Fernandez Diazek berretsi du presoek barkamena eskatu beharko dutela banaka

Espetxe politika «eskuzabaltasunez» aplikatzeko prest agertu da, presoek damua azaltzen badute

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek iragarri du «espetxe politika inteligentea» aplikatuko duela, «egoera berriak ematen dituen aukerak» aprobetxatuz. «Bide orri bakarra legea da». Lege hori «eskuzabaltasun osoz» aplikatzeko prest agertu da, «eskuzabala» izan aurretik euskal presoek betearazteko exijentziak jarrita betiere. Barkamena eskatu beharko dutela esan zuen, barkamen banakakoa eta pertsonala: «Hainbeste denboran indarkeria erabili dutenek beren ekintzen erantzukizuna hartu behar dute. Biktimei eragindako mina aitortu behar diete, eta hori egin izanaren damua azaldu behar dute, barkamena eskatuz». Presoen gizarteratzea «banan-banan» izango dela nabarmendu du.

ETAren amaierari dagokionez hartuko duen jarrerari buruzko azalpenak eman zituen atzo Fernandez Diazek Espainiako Diputatuen Kongresuan. «Ikuspegi zabalarekin eta estatu zentzuarekin» jokatzeko asmoa duela azaldu zuen, eta «buru argiz, zuhurtasunez, batasunez eta diskrezioz» aritu nahi duela esan zien legebiltzarreko taldeei. Hala, elkarrekin aritzeko deia egin zien alderdiei, «ekidistantzia eta manipulaziorik gabe» aritzeko. «ETAren amaiera kudeatzea egokitu zaigu. Tunelaren amaieran argia ikusten dugu».

Euskal presoak ETAren «mendean» daude, Barne ministroaren esanetan, eta ezinbestekotzat jotzen du haiek «beste batzuek egin dituzten urratsak egitea». ETAk baimenak ez eskatzeko eta barkamenak ez galdegiteko agintzen die presoei, Barne ministroaren hitzetan.

Babesa eta ekiteko deia

Fernandez Diazek eskatutako batasunerako deiari baikor erantzun zioten kongresuan ordezkaritza duten alderdi gehienek, baina guztiek jarri zituzten ñabardurak. Amaiurrek, bestalde, «betikoa» aurkeztea egotzi zion, eta errepresioarekin Euskal Herriko egoera konpontzerik ez duela lortuko ohartarazi. Irtenbide orokorra behar dela adierazi zion Iker Urbina legebiltzarkideak.

Antonio Hernando PSOEren bozeramaileak «erabateko babesa» eskaini zion PPri, baina «luzamendurik gabe» ekiteko eskatu zion, presoen gaian ere bai.

«Aurrera egiteko borondatea» baldin badauka beren babesa ere izango duela jakinarazi zioten jeltzaleek, Aitor Esteban legebiltzarkidearen ahotik. «Modu diskretuan, adostasuna lortzen saiatuz eta modu eraginkorrean» lan egiteko prest agertu zen. Inoiz ez bezalako adostasuna lortzeko aukera duela abisu eman dio Estebanek PPri. Alde horretatik, uste du 1998an Diputatuen Kongresuak espetxe politikaren inguruan onartutako mozio bat abiapuntu egokia izan daitekeela.

Ezker abertzaleak prentsa ohar batez azaldu du Fernandez Diazen hitzaldiaren inguruko iritzia. «Ikuspegi zabalez» jokatuko duela esatean aldaketa dagoela uste du Maribi Ugarteburu bozeramaileak. Hala egin nahi badu euskal gizartearen gehiengoaren eskaerei erantzuteko eskatu dio, eta egin beharrekoa zehaztu: «Azken hamarkadetan aplikatu diren salbuespen politikak behin betiko gainditzea ekarri behar du ikuspegi zabal horrek». Indarrean den espetxe politika aldatzea litzateke bat, «jardun politikoen aurkako jazarpen polizial eta judiziala» gelditzea zein legez kanporatzeak eta epaiketak gainditzea bestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.