Ferreirak jakinarazi du Quindos errektoreordeak dimisioa eman duela, sare sozialetan argitaratutako mezuengatik

Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoregaiak salatu du Eva Ferreira errektoregaiaren taldeko errektoreorde eta hautagaitzako kide batek troll kontu bat sortu duela X sare sozialean, bere taldea «iraintzeko eta difamatzeko».

Eva Ferreiraren taldearen aurkezpena, joan den hilean, Donostian. JON URBE / FOKU
Quindos, bigarren ilaran eskuin-eskuinean, Eva Ferreiraren taldearen aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko azaroaren 11
14:19
Entzun

Ostiralean hasi zen EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskunde kanpaina, eta giroa gaiztotuta dago: gaur Joxerramon Bengoetxea errektoregaiak salatu du Eva Ferreira errektoregaiaren taldeko errektoreorde eta hautagaitzako kide batek X sare sozialean troll kontu bat sortu duela, Bengoetxearen hautagaitzako kideak «iraintzeko eta difamatzeko». Berehala iritsi da Ferreiraren taldearen erantzuna: jakinarazi dute dimisioa eman duela Guillermo Quindos Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordeak, eta Ferreirak onartu egin du.

Gaur goizean, EHUko klaustroak ezohiko bilera bat egin du, hautagaiek beren programa aurkez zezaten. Bengoetxeak bere proposamenen berri eman du, eta kritika bat ere egin du: salatu du bere hautagaitzaren kontrako «difamazio kanpaina bat» dagoela. Ziurtatu duenez, Ferreiraren hautagaitzakoak Bengoetxearen hautagaitzari «atxikipen politiko jakinak» egozten ari dira, eta, azken asteetan, sare sozialetan kontu faltsu batzuk agertu dira, «hautagaitzako kideak iraintzen eta difamatzen dihardutenak». Bengoetxearen esanetan, informatika ikasle batek txosten oso bat bidali die, eta bertan frogatu du, «ziurtasun osoz», Eva Ferreiraren taldeko errektoreorde bat dagoela troll kontu «oldarkorrenetako baten» atzean, artean haren hautagaitzako kidea zena. Izenik ez du eman, baina honela azaldu du: «Haren sakelako telefono pertsonala eta posta elektronikoko kontua ageri dira X sare sozialeko troll kontu horretako profilari atxikita».

Gero jakin da Quindosi buruz ari zirela. Ferreirak jakinarazi du X sare sozialean, eta Quidosek berak baieztatu du gero. Ferreiraren esanetan, Quindosen dimisioaren arrazoia hau da: sare sozialetan argitaratutako mezuak Ferreiraren errektoretza taldeak defendatzen dituen «balioen» eta unibertsitatearen beraren «espirituaren» kontrakoak direla. Ferreirak «atsekabea» ere adierazi du, eta gaitzespen irmoa egin du: «Modu pertsonalean, oso atsekabetuta nago. Ez nuen ekintza horien berri, jokabide guztiz pertsonala izan baita. Mezu horien edukia eta jokabidea bera guztiz onartezinak iruditzen zaizkit».

Quindosek ere mezua zabaldu du sare horretan bertan; dimisioaren berri eman du, eta horren arrazoia zehaztu. Esan du mezu horiek «testuinguru pertsonalean» zabaldu zituela, «izena eta kargua aipatu gabe», eta helburua ez zela mezuok «irismen publikoa» izatea. «Iruzkin horiek jarraitzaile kopuru mugatu batekin partekatu nituen, hauteskunde kanpainan eragiteko inolako asmorik gabe, ezta beste hautagaitzaren irudian ere», erantsi du.

Hauteskunde kanpaina batean mezuok «bereziki onartezinak» direla adierazi du Quindosek. Barkamena helarazi die bi hautagaiei, bereziki Bengoetxeari, mezuek kalterik egin baliote ere. Bengoetxeak, bestalde, «elkartasuna» helarazi die «txio iraingarri horien biktima» izan diren guztiei, eta «gertutasuna» erakutsi dio ere oraingo errektoretza taldeari, «neurri batean haientzako ustekabe bat izan delako, kontu mingarri bat». Halere, argi utzi du gertatutakoa «dinamika baten» parte dela: «Beste hautagaitzatik, guri min egiteko, gu iraintzeko eta ospea kentzeko, horrelako gezurrak zabaltzen ari dira».

Bengoetxeak ziurtatu du behin salaketa eginda errektoreordeak sare sozialeko kontu hori ezabatu duela klaustroa amaitu bezain pronto. Informatika ikasleak egindako 11 orriko txostena Ferreirari, Hauteskunde Batzordeari, aldezleari, Etika Batzordeari eta EHUko Ikuskaritza Zerbitzuari helarazi diete.

Moduez «kezkatuta»

Salaketa egitearekin batera, Bengoetxeak adierazi du «benetan kezkatuta» dagoela Ferreiraren taldeak kanpaina egiteko duen moduarekin. Izan ere, gaurkoa ez da Bengoetxearen taldeak plazaratu duen kexa bakarra. Joan den astean salatu zuten Ferreirak uko egin diola EITBk proposatutako telebista eztabaidetan parte hartzeari, eta Radio Euskadin soilik egingo dutela eztabaida, gaztelera hutsean. Halaber, ziurtatu zuten «zailtasunak» jarri dizkiola Ikasle Kontseiluari ikasleen aurrean eztabaida bat antolatzeko, eta ez dela modurik egongo atzerrian dauden ikasleek eta irakasleek botoa emateko. Bengoetxeari horiek guztiak «gaizki» iruditzen zaizkio, ez «joko zikina»; alta, txio bidezko «irainak» eta «beste hautagaitzak zabaldu dituen zurrumurruak» bai, horiek «joko zikina» direlakoan dago.

Horrek, ordea, lanean jarraitzeko gogoa pizten die: «Gure proiektu eraldatzailearen beharra berresteko balio digute. Unibertsitateak aldaketa eta haize freskoa behar ditu».

Ikasle Kontseilua ere EHUko klaustroaren ezohiko bilera izan da. Bengoetxeak aurkeztutako txostena irakurri ostean, Iñigo Ugedo presidenteak «kezka» adierazi du, eta salatu du horrelako «gorroto jarrerek» ez dutela tokirik unibertsitatean: «Ezin ditugu horrelako jarrera negatiboak eta gorrotozkoak onartu; are gutxiago garbia, gardena eta konstruktiboa izan behar duen hauteskunde kanpaina batean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.