider ikusi ahal izan baitira halako eszenak. Zinemak maitasuna nola irudikatu izan duen, horrek iruditeria kolektiboan eragina izan baitu, eta horregatik lotzen da ilargipeko paseoa momentu erromantiko batekin. Nerabeen artean ere eragin zuzena dauka fikzioan ikusten den maitasunaren errepresentazioak, baina, Irantzu Fernandez EHUko Antropologia Fakultateko irakaslearen arabera, gazteagoak direnean indar handiagoz eragin diezaieke: «Maitasunaz bizitza osoan ikasten dugu, bizipen propioetatik eta beste bide batzuetatik jasotzen ditugun mezuen bidez; nerabeek, bizitza laburragoa dutenez, esperientzia gutxiago dituzte, eta industria kulturalak eragin handiagoa dauka haiengan». Ikusten duten hori egin nahi izateko aukera handiagoa dagoela, alegia.
Nerabeen maitasun bizipenetan oinarritutako tesi bat aurkeztu zuen duela lau urte Fernandezek, eta, ikerketarako, elkarrizketak egin zituen Bilboko gaztetxo talde batekin. Horietan argi ikusi zuen fikziozko produktuek zenbaterainoko eragina izan dezaketen gazte horien heziketa sexual eta afektiboan: «Euren maitasun ideala zein zen galdetu nienean, pelikuletan ikusitako ereduetara jotzen zuten maiz». Elkarrizketa horiek egin zituen garaian 3 metros sobre el cielo filma modan zegoen gaztetxoen artean, eta, maiz, film horretako ereduak ematen zizkioten neskek. «Kontatu zidaten gustatuko litzaiekeela mutil bat ezagutu eta euren aitaren autoan mutilarekin zihoazela hark esatea itsusiak direla». Filmean antzeko eszena bat agertzen da, esaterako. Erreferentzia hori jaso zuten elkarrizketatutako neskek, eta idealizazio hori eurentzat nahi zuten.
Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak argitaratu berri duen txosten batek ohartarazi du pornografiaren kontsumoak eragina izan dezakeela nerabeen sexu heziketan; sexu esperientziak eskura dituzten baliabideetan bilatzen baitituzte, eta hori pornografia izan daiteke. Baina telesail edo filmetako edukiek ere badute eragina, beste maila batean bada ere: «Eredu heteronormatibo batzuen jarraipena dago, non gorputz batzuek eskubide gehiago dituzten beste batzuek baino. Azkenean, nik uste dut osagarri bat dela: pornoan bortitzago ikus daiteke indarkeria, baina fikzioan era sinbolikoago batean gerta daiteke indarkeria hori». Antropologoaren hitzetan, bi indarkeria mota horiek iturri edo helburu bera dute: «Botere harreman batzuk sortzen dituzte gizonen eta emakumeen artean, eta horrek eragina dauka bizitza errealean ere». Alegia, kate bateko katebegiak direla pornografia eta fikziozko gainerako produktuak.
Jasotzen duten mezua
Baina zein dira nerabeek ikusten dituzten film, telesail, eleberri, eta bestelako fikziozko produktuetatik hartzen dituzten mezuak? Fernandezek argi dio: «Orokorrean, gizartean gainontzekoan jasotzen den mezu nagusia: maitasunaren eredu normatiboa, genero identitateen ezberdinkerian oinarritzen dena, eta indarkeriarekin lotura daukan maitasuna». Azken batean, maitasun erromantikoa esaten zaionaren mezu nagusia jasotzen dutela dio. Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministak ere bide beretik jo du galdera horren erantzunean: «Izugarria iruditzen zait hazten ari den pertsona batek normaltzat hartzea pornografia komertzialean ikusten direnak; baina egia da, era berean, ikus-entzunezkoen historia guztian ari garela ikusten emakumeen aurkako indarkeria, maitasun erromantikoa deitzen zaionaren kontrola, edo zapalketa natural bihurtzea».
Horren lekuko dira gaur egun oraindik onarpen soziala daukaten filmak ugari. «Maitasunezkoak balira bezala gogoratzen ditugun film asko harreman toxikoetan oinarritzen dira, edo maitasun eszena batzuk bortxaketak dira bere horretan». Bernardo Bertolucci zinegilearen Last Tango in Paris filma ekarri du gogora, esaterako. Deigarria da kasu hori, Maria Schneider aktoreari abisurik eman gabe sexu eszena bat grabatu baitzuten Marlon Brandok eta Bertoluccik berak. Pretty Woman filma, bestalde, erromantizismoaren adibidetzat jarri ohi dela aipatu du Varelak, baina ematen den mezua gordinagoa dela dio: «Gizon protagonista kontrolatzailea da, putazalea, heldugabea, eta diruarekin dena eros dezakeela uste duena. Eta hori erromantikoa omen da! Bada, urte luzeetan hori barneratu dugu». 3 metros sobre el cielo filma eta Friends telesaila ere aipatu ditu, besteak beste.
Horietan guztietan helarazten diren mezuak oso argiak direla berretsi du kazetariak: maitasun erromantikoaren gorazarreaz gain, zapalkuntzaren eta bortxaketaren adibide ere badira. Dena den, ikus-entzunezko produktu horiek guztiak gizartearen beraren isla direla uste du. «Arrazakeriarekin, bortxaketarekin edo zapalkuntzarekin kontzientziatua dagoen gizarte batek, bestela, ez lituzke onartu ere egingo ideologia horiek erreproduzitzen dituzten produktuak; baina, horretarako, kontzientzia aldatu beharra dago».
