Fermin Muguruzaren bisita baten harira, «terrorismoa goratzea» egotzi diote Valentziako institutu bati

Ikasleei hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik salatu du talde kontserbadore batek, baina hitzaldirik ez zela izan adierazi du Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek. Institutukoek hilaren 26an deklaratu beharko dute guardiako epaitegian.

Fermin Muguruzaren aldeko murala
Muguruzaren aldeko murala, Bellreguardeko institutuko horma batean. VILAWEB
2024ko martxoaren 13a
17:20
Entzun

Vilaweb atariak jakitera eman duenez, Valentziako Bellreguard herriko (Herrialde Katalanak) institutu bateko zuzendaritza taldea «terrorismoa goratzeaz» akusatu dute, Fermin Muguruza euskal musikari eta zinemagilearen bisita baten harira. Iazko martxoan izan zen Muguruza han, Black is Beltza filma sustatzen, baina ez zuen ekitaldirik egin ikastetxean, Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi Juanjo Ginerrek Vilaweb-en esan duenez.

Joan Fuster institutuan zuzendaritza taldea osatzen duten sei lagunek martxoaren 26an deklaratu beharko dute guardiako epaitegian. Doktrinamenduaren Kontrako Hezitzaileen Elkartea izeneko talde kontserbadore eta ultrakatoliko batek jarri du haien aurkako salaketa: «terrorismoa goratzea» egotzi diete, ikastetxeak Muguruza gonbidatu zuelakoan ikasleei hitzaldi bat ematera.

Ginerren arabera, ordea, ez zen halakorik gertatu. Kultura Demokratikoaren eta Haur, Nerabe eta Gazteen zinegotzia izan zen aurreko legegintzaldian, eta udalak areto bat eskaini zuen Black is Beltza emateko. Ginerrek azaldu duenez, artista batek proposatu zuen Muguruzaren irudiarekin mural bat egitea espazio publikoren batean, eta udalak erabaki zuen Joan Fuster institutuaren horma batean jartzea. Besteak beste, «Sense memòria no hi ha aprenentatge» irakur daiteke muralean, zinemagileak berak bere sare sozialetan nabarmendu zuenez: memoriarik gabe ez dago ikasterik.

«Fermin Muguruza ezustean eraman genuen hara, murala erakustera. Hunkitu egin zen, eta esker oneko hitz batzuk izan zituen, baina ez zien hitzaldirik eman ikasleei, faltsuki adierazi denez», esan du Ginerrek. Hain zuzen, ustezko hitzaldi batean oinarritu da elkarte kontserbadorearen salaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.