Hondakinak

Festa ondorenaren arrastoak

Herritarrak kontzientziatzeko kanpainak eta hondakinak birziklatzea errazteko baliabideak eskatu dizkie Ekologistak Martxan plataformak administrazio publikoei, festetan sortu ohi den zabor kantitate handia gutxitzeko. Hala ere, plataformak uste du zaborra kudeatzeko sistema aldatu behar dela.

jarraia217756.jpg
Natalia Salazar Orbe.
2022ko irailaren 2a
13:32
Entzun

Kalean elkartu eta festa giroaz gozatzeko gogoa zuten herritarrek. San Joan jaiekin hasi, eta herriz herri, txokoz txoko, plaza guztiak jendez gainezka egon dira. Musika, dantza, irrintziak, saltoak, aspaldiko lagunen arteko besarkadak. Festak bizitzeko nahia nabaritu da. Ondorioak ere bai, ordea. Uztail bukaeran madalenak ospatu zituzten; besteak beste, Elantxoben. Bertako portu inguruek eta kaleek zabortegi baten itxura zuten herria jendez hustu zenean. Plastikozko edalontziak, poltsak, botilak… dena behegainean botata; eta itsasorako bidea hartu zuten horietako askok eta askok. Itsasoan hondoratu aurretik harrapatu zituzten ia hamar tona hondakin atera zituzten, Eusko Jaurlaritzako Portuetako Zuzendaritzak egun batzuk geroago jakinarazi zuenez. Hondora joan zirenak ateratzerik ez zen izango.

Ostean ere izan dira antzeko irudiak. Oraintsu, Bilboko Aste Nagusikoak. Azken orduetako datuen faltan, 560,7 tona hondakin batu zituzten jai esparruetan, udalak jakinarazi duenez, 2019an baino %1,27 gutxiago. Lekeition sanantolinak hasi berri dituzte, eta halakoetan sortzen den zabor pila handiarekin kezkatuta azaldu dira Ekologistak Martxan plataformako kideak, besteak beste. Herritarren kontzientziazioa sustatzeko kanpainak eta hondakinen sailkatzea eta birziklatzea errazteko baliabideak jartzeko eskatu diete administrazio publikoei.

«Herritarrok edalontzi birziklagarriak erabili beharraz kontzientziatu behar dugu, plastikoak itsasora ez botatzeaz edota erabilera bakarreko edukiontzi edo bilgarriak ez erabiltzeaz, bai; baina erakundeek ere ekarpena egin behar dute. Erakunde publikoek baliabideak jartzeko esfortzua egin behar dute», adierazi du Miren Basaldua Ekologistak Martxan plataformako kideak. Uste du lagungarria izan daitekeela erabilera anitzeko edalontziak txosnez harago zabaltzea: «Ez dugu ezer aurreratuko txosnetan edalontzi berrerabilgarriak erabili baina tabernetan eta beste gune batzuetan erabilera bakarreko edukiontziak erabili eta bota egiten badira». Uste du «erabili eta botatzeko kultura» nagusitu dela.

Zaborra sailkatzeko zakarrontzi gehiago behar direla ere esan du. «Beirazko ontzi gehiago berreskuratzeko eskatzen badute, baina horiek jasotzeko edukiontzi gutxi jartzen badute ere ez dugu egiten ezer». Birziklatze tasak txikiak direla azaldu du: «Edukiontziek merkatura ateratzen diren ontzien %20 soilik berreskuratzen dute».

Itzulketa sistema

Basalduak uste du egoera horri aurre egiteko beste sistema batzuk ere erabili behar direla, «ez soilik kudeaketarako sistema integratua» —egun indarrean dagoena—. Gordailu eta Itzulketa Sistema aipatu du horien artean. Izan ere, gogora ekarri du zaborren kudeaketarako sistema integratuaren bidez «plastikozko bilgarrien %20» berreskuratzen dutela. «Hori besterik ez. Zehatzago esateko, errefusa frakzioaren bidez %20 berreskuratzen dute, eta, edukiontzi horikoa gehituz gero, gaur egun %25 eta %30 artean berreskuratzen dute». Hondakinen 22/2021 legearen arabera, «2023ko abendurako bilgarrien %70 berreskuratu ezean Gordailu eta Itzulketa Sistemaren esperientziak martxan jarri beharko lirateke. Aukera hori jaso du», Basalduak dioenez.

Besteak beste, Alemanian garatzen ari diren sistema bat da hori. «Kopuru bat kobratzen dizu bilgarriaren truke, eta, bilgarria itzultzen duzunean, diru hori, edo zati bat gutxienez, bueltatzen dizute. Horri esker, bilgarriak ez dira agertzen kalean barreiatuta, ingurumenean edota hondartzetan botata». Sistema hori pizgarria dela esan du Basalduak: «Herritarrek ez dituzte botatzen bilgarriak kalera edota errefusaren edukiontzietara. Berreskuratu egiten dituzte. Eta baliteke zenbait herritarri botata egon daitezkeen bilgarriak jasotzea interesatzea ere». Sistema horri esker, «Alemanian merkatura ateratako edarien bilgarrien %90 eta %95era arte berreskuratzen dituzte».

Berreskuratze maila txikia

Elantxobeko aurtengo madalenetan duela bi urteko egun berean sortu zen zabor kantitate bera sortu da. Basalduak esan du erakunde publikoen erronka nagusia dela «zaborra zer-nola murriztu». Izan ere, «2021ean, oraindik pandemia urtea zela, aurreko urtean baino %3 zabor gehiago sortu zen Bizkaian». Festa egun batean ohiko egun batean baino zenbat zabor gehiago sor daitekeen zehazterik ez du izan Basalduak. Hala ere, festetako hondakinak «denak batera, nahastuta» biltzen direla aipatu du. «Ez da sailkatzen». Hondakinok, egoera horretan, tratamendu plantetara doaz —Bilboko TMBra, besteak beste—. «Ohiko egun batean planta horietara dena nahastuta iristen den zaborraren %5 berreskuratzen dute; festetakoetatik, berriz, askoz gutxiago. Eta berreskuratu gabeko hori erraustegietara edo zabortegietara bideratzen dute». Bilbon aurten edukiontzi horiko ontzien bilketa igo egin dela nabarmendu du udalak: azken Aste Nagusiarekin alderatuta, %46,79 igo da. Gaikako bilketaren tasa puntu bat hobetu dute. Bestalde, 58,4 tona beira —2019an baino % 27,76 gutxiago— eta 30,9 tona kartoi —%23,25 gehiago— batu dituzte.

Itsasora iristen den zaborrak kezkatzen du gehien Basaldua: «Gaur egun, laurehun milioi tona zabor dago itsasoan. Hori ezin daiteke berreskuratu, eta, gainera, kate trofikora pasatzen da». Bilbon 2,2 tona hondakin berreskuratu dituzte itsasadarretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.