Gipuzkoako Batzar Nagusietako Giza Eskubideen Batzordean izan dira Sareko eledun Inaxio Oiartzabal eta Ibon Fernandez Iradiren senideak. Euskal presoari duela sei urte diagnostikatu zioten lehenengoz esklerosi anizkoitza, eta, geroztik, okerrera egin du haren egoerak. Ainara Fresnera haren bikotekideak nabarmendu du badela urtebete hura etxeratzeko eskatzen ari direla. Fresneraren esanetan, edozein gaixotasunek areagotu egiten dio esklerosiak berez eragindako mina.
Horiek hala, Giza Eskubideen Batzordean ordezkaritza duten EAJ, EH Bildu, Ahal Dugu eta PSE-EEren botoekin Fernandez Iradi aske uztearen aldeko adierazpena onartu dute —PPko ordezkaririk ez da izan batzordean—, eta eskatu diote Frantziako Gobernuari aintzat har ditzala nazioarteko legeak, eta aske utz dezala Fernandez Iradi. "Gipuzkoako Batzar Nagusiek eskatzen diote Frantziako Gobernuari eta Espetxe Zaintzari presoen bizitzarako eskubidea, segurtasuna eta osasuna babes ditzatela". Lannemezango (Okzitania) kartzelan dago preso.
Oiartzabalek gogorarazi du egun 21 direla larriki gaixorik egon arren Espainiako nahiz Frantziako kartzeletan preso jarraitzen duten euskal herritarrak, eta nabarmendu du euren gaixotasunei "baldintza duinetan" aurre egingo badiete etxeratuak behar luketela izan.