Fernando Buesa Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea eta haren bizkartzain Jorge Diez ertzaina hil zituen ETAk orain 25 urte, eta haien senitartekoek, alderdiek eta erakundeek lore eskaintza batekin gogoratu dituzte gaur, Gasteizen. Vox izan ezik Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guztiak egon dira omenaldian, baina EH Bilduko delegazioak ekitaldia utzi behar izan du, horrela egiteko eskatu baitie koalizioko ordezkariei Diezen ama Begoña Elorzak.
ETAk Buesa eta Diez hil zituen tokiaren inguruan monolito bat jarri zuen aspaldian Gasteizko Udalak, eta oroitarri horren aurrean egin diete lore eskaintza. 2000. urteko otsailaren 22an bonba auto bat leherrarazita hil zituzten biak. Imanolen Ausencia kantuaren doinuek lagundu dute ekitaldia; PSE-EEko buruzagi ohiaren alarguna eta alabak eta Jorge Diezen gurasoak izan dira han, senitartekoen aldetik. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren buru Imanol Pradales lehendakaria izan da, eta Mikel Torres lehendakariordea ere alboan izan du, beste zenbait sailbururekin batera.
Era berean, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria Buesa eta Diezen omenaldian izan da, baita Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, Gasteizko alkate Maider Etxebarria eta Espainiako Gobernuko ordezkari Marisol Garmendia ere. Alderdiek euren ordezkaritzak bidali dituzte ETAren bi biktimen omenaldira, denek salbu eta Voxek. Eskuin muturreko alderdi horren legebiltzarkide bakarrak, Amaia Martinezek, bere alderdiak Errenterian (Gipuzkoa) jarri duen karpan egotea lehenetsi du.

EH Bilduk, aurreko urtean bezala, Gasteizko ganberako eledun Pello Otxandiano bidali du delegazio buru gisa; harekin batera Rocio Vitero Gasteizko Udaleko eleduna ere han zegoen. Baina, azkenerako, koalizio subiranistako ordezkariek ezin izan dituzte eskuetan zituzten loreak oroitarrian jarri, Jorge Diez zenaren amak ekitalditik joan zitezen nahi zuela jakinarazi baitie, imintzio batzuekin lagunduta. Kamerek ez dute jaso zer esan dien Elorzak EH Bilduko ordezkariei, eta, gero, kazetariek galdetu diotenean, Diez zenaren amak ez ditu bere hitz zehatzak argitu nahi izan. Batera edo bestera, eskuetan arrosa bana zutela, Otxandianok eta Viterok nahiago izan dute lekutik aldendu.
Andueza: «Hil egin zuten desberdin pentsatzeagatik»
PSE-EEren zuzendaritza osoa egon da Buesa eta Diez oroitzeko ekitaldian. Eneko Andueza idazkari nagusiak Fernando Buesa fundazioak helburu duen mezu bat sustatu du bere hitzaldian: belaunaldi gazteei helaraztea «zer gertatu zen Euskadin». Anduezak esan du 25 urteren ondoren Buesa zenaren «konpromiso politikoa» gogoratzen jarraitzen duela PSEk: «Belaunaldi berriek eskubidea dute jakiteko Euskadin hil egiten zutela desberdin pentsatzeagatik, eta eskubidea dute hilketak babestu zituztenen aldetik entzutera hark guztiak ez zuela gertatu behar eta bere gain hartzen dutela eragindako samin bidegabe guztia».