Fernandez, Cabieces eta Alkorta zigortu dituzte 'Kutxabank auzian'

Espetxe zigorrak ezarri dizkiete, baina ez dira kartzelara joango. Epaimahaiak uste du dena «Cabiecesi mesede egitearren» antolatu zutela. Mario Fernandezek helegitea aurkeztuko du

Mikel Cabieces, Rafael Alkorta eta Mario Fernandez, haien kontra egindako epaiketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Mario Fernandezek, Rafael Alkortak eta Mikel Cabiecesek prestaturikoa ez zen izan Kutxabanki zerbitzu bat eskaintzeko hitzarmena, Cabiecesi «diru laguntza» emateko bide hutsa baizik. Hori ebatzi du Kutxabank auzia epaitu duen Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. atalak, eta «dirua bidegabe erabiltzeaz» errudun jo ditu Mario Fernandez Kutxabankeko presidente izandakoa, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoa eta Rafael Alkorta abokatua. Isunak eta espetxe zigorrak ezarri dizkiete—urtebetekoa Cabiecesentzat, seina hilabete Fernandez eta Alkortarentzat—, baina ez dute kartzelara joan beharko.

2012ko hasieran, Cabiecesek Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren ardura utzi eta gutxira, bi alderditako «goi mailako politikariek» telefonoz deitu zioten Mario Fernandez Kutxabankeko orduko presidenteari, eta Cabiecesentzat «lan irteera bat» bilatzeko eskatu zioten. Baina Kutxabankek Cabieces zuzenean kontratatzeari egoki iritzi ez eta Rafael Alkorta abokatuaren bulegora jo zuten. Kutxabankentzat aholkularitza lanak egiten zituen Alkortaren bulegoak. Cabieces hasi zen hilero Alkortaren bulegotik diru sariak kobratzen, eta bulegoak horren fakturak igortzen zizkion Kutxabanki, Cabiecesek bankuarentzat egindako lanak balira bezala.

Baina Bizkaiko Probintzia Auzitegiko epaimahaiak uste du lan horiek ez zirela benetakoak izan. Epaiaren berri emateko kaleratutako autoan azaldu dutenez, Cabiecesek Alkortaren bulegoan ustez egindako lanaren «zantzu bakar bat ere» ez dago: ezin izan dute frogatu Cabieces bileretara joaten zenik, txostenak egin zituenik edo Kutxabankentzat inolako lanik egin zuenik.

Horregatik, epaimahaiak pentsatzen du dena «Mikel Cabiecesi ekonomikoki mesede egitea beste helbururik ez zuen jarduera» izan zela «Kutxabanken dirua erabiliz». «Cabiecesentzako diru laguntza soila izan zen, eta ez Kutxabanki eskainitako inolako zerbitzu indartzea», erantsi dute. Jarduera hori «diruaz bidegabe jabetzea» dela uste dute epaileek.

Cabiecesentzat eta Alkortarentzat abogatu gisa jarduteko inhabilitazioa ere eskatzen zuen herri akusazioak, baina epaimahaiak uste du delituak ez zuela zerikusirik izan jarduera profesionalarekin eta, hortaz, ez die horrelako zigorrik ezarri.

Akusazioa, pozik

Herri akusazioa osatzen duten elkarte eta sindikatuek —LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma— agerraldia egingo dute gaur epaiaren balorazio zehatzagoa egiteko, baina «pozik» agertu dira, «bidegabeko jabetzea egin zutenak zigortuak izan direlako». Nabarmendu dute Fernandez eta Alkorta iruzurraren«antolatzaile» gisa zigortu dituztela, eta Cabieces, berriz, horren «onuradun» jo dutela.

Esan dutenez, herri akusazioaren helburua zen «euskal kutxen pribatizazioaren ingurumarian gertaturiko mesede tratuak zigorrik gabe ez gelditzea», eta, alde horretatik, helburua bete dutela uste dute.

Akusatuen aldetik, berriz, Mario Fernandez izan da balorazioa egin duen bakarra. Epaia «errespetatu» egiten du, baina ez dator harekin bat, uste baitu aurkeztu dituen frogak ez dituztela aintzat hartu. «Hasieratik indefentsio egoera egon da, eta horrek prozesu osoa kutsatu du: ustezko delituak frogatu beharrean, akusatuok gure errugabetasuna frogatu behar izan dugu», salatu du.

Helegitea aurkeztuko duela iragarri du Kutxabankeko presidente izandakoak: «Nire jarduera legezkoa, etikoa eta Kutxabanken interesen aldekoa izan da beti», esan du. Fernandezen ustez, epaiketan frogatu du inoiz ez zuela bere interes partikularren arabera jokatu. «Prozesua luzea izango dela jakin arren, urte askotako neke eta lanari esker lorturiko ohorea garbitu behar dut», erantsi du.

Eragile politikoei dagokienez, EH Bilduk adierazi du zigortutakoen ardura pertsonaletatik harago, «erantzukizun politiko argiak» ere badaudela auzi honetan. «EAJk eta PSEk Kutxabank eta bere kapitala erabili zituzten elkarri mesede politikoak ordaintzeko, eta horretarako, finantza erakundearen izaera pribatuan babestu ziren», salatu dute.

Esna Gaitezen Portugaleteko udal taldeak (Bizkaia) iragarri du —Ahal Dugu-k babesten duentaldea da— mozio bat aurkeztuko duela hurrengo udal bilkuran, eta eskatuko dutela Mikel Cabiecesen irudia udal aretotik kentzeko —Portugaleteko alkate izan zen Cabieces 1995etik 2007ra—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.