EUSKAL PRESOAK

Fernandez Iradi Parisera eraman dutela salatu dute

Bakegileek eta Bake Bideak gogorarazi dute esklerosi anizkoitza duela.

Ibon Fernandez Iradi euskal presoaren aldeko elkarretaratzea bere sorterrian, Lasarte-Orian, iazko azaroaren 11n. JON URBE / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 25a
15:07
Entzun

Euroagindu bat dela eta, Ibon Fernandez Iradi euskal presoa Parisko La Sante presondegira eraman dutela salatu dute Bake Bideak eta bakegileek. Gogorarazi dute Fernandez Iradik esklerosi anizkoitza daukala eta Paueko Dei Auzitegiak ere eskumena duela, eta, beraz, uste dute ez zegoela presoa Parisera eraman beharrik. Lannemezanen (Okzitania) dago preso.

Bakegileek eta Bake Bideak «fermuki» kritikatu dute erabakia, uste baitute presoaren osasun egoera kontuan izan gabe hartu dela: «Parisko ministerio publikoak, euskal aferei loturiko euroagindu eskaera guztiak jurisdikzio horretan zentralizatu nahi ditu. Ibon Fernandez Iradiren osasun egoera ikusiz, erabakia onartezina da; are gehiago, Euskal Herriko testuinguru politikoa kontutan hartzen bada».

Fernandez Iradiren zigorra bertan behera uztearen alde egin zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak 2019ko azaroaren 12an, osasun arrazoi horiengatik. Fiskaltza antiterroristak, ordea, erabakiaren aurkako helegitea jarri zuen. Hala, bertan behera geratu zen hura askatzeko erabakia, iazko otsailaren 27ko beste ebazpen batek berretsi zuena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.