Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko jarduneko Barne ministroak uste du 11/13 sumarioan emandako kartzela zigorrak erakusten duela Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak urteetan "lan serioa, irmoa eta eraginkorra" egin izan dutela, "esanez ETA komando operatiboak baino gehiago zela". Adierazi du "zuzenbide estatuak ETAren terrorismoaren zentzugabekeria gainditzeko" lan egin zutela polizia indarrek. Barne ministroak esan du 47 auzipetuek onartu dutela "erakunde terroristaren parte" zirela, "eta horrek dena esaten du. Frogak zeudelako aitortu dute. Gauza bakarra falta zaie: autokritika egitea, gizarteari eta, batez ere, biktimei laguntzeko". Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin bilera bat egin du Grande-Marlaskak, Iruñean, eta gero Poliziaren eta Guardia Zibilaren egoitzak bisitatu ditu.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusiaren ustez, 11/13 sumarioko "bideak eta akordioak erreferentzia bat" izan behar dute "beste arlo batzuetarako"; kasurako, "kartzela politikan, justizia errestauratiboan eta gizarteratzean". Hiru parteak (akusazio partikularra, fiskaltza, defentsa) akordiora iritsi izana nabarmendu du, eta "balorazio positiboa" egin du. "Bizikidetzarako eta etorkizunerako emaitza on bat lortu dute. Tentsio bat gainditu da".
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiari 11/13 sumarioa "beste astakeria bat" izan dela iruditu zaio, gaurko auzi saioa ari zela Radio Euskadiko elkarrizketa batean adierazi duenez; "ez zen epaiketa hau egon beharko". Haren ustez, Espainiako Estatuan batzuek "iraganean bizitzeko interes handia" dute, "eta hor lotu nahi dute herria".
Bakartxo Ruiz EH Bilduko Nafarroako parlamentarioaren iritziz, "gazi-gozoa" izan da auziaren amaiera, "baina era berean pozgarria, 47ak herrian nahi ditugulako".
Gazi-gozoa. Baina era berean pozgarria, #47akHerrian nahi ditugulako. Maite zaituztegu!
— Bakartxo Ruiz (@BakartxoR) September 16, 2019
Eta jarraituko dugu ozen esaten euskal presoen eskubideak defendatzea eta elkartasuna ez direla delitu. https://t.co/sLCPadFoKJ
Maddalen Iriarte EH Bilduko EAEko legebiltzarkideak epaiketaren ondoren txio batan adierazi du "bakea eta elkarrizketa" zutela eta dutela 11/13ko auzipetu "guztiek helburu".
Zorionak guztioi! Indarra Enparantza eta Zuluetari. Baina edozein kasutan gehiegikeria baten aurrean gaude. Bakea eta elkarrizketa zuten eta dute guztiek helburu. #47akHerrianhttps://t.co/POxC1amPfL
— Maddalen Iriarte (@MaddalenIriarte) September 16, 2019
Sarek esan du epaiketak "ez hankarik ez bururik" ez zuela, baina "txalotu" egin du akordioa.
Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak esan du "kartzelak husteko garaia" dela, eta uste du auzia "zentzurik gabekoa" izan dela. "Horrelako epaiketarik" gehiago ez egiteko eskatu du, haiek "izaera politikoa" dutela iritzita. "Konponbide aroa da". Espainiako Auzitegi Nazionalean izan da Iñarritu, auzi saioan, auzipetuei "elkartasuna" adieraztera. "Dagoeneko ez dagoen erakunde bateko" kide izatea egotzita azaldu behar izan dute epaiketara, haren esanetan.
AEMren eta Coviteren kritika
AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi du herenegun Espainiako Auzitegi Nazionalean 11/13 sumarioko epaiketan parteen artean egindako akordioak auzipetuen "egoera pertsonala arindu" dezakeela, "baina maila politikoan katastrofikotzat baino ezin da kalifikatu: antolakunde politikoen kriminalizazioa eta jazarpena ontzat eman ditu. Ez da akordio juridiko hutsa izan, eragin politikoa daukana baizik".
Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak deitoratu egin du akordioa. "Justiziara ez da iristen bidezidorrekin, inpunitatearekin edo negoziazioarekin; ez epaitegi barruan, ez kanpoan".
Carmelo Barrio PPko EAEko legebiltzarkidearen esanetan, auzipetuta izan diren abokatuek ez dute merezi gehiago aritzea abokatu lanean. "Aitortu dute ETAren zerbitzura lan egin zutela presoak kontrolatzeko eta zuzentzeko".