Atxiloketa

Fermin Vilari hamabi orduz luzatu diote atxilotze epea

Ipar Irlandako Poliziak Belfasten atxilotu zuen herenegun, Guardia Zibilarekin batera eginiko operazio batena, eta ETArekin zerikusia izatea egotzita.

2010eko ekainaren 26a
15:40
Entzun
Hamabi orduz luzatu diote atxiloketa epea herenegun Belfasten atxilotu zuten Fermin Vila Mitxelenari (Irun, Gipuzkoa, 1970), eta Antrimgo polizia etxe batean jarraitzen du. Polizia iturrien arabera, Ipar Irlandan aurrera eramaten zituen "ekintza separatisten" inguruko galdeketa egiten zari zaizkio Vila Mitxelenari.

Herenegun gauerdian atxilotu zuten Vila, Belfasteko erdigunean. Espainiako Barne Ministerioak plazaratutako prentsa ohar batek dioenez, Castle Courteko merkataritza gunean atxilotu zuten. Iturri horren arabera, hango ostatu batean egiten du lan. Atxilotu ondoren, «terrorismo» gaietan espezializatutako Antrim Roadeko polizia etxera eraman zuten. Epailearen aurretik noiz igaroko den ez dute zehaztu.

Haren etxebizitzan egindako miaketan ordenagailu eramangarri bat, nortasun agiri faltsu bat, banku txostenak, laneko ordain-agiriak, curriculum pertsonalak, agendak eta CDak antzeman zituztela zabaldu dute berri agentziek.

Espainiako Barne Ministerioak dio Vila «ETAko egituretan sartuta zegoela eta haren zerbitzura zegoela lanean Ipar Irlandan». «ETAren egiturak gero eta sakabanatuagoak eta dibertsifikatuagoak daudela erakusten du horrek», adierazi dute prentsa oharrean. Francisco Javier Lopez Peña ustezko etakideari atzemandako agirien artean Vilaren argazkia zuen nortasun agiri faltsu batek ahalbidetu du Vilaren atxiloketa, iturri horren arabera.

2001ean BBVAren egoitza baten eta Justizia Ministerioaren ordezkaritza baten aurka eginiko bi atentatutan parte hartzea egotzi diote. 2003an auzipetu zuen Baltasar Garzon epaileak.

Protesta ekimenak, Irunen

Aurretik ere aztertu izan ditu Belfasteko auzitegiak Espainiako Justiziak egindako estradizio eskaerak. Azkenak Arturo Villanueva eta Iñaki de Juanarenak izan dira. Villanuevaren kasuan Espainiako Justiziaren eskaera atzera botatzea erabaki zuen auzitegiak. De Juanaren kasuan, ez du, oraindik, erabakirik hartu; baldintzapean aske da, baina epaileak ez du haren berririk.

Vilaren atxiloketa salatzeko manifestazioa egin zuten atzo haren jaioterrian. Gaur ere egingo dituzte protesta ekimenak, Irungo Mosku plazan, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.