'Kutxabank auziaren' epaiketa. Akusatuen deklarazioa

Fernandezek aitortu du «politikariek eskatuta» bilatu ziola lana Cabiecesi

Kutxabankeko presidente ohiak esan du «arrazoizkoa» iruditu zitzaiola eskaera. Alkortak berretsi du Kutxabanken aginduz hasi zela Cabiecesekin lanean. Hiru akusatuek deklaratu dute epaiketan

gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Prozedura arloko zalantzak joan den astean argitu ostean —defentsak epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen, eta epaileak ez zuen eskabidea aintzat hartu—, hasi egin da Kutxabank auziko epaiketa Bizkaiko Probintzia Auzitegiko zigor arloko 3. epaitegian. Hiru akusatuen deklarazioekin hasi da epaiketa: hirurak—Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, Mikel Cabieces Espainiako gobernuaren ordezkari ohia eta Rafael Alkorta abokatua— saiatu dira erantzukizunak saihesten, eta Cabiecesi ordaindutako diru kopuruak benetan egindako lanei zegozkiela frogatzen, haien artean kontraesanak egon diren arren. Eta Fernandezek argi utzi du arlo politikotik egindako eskaera baten bidez hasi zela Cabieces beharrean.

Fiskalaren eta defentsako abokatuen galderei erantzunez —Fernandezek, gainerako akusatuek egin bezala, uko egin die herri akusazioaren galderei erantzuteari—, Kutxabankeko presidente ohiak esan du bi alderditako «goi mailako politikariek» deitu ziotela Cabiezesi lan irteera bat bila ziezaiola eskatzeko. Eskaera «arrazoizkoa» iruditu zitzaion. «Terrorismoaren kontrako borrokan lehenengo lerroan aritutako pertsona bati» laguntzea zen helburua, eta Fernandezek bazekien lehenago ere horrelakoak egin izan direla. «Nik denbora luzean bizkartzainak eduki behar izan ditut», azaldu du, «eta, beraz, pentsatzen nuen auziak pertsonalki ere eragiten zidala».

Fernandezek «marra gorriak» ezarri zituen Cabiecesi lanpostua bilatzean: Kutxabankek ezin zuen Cabieces zuzenean kontratatu, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiaren jarduerak denboran mugatua behar zuen.

Garai hartan, Rafael Alkorta abokatuaren bulegoak hainbat lan egiten zituen Kutxabankentzat; Alkortak adierazia zion Kutxabanki bankuarekin zuen kontratua berrikusteko beharra zegoela, kutxen bat egite prozesuaren ondorioz lana asko ugaritu zelako, eta guztiari erantzun ezinik zebiltzalako, eta pentsatu zuten aukera ona izan zitekeela Cabieces Alkortaren bulegoan lanean hastea, betiere Kutxabankekin zerikusia zuten auziak eramateko.

Fernandezek esan du bere parte hartze bakarra izan zela operazioa abian jarri zutenean hari oniritzia ematea, eta, Cabiecesekiko harremana bukatutzat ematea erabaki zutenean, hori ontzat jotzea. Gainerakoan, ez zuen bestelako harremanik izan auziarekin, eta horren inguruko hainbat xehetasun ez dituela gogoan esan du: «Bost urte igaro dira eta, gainera, bat egite prozesu batean geunden, eta nik banituen esku artean gai garrantzitsuagoak, horretaz arduratu ahal izateko», esan du.

Kutxabankeko presidentetza utzi ostean, eta, auziaren inguruko ikerketak hasi zirenean, Fernandezek bere patrikatik ordaindu zuen auziak Kutxabanki ustez egindako kaltea: 243.000 euro. Fernandezek esan du «arratsalde bat» baino ez zuela behar izan hori egiteko: «Atzera eragiten zidan norbaitek iradokitzeak ni Kutxabanki kalte egiteko asmoz aritu nintzela, nazka ematen zidan». Baina ez du uste horrek bere errua aitortzea dakarrenik. «Zalantza guztiak errotik moztea» izan zen bere asmoa.

Kutxabankek Mario Fernandezen jarduera ikertu behar zuela jakin zenean, Fernandezek, haserre, adierazpen batzuk egin zituen, eta esan zuen berak ez zuela «zauriturik» uzten. Fiskala saiatu da adierazpen horien inguruan Fernandezi galdetzen, «lekukoeipresio egiteko» modu bat izan zitekeelakoan, baina epaileak ez dio galdera horiek egiten utzi, «auziarekin zerikusirik» ez zutelakoan.

