PARIS. Joan den azaroaren 12an, Zigorrak Ezartzeko Frantziako Auzitegiak Ibon Fernandez Iradi euskal preso eriaren kartzela zigorra etetearen alde egin zuen, baina prokuradoreak helegitea aurkeztu zuen, eta kartzelan segitu behar izan zuen. Urtarrilaren 13an, Parisko Dei Auzitegiak erabakiko du aske geratuko den ala ez.
Presoaren eritasuna kartzelarekin bateragarria den eztabaidatu zuten irailean egindako auzi saioan. Urteetan ezezkoa jaso ostean, auzitegitik aske geratzearen aldeko erantzuna jaso zuen Fernandez Iradik. Lannemezango espetxean dago (Okzitania), eta esklerosi anizkoitza du, 2012an diagnostikatua. Hamasei urte daramatza preso. ETAko kidea izatea egotzita atxilotu zuten, Frantzian.
Orain dela bost urte ekin zion Frantziako Estatuko bide judizialari, frogatu nahian kartzela eta bere gaixotasuna ez direla bateragarriak. Txosten batzuk aztertu ostean, bi medikuk azaldu zuten euskal presoak espetxetik irten behar zuela, baina Parisko prokuradorea kontra agertu zen orduan ere. Dei Auzitegiak ezezko erantzuna eman zuen 2015ean, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, geroago.
Bestalde, atzo elkarretaratzea egin zuen Sarek Bilbon, Atera bidera, presoak etxera! lelopean. Gaur, berriz, haur motxiladunen egoera salatzeko kalejira bat egingo dute Donostian. Bulebarretik abiatuko da, 12:00etan.
Fernandez Iradiren dei auzia urtarrilaren 13an egingo dute
Euskal presoa Lannemezango espetxean dago, eta gaitz larria du. Kondena eteteko eskaera egina du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu