Fernando Prado izendatu dute Gipuzkoako gotzain

Jose Ignacio Munillak Donostiako Elizbarrutian utzitako tokia beteko du. Izendapen ekitaldia abenduaren 17an egingo dute

Ezkerretik, Francisco Perez eta Fernando Prado, atzo. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
gotzon hermosilla
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Fernando Prado Ayuso apaiz klaretar eta kazetaria (Bilbo, 1969) Gipuzkoako gotzain izendatu dute eta, hortaz, Jose Ignacio Munilla aurreko gotzainak joan den otsailetik utzitako tokia beteko du aurrerantzean. Munilla Orihuela-Alacanteko gotzain (Herrialde Katalanak) izendatu zuten otsailaren 12an eta, geroztik, Gipuzkoako apezpikutzari dagozkion lanak Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak hartu ditu behin-behinean. Donostian egin du, eta han izan da, besteak beste, Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario nagusi ohia, adingabeei sexu abusuak egiteagatik ikertu zutena.

Pradok esan du 17an jakinarazi ziotela Frantzisko aita santuak aukeratu zuela Donostiako Elizbarrutiko buru izateko: «Ordu batzuk behar izan nituen erantzun bat emateko». Abenduaren 15ean iritsiko da Donostiara, eta izendapen ekitaldia, «Jainkoa lagun», 17an egingo dute. Pradok aitortu du «zorabio apur batez» hartu duela albistea: «Inork ez dit gotzain izaten irakatsi». Edonola ere, «konfiantzaz» ekingo dio ardura berriari, «Elizarentzat erronka zorrotzez eta zailtasunez beteriko garai honetan».

Prado Bilbon jaiotakoa da, nahiz eta haren familiak Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia) izan jatorria. Aitortu duenez, bere gurasoak «oso elizkoiak» ziren, eta gaztetatik izan zuen erlijiorako jaidura.

1992an klaretarren kongregazioan sartu zen. Kazetaritza eta teologia ikasi zituen, 2000ko maiatzean apaiz izendatu zuten, eta gaur egun Salamancako Eliz Unibertsitateko katedratikoa da (Espainia).

Munillaren zorionmezua

Munillak zoriondu egin du gotzain berria, eta elizbarrutiko kideei eskatu die harekin batera lan egin dezatela. Bilboko gotzain Joseba Segurolak ere adierazi dio harekin elkarlanean aritzeko prest dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.