ETAk duela 22 urte hil zituen Gasteizen Fernando Buesa PSE-EEko politikaria eta Jorge Diez ertzaina, haren bizkartzain aritzen zena. Hiri berean egin diete omenaldia, egun berean, gaur, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzako eta hainbat alderdi politikotako ordezkariek. Bonba-auto bat leherrarazita hil zituzten biak, 2000ko otsailaren 22an. Buesa PSE-EEko Arabako idazkari nagusia zen orduan —Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hezkuntza sailburu, Arabako ahaldun nagusi eta Eusko Legebiltzarrean PSE-EEren bozeramaile ere izana zen—; eta Jorge Diez gasteiztarra XIII.promozioko ertzaina zen.
Senideak, lagunak eta politikariak izan dira omenaldian. Bertzeak bertze, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu —tartean ziren Beatriz Artolazabal Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politiketakoa eta Josu Erkoreka Segurtasunekoa—, Andoni Ortuzar EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Maddalen Iriarte EH Bilduk legebiltzarrean duen bozeramailea. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guzietako parlamentariak izan dira ekitaldian, halaber.
Buesaren eta Diezen omenez eraikitako monolitoaren aitzinean egin diete omen, Gasteizko Askatasunaren Lorategian. Lore eskaintza egin diete, bertzeak bertze.