Fijaiten neurriei uko eginen diela berretsi du Peio Irigoienek Pauen

Mila euroko isuna eskatu du prokuradoreak euskal preso ohiaren kontra. Paueko Dei Auzitegiak martxoaren 12an emanen du erabakia

Peio Irigoien. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Paue
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Peio Irigoien euskal preso ohia irmo mintzatu da Paueko Dei Auzitegiaren aitzinean. Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatu ondotik ezarri zizkioten neurriak ez ditu onartzen, eta ez ditu beteko. Fijait fitxategia egotea bera auzitan jarri du: «Ez dut onartzen bertan sar nazaten, ez ni, ez beste nehor». Mila euroko isuna eskatu du prokuradoreak. Martxoaren 12an emanen dute erabakia.

2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra izandako atentatuen ondotik egin zuten zerbitzu sekretuen legean onartu zuen Frantziako Asanbleak Fijaiten sorrera, eta 2016ko udazkenean salatu zuten jakinarazpenak jasotzen hasi zirela euskal presoak eta preso ohiak fitxategian sartzen zituztela ohartarazteko. Kontrol judizial baten antzera, haien helbidea justifikatu eta mugimenduen berri emateko eskatzen diete fitxategian izendatuak direnei. Irigoienek uko egin dio orain arte neurriak betetzeari, eta, horregatik, auzipetu egin zuten 2018ko irailean. Epaileak hamar hilabeteko epea eman zion bere egoera erregulatzeko, baina erabakiari dei egitea erabaki zuen euskal presoak.

Baionako auzitegiko argudio berak erabili zituzten atzo ere abokatuek. Fijait txostena Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoa dela eta Irigoienen bizitza pribatua eta familiarra oztopatzen dituela. Paueko auzitegiak zigorra berresten badu, Parisko Kasazio Auzitegira joateko asmoa dute abokatuek, eta, handik, Europako Giza Eskubideen Auzitegira.

Anartean, Askatasunen epaileak Irigoien Fijait fitxategitik kentzea onartu du berriki, baina ministerio publikoak dei egin du. Instrukzio Ganberako presidentearen esku dago orain erabakia.

Elkarretaratzea Hazparnen

EH Baik babesa erakutsi dio Irigoieni, eta Frantziari eskatu diote «erabaki ausartak eta zentzuzkoak» har ditzala euskal preso eta preso ohi guztien aurka ezarritako legedi bereziak desaktibatzeko eta euskal preso politikoen kaleratze prozesua gauzatzeko.

Bestalde, elkarretaratzea antolatu du herritar talde batek larunbat honetarako, 11:00etan, Hazparneko elizako plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.