Ferreirak aurkeztu du EHUko errektoretzarako hauteskundeetarako taldea, «askotarikoa eta trebatua»

Jordan Santos, Gorka Moreno eta Agustin Erkizia izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errektoreorde izateko hautagaiak, hurrenez hurren. Helburutzat jarri dute unibertsitate publikoaren finantzaketa BPGaren %1 izatea.

Eva Ferreiraren taldea, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Eva Ferreiraren taldea, gaur goizean, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 17a
13:39
Entzun

Azaroaren 26an egingo dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeak. Oraingoan, aurreko deialdietan ez bezala, bi hautagai egongo dira: Eva Ferreira —egungo errektorea— eta Joxerramon Bengoetxea. Gaur goizean, Ferreirak bere hautagaitza eta taldea aurkeztu ditu, EHUren Donostiako campusean. Taldearen ezaugarriak nabarmendu ditu: «Askotarikoa, trebatua eta ilusioz eta gogoz betea».

Ferreirak, hasieran, testuingurua eman nahi izan dio bere hautagaitzari. Gogora ekarri duenez, unibertsitate publikoan ikasia da, eta beka bati esker izan zuen aukera master bat egiteko. Horregatik, nabarmendu du hezkuntza publikoaren alde dagoela: «Esperientzia horiek hezkuntza publikoaren defendatzaile sutsua egin naute, guztiontzat eskuragarria izan behar duen hezkuntza publikoarena». Halaber, esan du umea zenean ez zuela aukerarik izan euskara ikasteko eta gerora egin zuela hautu hori: «Ordutik, euskaraz ere bizi naiz eta lan egiten dut. Talde lan nekaezina egin dugu, euskara gure campusetako bizitzaren zati integrala izan dadin».

Atzera begiratu ostean, etorkizunari erreparatu dio: «Jauzi kualitatibo bat egin nahi dugu, eta, horretarako, nire talde berriarekin hemen gaude. Gogotsu eta ilusio handiz gaude helburu berriak prestatzeko». Badu taldea: gaur egungo zazpi errektoreordek eta sei kide berrik osatzen dute.

ferreiraren taldea

  • Eva Ferreira. Errektoregaia.
  • Miren Josune Perez. Idazkarigai nagusia.
  • Jordan Santos. Arabako campuseko errektoreordegaia.
  • Agustin Erkizia. Gipuzkoako campuseko errektoreordegaia.
  • Gorka Moreno. Bizkaiko campuseko errektoreordegaia.
  • Beronika Azpillaga. Graduaren eta Hezkuntza Berrikuntzaren arloko errektoreordegaia.
  • Inmaculada Arostegi. Ikerketaren arloko errektoreordegaia.
  • Mikel Villamañe. Eraldaketa Digitalaren eta Komunikazioaren arloko errektoreordegaia.
  • Maria Gonzalez. Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordegaia.
  • Guillermo Quindos. Zientzia eta Gizarte Garapenaren eta Transferentziaren arloko errektoreordegaia.
  • M. Juncal Gutierrez. Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordegaia.
  • Federico Recart. Irakasle ikertzaileen arloko errektoreordegaia.
  • Fernando Tapia. Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordegaia.
  • Matxalen Ezkurra. Gerenterako hautagaia.

Taldea ez ezik, datozen sei urteetan garatu nahiko lituzketen proiektuak ere aurkeztu dituzte. Finantzaketa publikoa areagotzea da nagusietariko bat. Kopuru zehatzak eman dituzte: 2026an, BPG barne produktu gordinaren %0,8 izatera iristea nahi dute, eta, 2030ean, %1. Gainera, nahi dute aurrekontuaren zati batekin zer egin ikasleek beraiek erabakitzea: «Kultura jardueretarako zenbatekoaren %50 gutxienez ikasleek zuzenean banatuko dute». Halaber, langileen lan baldintzetan ere eragin nahi dute: irakasle ikertzaileen egonkortasuna sustatu asmo dute, lanpostu iraunkor bat lortzeko ohiko adina 35 urte baino gutxiagokoa izan dadin.

Horietaz gainera, badituzte beste asmo eta egitasmo batzuk ere, azaldu dutenez. Ferreiraren esanetan, neurri batzuk martxan jarriko dituzte euskararen erabilera orain halako bi izan dadin. «Erronka handia da». Badute beste erronka bat ere: burokrazia murriztea. «Zerbait lortu dugu, baina esfortzu handiagoa egin behar dugu», aitortu du errektoregaiak. Hitzeman du burokrazia «sinplifikatu» egingo dutela, «kanpoko kontraste baten bidez, kudeaketa prozesu erredundanteak kenduz eta egunero erabiltzen ditugun programa batzuk berrituz».

Ziurtatu dutenez, azpiegiturak hobetzeko ideia ere badute. Ferreiraren esanetan, Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria irekiko dute, azpiegitura berriekin hiru campusetan. Lolekua aurkitzeko dauden zailtasunei erantzuteko, berriz, hiru egoitza ireki nahi dituzte 650 ikaslerentzat eta irakaslerentzat; Gasteizkoa eraikitzen ari dira, Donostiakoarekin datorren urtean hasiko dira, eta Leioako campuserako zer egin daiteken ikertzen ari dira.

Bengoetxeak, urriaren 31n

Joxerramon Bengoetxea errektoregaia ere ari da egunez egun bere taldeko kideak aurkezten, sare sozialen bidez. Zenbaiten berri eman du: esaterako, Ixone Fernandez de Labastida, Estitxu Garai eta Juana Goizueta izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako errektoreordegaiak, hurrenez hurren. Dena dela, talde osoa eta programaren nondik norakoak hilaren 31n aurkeztuko dituzte.

 Bengoetxeak eskaera bat ere egina du: Hauteskunde Batzordeari galdegin dio bermatzeko kanpoan dauden EHUko kideen boto eskubidea. Azaldu dutenez, kide asko dira mugikortasun programetan parte hartzen ari direlako-eta atzerrian daudenak. Uste du horiei botoa modu telematikoan emateko modua bermatu behar zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.