Fernandez Diazek bereari eutsi dio: «ETArekin ez dugu negoziatuko»

Aieteko Adierazpenari jarraitu eta ETArekin gatazka armatuaren ondorioez hitz egingo al duen galdetu dio Xabier Mikel ErrekondokErakunde armatua desegin osteko eguna «kudeatzen» jakingo duela esan du

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Esan duela behin eta berriz, eta ez galdetzeko gehiago: «Ez dago entzun nahi ez duena baino gorragorik. Ez dugu talde armatuarekin negoziatuko, inolaz ere ez!». Berean jarraitzen du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. ETArekin hitz egiteko ezer ez daukala, erakunde armatuak bere burua desegin besterik ez duela, eta gero, Espainiako Gobernuak jakingo duela «biharamuna» nola kudeatu: «Legalitatetik eta justiziarekin». Espainiako Diputatuen Kongresuan egin zituen hitzok atzo Barne ministroak, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuaren galderari erantzunez.

Gaiak askotarako ematen badu ere, hizketaldi motza izan zuten Amaiurreko diputatuak eta Barne ministroak. Aieteko Adierazpeneko bigarren puntua betetzeko prest al dagoen galdetu zion Errekondok Fernandez Diazi, zuzen. Eta hark ezetz, behin eta berriz ezetz. ETAk armak utzi ostean erakunde armatuak egindako eskariari erantzun eta gatazka armatuaren ondorioei buruz elkarrizketak abiatzeko galdegiten die puntu horrek Espainiako eta Frantziako gobernuei. Espainiako Gobernuak atzo berretsi zuen ez duelako horretarako asmorik: «Gobernuak inoiz ez du onartu eta onartuko erakunde terrorista bat interlokutore gisa».

Beste herrialde batzuetako negoziaketak ontzat hartzen dituen bitartean berak halakorik zergatik ez duen egin nahi galdetu zion Errekondok, gogora ekarriz Kolonbiako Gobernuak FARCekin negoziatzea babestu zuela Espainiak. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentearen hitzak ekarri zizkion gogora Errekondok: «Nire eginbeharra da bakea lortzea,horretarako elkarrizketak abiatuko ditut. Edozein bake prozesuk gatazkaren amaiera ekarri behar du, eta ez hura luzatzea». Honakoa gaineratu zuen: «Estatu gatazka bat duzue, eta zuen herriak arazo bat badu, konponbidea izan behar du. Hori ez da Gobernuaren ardura?». Bakeari «beldur» izatea egotzi zion Espainiako Gobernuari.

Espainiako Barne ministroak atzo ere ez zuen aukera galdu Amaiurreko diputaturen batek hitz egiten duen bakoitzean hari egiten dion eskaera egiteko: «Iabi minutu sobratu zaizkizu, ETAri baldintzarik gabe desegiteko eskatzeko erabili zenitzaketenean».

Hain justu, ETAk bi gobernuei gatazkaren ondorioez hitz egiteko elkarrizketetarako agenda proposatu eta hiru egunetara etorri da Amaiurren galdera, eta Espainiako Gobernuaren enegarren ezezko erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.