Otsaileko egun gris bat zen. Asteartea zen. Arratsaldeko bostak izateko hogei minutu falta ziren, zartako handi batek Gasteiz geldiarazi zuenean. Euskal Herriko Unibertsitatearen Arabako campusaren erdian, Lehendakaritzatik hirurehun metro eskasera, hogei bat kilo lehergai zeramatzan auto bat leherrarazi zuen ETAk. Fernando Buesa buruzagi sozialista eta Jorge Diez haren bizkartzaina hil zituen erakunde armatuak.
Bihar izango dira 25 urte egun hartatik, eta hainbat omenaldi antolatu dituzte egunotarako. Gaur bertan zutik eta minutuko isilunearekin hasi dute gobernuaren kontrolerako saioa Eusko Legebiltzarrean, Buesaren eta Komando Autonomo Antikapitalistek hildako Enrique Casasen omenez. Eraikinaren kanpoan dagoen biktimen omenezko monumentuan ere bi parlamentarien argazkiak jarri dituzte.
Ekitaldi nagusia, ordea, bihar egingo dute, Etorkizunerako argi izenpean. Gasteizko Europa Biltzar jauregian izango da, 19:00etan, Fernando Buesa fundazioak antolatuta. Aurrez, halere, lore eskaintza egingo dute eguerdian, haien omenezko monolitoan, Askatasunaren Lorategian, hil zituzten lekuan. Bertan izango dira alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkari ugari.

Fernando Buesa Bilbon jaio zen, 1946an, baina Gernika-Lumon (Bizkaia) igaro zuen haurtzaroa. Zuzenbidea ikasi zuen Madrilen eta Bartzelonan, eta, abokatu lanetan hasi bazen ere, politikagintzari eskaini zizkion bere ezaguerak 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera. Araban bete zuen bere behar politikoa batez ere. Arabako Batzar Nagusietako foru diputatua izan zen lehenik, eta ahaldun nagusi izendatu zuten gero (1987-1991). Gasteizko Udaleko zinegotzia ere izan zen.
Alderdiaren barruan ere hainbat ardura postu izan zituen Buesak. Pisu handiko militantea izan baitzen. Arabako sozialisten burua izan zen hainbat urtez, PSEren zuzendaritzako kidea, eta PSOEren Batzorde Federalekoa. EAJrekin egindako koalizioari esker, Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea izan zen Buesa, Jose Antonio Ardanzarekin, baita Hezkuntza sailburu ere.
Haustura sozial eta politikoa
ETAk hil zuenean, PSEren bozeramailea zen Buesa Eusko Legebiltzarrean eta Arabako Batzar Nagusietan. Mintzatoki horiek eskuineko alderdietatik bereizteko erabiltzen zituen Buesak, baina bereziki alderdi abertzaleen politika kritikatzeko. ETAk hil aurreko urteetan, gogorra izan zen abertzaleen ekinbide bateratuarekin. Jeltzaleei leporatu zien ezker abertzalearengana hurbildu izana, eta indarkeria amaitzeko ezer egin ez izana.
Lizarra-Garaziren ondorengo urteak ziren haiek. Juan Jose Ibarretxeren lehen gobernua gutxiengoan zegoen, eta EAJ-EA koalizioak Euskal Herritarrok-en (EH) babesa lortu zuen, legebiltzarreko jardunean lankidetzan aritzeko. ETAk, ordea, su etena hautsi zuen, eta Buesaren hilketak kolpetik eten zuen dena. Haustura erabatekoa izan zen, hala gizartean nola politikaren arloan. Atentatu hark arrakala bat eragin baitzuen abertzaleen arteko itunean, eta zatiketa bat jeltzaleen eta sozialisten arteko harreman historikoan, zeina jada pitzatuta baitzegoen. Egun hartan bertan, Ibarretxek bertan behera utzi zuen EHrekin zuen hitzarmena.
Zatiketa eta tentsio giro hori, erakundeetan ez ezik, kalean ere islatu zen hurrengo egunetan. Horren erakusgarri izan ziren Buesaren hilketa salatzeko Gasteizen egin ziren manifestazioak. Euskal gizartea gogor jo zuen atentatu hark, eta protesta jendetsuak izan ziren. Baina zatituta, modu paraleloan egin zituzten asko.
53 urte zituen Buesak ETAk hil zuenen, eta hiru seme-alaba eta alarguna utzi zituen. Diez erakunde armatuak hil zuen lehen bizkartzaina izan zen; 26 urte zituen. Haien memoria gordetzea dute helburu orain senideek eta gertukoek.