Bankuak ordainduta

Rafael Alkorta abokatuak, berriz, esan du Kutxabankeko Giza Baliabideetako zuzendari Fernando Lopez de Egilazek telefonoz deitu ziola, eta esan ziola bazuela kolaboratzaile berria, eta Mikel Cabieces izango zela. Izan ere, Alkortak bere ezinegona adierazia zion bankuari, bat egite prozesuaren ondorioz sortutako lan guztiari ezin ziolako aurre egin. Cabieces hartzeko erabakia Kutxabankeko presidentetzatik zetorrela ere ezan zion. Alkortak galdetu zuen ea nork ordaindu behar zion Cabiecesi, eta erantzuna argia izan zen: «Bankuak, jakina».

Horrela hasi zen Cabieces Alkortaren bulegoan. Cabiecesek hilero faktura pasatzen zion Alkortari, 5.700 euro ingurukoa, eta Alkortak Kutxabanki kobratzen zion, bere bulegoak bankuarekin zuen kontratutik aparte. Alkortak esan du Cabiecesek ostegun eta ostiraletan baino ez zuela abokatuen bulegoan egon beharra, «gehiagotan joaten zen arren», eta kontsultak egiteko abokatuaren beraren ordenagailua erabili ohi zuela.

Hala ere, saiatu da argi uzten Cabiecesek egindako lana benetakoa zela, eta, gainera, «garrantzi handikoa»: «Cabiecesek kontaktu onak zituen administrazioarekin, eta hori oso baliagarria izan zitzaigun zenbait irizpideren inguruan galdetu behar izan genuenean», azaldu du.

Bere deklarazioan, Cabiecesek esan du Espainiako Gobernuaren ordezkaritza utzi zuenean «bere inguruan» komentatu zuela berriro abokatu gisa lan egiteko asmotan zebilela, baina ez zuela inongo alderditara jo lan eske. Esan du Alkortak deitu ziola lana eskaintzeko —Fernandezek ere deitu ote zion galdetuta, erantzun du ez duela gogoratzen—, eta Alkortarekin batera jardun zuen denbora osoan lana harentzat egiten zuelako irudipena izan zuela, eta ez Kutxabankentzat. Hala ere, geroago Cabiecesek esan du «Kutxabankentzat» lan egin zuela, eta fiskalak kontraesan horretaz ohartarazi dionean, bere adierazpenak zuzendu ditu.

Fernandezek eta Alkortak esan dute Cabiecesi lana eskaintzearen helburuetako bat zela Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiari «bere burua trebatu eta egokitzeko» aukera ematea, kontuan hartuta 1990etik ez zela lan zuzenbidean aritu. Cabieces saiatu da hori ukatzen, eta esan du politikan aritu zen bitartean ez zuela kontakturik galdu lan zuzenbidearekin, haren arduretako asko «kudeaketa arlokoak» zirelako: «Urte askoan politikan aritu nintzen arren, nik banuen gaitasuna lan hori egiteko; ez dut inoiz kobratu lanik egin gabe», esan du.

Iberdrolan ere bai

Alkortarekin batera aritu zen bitartean, Cabiecesek Iberdrolarentzat ere egin zuen lan. Horretaz galdetuta, Cabiecesek ez du ukatu, baina ez du horren inguruan azalpen gehiago eman nahi izan: «Orduan Iberdrolarentzat eta beste bezero batzuentzat ere lan egin nuen, baina ez naiz etorri horretaz berba egitera», esan du.

Hiru akusatuez gain, zenbait lekukok ere deklaratu dute. Kutxabankeko negozio zuzendari nagusi izandako Ignacio Sanchez Asiainek esan du bazegoela «nolabaiteko konpromisoa» Kutxabanken Cabiecesi lanposturen bat eskaintzeko, eta ez duela uste erabaki horrek Kutxabank kaltetu duenik. Onartu du garai hartan, bat egite prozesuaren eta krisiaren ondorioz, gastuak murrizteko prozesu batean zeudela, baina ez du kontraesanik ikusi Cabiecesen zerbitzuengatik ordaindu behar izatean gastuak murrizten ziren bitartean.

Epaiketak gaur jarraituko du, eta ostiralean amaitzekoa da. Akusazioek bi eta hiru urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte, dirua «bidegabe» erabiltzeagatik. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.