Festa giroko indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa berritu du Iruñeko Udalak

Bihar aurkeztuko dute araudi berria, 18:30ean, Kondestablearen jauregian eginen duten mahai inguru batean.

Sexu eraso baten aurkako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sexu eraso baten aurkako manifestazioa, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko azaroaren 18a
16:00
Entzun

Iruñeak protokolo berria du festa giroan eta gaueko aisialdian indarkeria sexistari aurre egiteko. Araudiaren helburu nagusiak dira sexu indarkeria mota guztiei aurrea hartzea, biktimei arta ematea eta gizartea arazo horren gainean sentsibilizatzea. 2019an onetsi zuten lehen aldiz lan sistema hori, Iruñeko Udalaren, gizarte eragileen eta mugimendu feministaren arteko elkarlan eta gogoeta prozesu baten ostean.

Bost urte geroago, baina, protokoloa berrituko dute; alde batetik, Sexu Askatasunaren Berme Integralaren 10/2022 Lege Organikora egokitzeko; eta bestetik, COVID-19aren izurriak aisialdian eragindako aldaketak ere aintzat hartzeko. Izan ere, azken urteetan aldatu egin dira aisialdirako ohiturak eta ordutegiak, eta horiek ere jaso dituzte araudi berrian. Gaur goizean, protokoloaren nondik norakoak aletu ditu Zaloa Basabe Gutierrezek, Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarazko zinegotzi ordezkariak.

Basabek azaldu duenez, protokoloarekin bat egin dute Iruñeko taberna, dantzaleku eta bestelako lokal ugarik, eta, horren arabera, konpromisoa hartu dute bezeroak eta herritarrak sentsibilizatzeko eta indarkeria egoerei erantzuteko, protokoloan ezarritako printzipioen arabera. Barne prestakuntzako prozesuak ere zehaztu dituzte gune horietan: hala nola egiturazko neurriak aplikatzea eta espazioak eta aisialdi-programazioa berrikustea, irizpide berrien arabera.

Udalak ohar bidez azaldu duenez, protokoloarekin bat egiteko irizpideak eta betebeharrak zorroztu dituzte, «bai akreditatzeko prozesuetan, bai langileen prestakuntzan». Izan ere, beharrezkoa izanen da, besteak beste, langileak prestatzea indarkeria matxistaren identifikazioan, prebentzioan eta aplikazioan. Prestakuntza hori doakoa da, eta urtean bitan eskainiko da. Aukerako prestakuntza osagarria ere eskainiko du udalak.

Aurkezteko, mahai ingurua

Bihar 18:00etan aurkeztuko dituzte protokolo berriaren xehetasunak, Tabernetan, diskoteketan, jaialdietan, kontzertuetan... Indarkeria sexistarik ez! izenburuko mahai inguru batean. Kondestablearen jauregian eginen dute saioa, eta hauek izanen dira mahaiaren bueltan: Pilar Kaltzada Gonzalez, Linking Ideas agentziako kazetari eta aholkularia; Nerea Barjola Ramos, Feminismoetan eta Generoan doktorea; eta Amaia Diez Rodriguez, Noctambul@s behatokiko kidea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.