Hutsunea betetzeko tresna
Eta aldaketa hori haurrak direnetik egin behar dela dio Itxaso Torregrosa sexologoak. Haurren eta gazteen sexu heziketa eskoletan lantzeko gida bat argitaratu zuen joan den urtean LAB sindikatuarekin batera, alor horretan gabezia handi bat dagoelakoan. «Sexu hezkuntza ahalik eta goizen eta ahalik eta pluralen egiten hasi behar dugu». Izan ere, sexualitateari buruz hitz egitea saihestuz gero, gaztetxoek euren bideetatik bilatuko dituzte erreferentziak. Eta eskura dituzten elementuekin egiten dute hori: «Heziketa haurrak direnetik hasi edo ez, pornografia eta filmak berdin-berdin kontsumituko dituzte, baina, praktika hori debekatu beharrean, aberasgarriagoa da hezkuntzari behar zaion garrantzia ematea». Hau da, mundua ulertzeko tresnak eskura eman behar zaizkiela uste du sexologoak: «Ezin dituzu haurrak mundutik bakartu: erakutsi behar diegu munduan ibiltzen, eta ikusten dutena iragazteko eta ulertzeko gakoak eman behar dizkiegu; ez baitugu itxaron behar pornoak edo Disneyren film batek hezi ditzan haurrak eta gaztetxoak».
Haurrak direnetik ikusten duten dena xurgatzen baitute. «Haur Hezkuntzan edo Lehen Hezkuntzan, jadanik, ereduak jasotzen dituzte; ikusten dituzten ikus-entzunezkoetan jasotzen dute zer den normala eta zer ez, maitatzeko modu batzuk ikusten dituzte, familia eredu jakin batzuk... Eragina beti dauka, noski: txikiak direnetik ari baitira ikusten kalean zer harreman mota dauden, edo zer aipamen egiten diren jarrera batzuen aurrean». Horren guztiaren jakitun izan behar dela uste du, eta sexu heziketa jaiotzetik beretik hastea gomendatu. «Sexualitatea egunerokoa zeharkatzen duen zerbait baita, eta, tamalez, jendartean ez zaio espaziorik ematen».
Sexu heziketa dioenean, gainera, ez da mugatzen genitaletara bakarrik: jarrerez ere ari da, neska eta mutil sentitzeko moduez, identitate hori bizitzeko eta adierazteko moduez... Eta film eta telesailetan askotan eredu bakar bat gailentzen dela uste du. Horregatik ematen dio berebiziko garrantzia hezkuntzari, eta fikziozko produktuak ikuspegi kritiko batetik begiratzeari. «Egia da gaur egun bestelako eredu batzuk sartzen dituztela filmetan eta telesailetan; esaterako, pertsonaia transexual bat jarrita, edo bi ama dituen haur bat erakutsita. Baina, askotan, anekdotikoa izaten da, kupoa betetzeko keinu bat. Horren ondoren, betiko ereduen erreprodukzio bat egiten dute askotan; egia da ezer baino hobea dela hori, baina, lanketa egiteko garaian, transbertsalki pentsatu beharra dago horretan guztian». Horregatik, haurra hezterakoan ikuspegi kritikoa garatzeko beharra dagoela aldarrikatu du, ikusten duen horrek hala eragin ez diezaion.
Itxaropenerako tartea
Sexu heziketaren gabeziak ikusita ere, Torregrosak uste du lanketa bat egiten ari dela eta bide horretatik jarraitu behar dela. Varelak ere itxaropenerako tartea ikusten du, gaur-gaurkoz ikus-entzunezkoen sektorean ekoizten diren lan gehienak maitasun erromantikoan oinarritzen badira ere. Hala ere, produktu horiek kontsumitzen dituen gizartea aldatzen ari dela dio: «Gizartean indartzen ari dira mugimendu feminista, LGTBI mugimendua eta arrazakeriaren aurkakoa. Gizarte horrek kontsumitzen dituen produktuak aldatu egin dira, baina ez ikus-entzunezkoen plataformetan iraultza bat gertatu delako, baizik eta beste kontzientzia bat duen gizarte batek ez dituelako onartzen modu jakin bateko errepresentazio biolento eta baztertzaileak». I may destroy you telesailaren adibidea jarri du. «Bere garaiko produktu bat da, eta, modu batera, bere garaian ere eragiten du; baina produktu arrazista, matxista eta biolentoak kontsumitzen baditugu, bizi garen gizartea ere halakoa delako izango da hori».
Emakume ekoizle eta sortzaile gehiago egoteak ekarri du, besteak beste, aldaketa hori, Varelak azaldu duenez. «Nork kontsumitzen du kultura gehien? Nork erosten du liburu gehien, edo nor joaten da antzerkira gehien? Emakumeak izan dira kultura kontsumitu dutenak, eta, orain arte ere horrela izan den arren, emakumeak izaki pasiboak ziren, kontsumitzaile hutsak». Baina orain gizonen istorioak irakurtzeaz nazkatu direla dio, eta horregatik ari direla azaleratzen emakumezko sortzaile gehiago. «Eta sortzaile horiek ez dituzte kontatuko istorio batzuk non bortxatzaileak goratzen diren eta emozioak kudeatzen ez dakiten gizonak agertzen diren; kontakizun hori urte luzez irakurri dugu jadanik, eta bestelako gauzak ikusi nahi ditugu». Horregatik, uste du jarrita dagoela fikziozko bestelako produktuak sortzen hasteko ernamuina. Bestelako sexu heziketa bat ontzeko katebegi bat.
Gazteen pornografia kontsumoa. Fikzioaren eragina
Fikzioa irakasle ere badenean
Pornografiatik sexu heziketarako gakoak hartzen dituzten bezala, fikziozko produktuetatik balio ugari hartzen dituzte haur eta nerabeek. Adituek diote balio berberak daudela fikzioaren eta pornografiaren atzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu