Ferreirak bere agintaldiaren balantzean nabarmendu du EHUk aurrekontua %22 handitzea lortu dutela

Esan du lau urteotan unibertsitatea zuzendu duen errektoretza taldea etapa «harro» bukatzeko moduan dela, eta «onena» desio diola Joxerramon Bengoetxearen gidaritzapean erakundearen lema hartuko duen taldeari. Bengoetxeak astelehenean hartuko du kargua.

Eva Ferreira, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Eva Ferreira, artxiboko irudi batean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
arantxa iraola
2025eko urtarrilaren 24a
12:40
Entzun

2021eko urtarrilaren 26an hartu zuen Eva Ferreirak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretza, lau urterako. «Bikaintasun akademikoa eta intelektuala» lortu beharra nabarmendu zuen kargua hartzeko ekitaldian, eta adierazi «ikuspegi irekia» oinarri hartuta jardun behar zela. Agintaldi amaieraren atari-atarian, igaro urteotan egindako lanaren balantzea egin du: besteak beste, nabarmendu du EHUren aurrekontua %22 handitzea lortu dutela.

Balantzea agurra ere bada Ferreirarentzat. Izan ere, Joxerramon Bengoetxeak astelehenean hartuko du EHUko errektoretza. Azaroaren 26an irabazi zituen kargu horretarako bozak, boto haztatuaren %64 lortuta. Parte hartzea ere nabarmena izan zen, aurreko hauteskundeetan baino hamalau puntu handiagoa. Ferreirak, atzetik geratu zela ikusita, gau hartan bertan onartu zuen «ikasi eta aurrera egin» beharra zuela, eta prest agertu zen Bengoetxearen taldeari trantsizioa egiten laguntzeko.

Ferreirak lorpenetan jarri nahi izan du arreta balantzea egiteko orduan. «Asko dago egiteko, jakina, baina egindako bideak aukera ematen digu etapa hau harrotasunez bukatzeko», azaldu du. «2025. urtean, unibertsitate publiko sendoa dugu: gizartea eta lurraldea egituratzen dituen eragile bat gara». Lorpenen muinean «lan kolektiboa» dagoela nabarmendu du. «Proiektu bakoitzak izen zerrenda luzea du atzetik, eta horiek gabe ezinezkoa zatekeen hau guztia lortzea». Gaineratu du Bengoetxeari eta haren taldeari «onena» opa diela hemendik aurrerako bidean.

Aurrekontua handitu izana ez ezik, urteotan egindako beste hiru aurrerabide ere nabarmendu nahi izan ditu Ferreirak. Propio aipatu ditu langileen finkatzean, lankidetzan oinarritutako prestakuntzan eta ikerketa sustatzen emandako pausoak. Zailtasunak ere aipatu ditu. Agintaldiaren hasieran, 2021eko urtarrilean, COVID-19aren pandemiak eragindako ataka «zailak» arazo asko sortu zituela gogoratu du, eta lorpen garrantzitsua izan zela ikasturte hori «bikain» bukatu izana: «Izan ere, egoki uztartu ziren online tresnak eta, ahalik eta neurri handienean, aurrez aurreko eskolak».

Aurrerabideen artean nabarmendu du, bestalde, graduondoko ikasleak erakartzeko gaitasuna %15 handitu izana urteotan, eta gogora ekarri du gaur egun EHU munduko laurehun unibertsitate onenen artean dagoela Shanghaiko sailkapeneko irizpideen arabera.

Lanpostuak finkatzen

Langileak finkatzeko egin dituzten urratsei dagokienez, Ferreirak aintzat hartzekotzat dauka teknikariak eta kudeaketako, administrazioko eta zerbitzuetako langileen lanpostuak egonkortzeko egin duten ahalegina: «%92 baino gehiago egonkortzea lortu da». Era berean, esan du doktore laguntzaileen ia mila postu sortu izana ere aurrerabide handia izan dela.

Ferreiraren agintaldian, EHUko langileek eskaera ugari egin dituzte eremu horretan hobekuntzak izan zitezen. Iazko martxoaren 6an eta 12an, esaterako, lanuzteetara deitu zuten LAB, ELA eta Steilas sindikatuek, eta irakasle ikertzaileen «prekarizazioa» izan zen deia egiteko motiboetako bat. Besteak beste, salatu zuten LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa indarrean sartu zenetik ordezko irakasleei ez zitzaiela osoko jarduna aitortzen, eta «miseriazko soldatak» ordaintzen zizkietela. Hain justu ere, Ferreirak beti argudiatu du LOSU muga bat dela irakasle horiei kontratu osoak egiteko. Halere, argudiatu du bestelako bideetatik lortu dutela halako kontratuak murriztea, eta kalitatezko kontratazioak lehenestea izan dela hartu dituzten neurrien helburua.

Euskarari eta euskal kulturaren «sustapenari» begira urteotan egindako lanek ere emaitzak eman dituzte, Ferreiraren hitzetan, eta, oro har, «gobernantza gardenagoa» lortzeko oinarriak ipini dituzte.

Ekonomia Aplikatuko katedraduna da Ferreira. Besteak beste, ikergai izan ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Nekane Balluerka izan zen errektorea haren aurretik, 2017tik 2021era.

Bengoetxea

Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna da Bengoetxea. Iazko ekainean adierazi zuen errektore izateko asmoa. «Proiektu kooperatibo, parte hartzaile eta plural» baten gidari gisara aurkeztu zuen bere burua, eta agerian utzi nahi izan zuen aldatzeko beharra: «EHUk eta haren komunitate osoak bultzada berri bat behar du, bere ezagutza eta talentu guztia erronka garaikideen zerbitzura jartzeko». Denon artean izeneko proiektuaren inguruan ardaztu ditu helburuak eta lantaldea.

Astelehenean egingo dute Bengoetxeak errektore kargua hartzeko ekitaldia, Ajuriaenean, Gasteizen. Han izango da, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales; errektore berria izendatzeko dekretua irakurriko du, eta, ondoren, Bengoetxeak karguaren zina egingo du. Ekitaldia 10:45ean hasiko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.