Bi urte ditu Izadik, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alabak. 2019an jaio zenetik, Aranjuezko espetxean bizi izan da (Espainia), amarekin. Datorren urtarrilean, baina, kartzelatik atera eta gurasoengandik aldenduta bizitzera behartuko dute, hiru urte beteko baititu aurki. Egoera hori eragozteko xedez, mobilizatzen hasiak dira hainbat eragile. Izadi Gurasoekin Etxera plataforma sortu dute, eta, Sarerekin batera, Burlatako (Nafarroa) karriketara eramanen dute aldarrikapena, azaroaren 13an, festa giroan betiere.
«Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa eragotzi behar dugu. Hilabeteak daramatzagu hori lau haizeetara zabaltzen. Harremanetan gaude sindikatuekin, alderdi politikoekin, eragile eta norbanakoekin... Kontsentsu zabala dago Izadi gurasoengandik ez banatzeko», azaldu dute antolatzaileek, goizean Burlatako Euskal Herria peñan eginiko agerraldian. Legean jasota dauden neurriak aplikatzeko eskatu dute: «Legeak baditu zenbait neurri, banaketa eragotzi eta Izadi eta gurasoen arteko familia harremana erabat apurtu ez dadin, hori da eskatzen duguna: beharrezko neurriak har ditzatela».
Hori guztia aldarrikatzeko, festa egitaraua prestatu dute azaroaren 13rako: 16:30ean kalejiran aterako dira Burlatako Udal plazatik, txarangak, joaldunek eta musikariek lagunduta, eta, horren ostean, 18:00etan, haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute Zirika Zirkuseko Pantxika Lamurrek, Porrotx eta Txapasek eta Ene Kantakeko kideek, herriko kultur etxean. Ikuskizunerako sarrerak salgai dira jada Bibe.me webgunean, lau euroan.