Azaroaren 26an izango dira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzarako hauteskundeak, eta, eguna hurbildu ahala, hautagaien jarduera areagotzen ari da. Gaur egungo errektore Eva Ferreira buru duen hautagaitzak bere programa aurkeztu du: programa «irekia eta dinamikoa», errektoretzarako hautagaiak esan duenez. Izan ere, azken asteotan unibertsitateko eragileekin egindako bileretan programa hori «ekarpenekin osatzeko» aukera izan dute, eta datozen egunetan ere proposamen gehiago jasotzeko prest agertu dira.
«Gizarte osoari zerbitzu publikoa eskaini nahi diogu», azaldu du Ferreirak. «Uste dugu unibertsitateak gizartearen bihotzean egon behar duela, eta pertsonek, berriz, unibertsitatearen bihotzean». Haren hitzetan, gaur egun abian dauden programak sustatu nahi dituzte, eta, aldi berean, «anbizio handiko» beste zenbait programa berri ere proposatu.
Hauteskunde programak hamahiru ardatz ditu, eta 300 bat neurri zehatz proposatzen ditu. Ferreiraren taldeko hautagaiek neurri horietako batzuk azaldu dituzte programaren aurkezpenean. Ferreirak berak esan duenez, haien helburua da 2030erako EAEko BPG barne produktu gordinaren %1 unibertsitate publikoaren finantzaketarako izatea, eta, horretarako, finantzaketa hori urtero %12 handitzea proposatzen dute, horrek ikerketarako den inbertsioari kalterik egin gabe betiere.
«Nazioartekotzearen aldeko apustua», prestakuntza duala %50 handitzea, 2.500 mikrokredentzial gehiago eskaintzea, ikasleei beren ibilbidea laburbilduko dien «pasaporte parte hartzailea» ematea, talentua erakartzea, ikerlari gazteen lan baldintzak hobetzea eta beste zenbait neurri proposatu ditu Ferreirak.
Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordegaiak esan duenez, Eusko Jaurlaritzari proposatuko diote matrikulen prezioak berriro aztertzeko, horiek ahalik eta merkeenak izan daitezen, eta beka kopurua handitzeko aukera ere aintzat hartzeko. Hobekuntzak ezarri nahi dituzte matrikulak ordaintzeko epeetan.
Ikasleen osasun fisiko eta mentalari buruzko zenbait neurri ere azaldu ditu Tapiak. Esan duenez, Entzute eta Erantzute Sarea indartu nahi dute, horretan aritzen diren kolaboratzaileen kopurua bikoiztuz; ikasleentzako arreta psikologikoa sustatu nahi dute; eta Desgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua ere indartzeko asmoa dute. Azken zerbitzu horri izena aldatu nahi diote, aurrerantzean Behar Bereziak dituzten Pertsonentzako Zerbitzua izan dadin. Komun guztietan emakumeentzako higienerako produktuak jarri nahi dituzte, eta liburutegietako eta ikasgeletako ordutegiak zabaltzea proposatu dute.
Kudeaketa arloko hautagai Matxalen Ezkurrak esan du behin-behinekotasuna %8tik behera murriztu nahi dutela. Enplegu eskaintza publikoak urtero egin nahi dituzte, eta Prestakuntza Plangintza Integrala proposatu dute, gaur egun lanean ari diren langileen espezializazioan urratsak egiteko. «Telelan malgua» sustatu nahi dute, eta agindu dute lan egingo dutela kudeaketa prozesuak hobetu eta digitalizatzeko.
Irakasle ikertzaileei dagokienez, «urrats kualitatiboak» egitea proposatu du Federico Recart irakasle ikertzaileen arloko errektoreordegaiak. Egonkortze adina 35 urtera jaistea jarri du helburutzat, eta proposatu du lansari osagarriak gaurkotzea, zerbitzuak digitalizatzea eta irakasle laguntzaile doktoreentzako lanpostu gehiago sortzea.
Azpiegiturak
Bizkaiko campuseko errektoreordegai Gorka Morenok azpiegituren arloko proposamenen berri eman du. Leioako campusean Medikuntza eta Erizaintza Fakultate zaharrak utziko duen lekuan Zientzia Dibulgazioaren eta Jasangarritasunaren Hiria eraiki nahi dute; Sarrikon (Bizkaia), berriz, gizarte zientzien arloko ikerketa eta ezagutzaren transferentziarako gune bat ireki nahi dute; Gipuzkoan, AI adimen artifizialaren poloa sustatu nahi dute, eta Araban, berriz, kirol arloko zenbait azpiegitura ere aurreikusi dute.
«Unibertsitatearen eragin soziala indartzea» ere proposatu du Morenok, eta, horretarako, zenbait neurri iragarri ditu. Adibidez, «elkartasuneko bizitegi programa» proposatu du; horren arabera, ikasleek lolekua topatzeko aukera izango lukete, gizarte arloko lan batzuk egitearen truke. Beste programa bat jarri nahi dute abian, Esperientzia Geletan aritzen diren adineko ikasleak eta graduko ikasle gazteak elkarrekin bizitzea ahalbidetzeko, eta, azkenik, EHU Auzoetan izeneko proiektua garatu nahi dute, unibertsitatea egoera prekarioan dauden herri eta auzoetara eramateko.
bengoetxearen hautagaitza, bihar
Joxerramon Bengoetxea izango da EHUko errektore izateko beste hautagaia, eta bihar aurkeztuko du bere taldea, Ferreirak bere programa aurkezteko aukeratutako leku berean, hau da, EHUren Bizkaia aretoan. Bengoetxearen taldeak azaldu duenez, egunotan «entzute bira» egiten ari dira, eta, oraingoz, 37 zentro bisitatu dituzte, mila pertsona inguruk parte hartu dute eta 500 ekarpen baino gehiago jaso dituzte. Bira hori amaitutakoan erregistratuko dute programa. Bengoetxearen hautagaitzak emandako datuen arabera, zerrenda aurkeztu ahal izateko 180 abal lortu dituzte klaustroan, eta Ferreiraren hautagaitzak, berriz, 137.