Frantziako Feriatzaileen Federazioak ez ditu onartzen Baionako Herriko Etxeak 2025eko bestentzat iragarri dituen egunak, eta mehatxu egin du Baiona blokeatuko dutela urriaren 8an eta 19an baldin eta erabakia aldatzen ez badu.
Duela zenbait egun Baionako Herriko Etxeak jakinarazi zituen datorren urteko besten egunak: 2025eko uztailaren 16tik 20ra. Hain zuzen, Landetako Mont-de-Marsan hiriko besten ber denboran. Aurten, jada, bestak aurreratu zituen Baionako hiriak Olinpiar Jokoak zirela eta. Horra arte, uztailaren bukaeran antolatzen zituen. Heldu den urtean bestak lehenago egin nahi ditu, aurten bezala, jende kopuru handiegia ekiditeko. Erabaki hori ez da batere feriatzaileen gustuko izan.
Feriatzaileek dituzten animazio eta joko kamioi eta etxolak Aturri bazterrean plantan ematen dituzte Baionako bestetan. Baina Mont-de-Marsaneko bestetan ere ibiltzen dira, eta biak batera gertatzeak eragingo liekeen kalte ekonomikoa salatu dute, Frantziako Feriatzaileen Federazioaren izenean bidali prentsa agiri bidez. Baionako Herriko Etxeari «indarrez pasatzea» leporatu diote agirian.
Oroitarazi dute Mont-de-Marsango bestak Santa Madalena patroitzat daukan egunaren karietara egiten direla beti. Uztailaren 14ko ondoko asteazkenetik. «Nolaz bada Baionako Herriko Etxeak ez ditu kontuan hartu besta horiekin loturik diren hainbat zerbitzu hornitzailek, saltzailek eta feriatzaileek jasan ditzaketen kalteak?», galdetu dute.
«Ondorio ekonomikoak» aintzat hartu gabe
Feriatzaileek salatu dute Mont-de-Marsango auzapez Charles Dayotek eta alkateorde Pascale Hauriek erabakiaren berri bezperan baizik ez dutela ukan; alta, «bi hilabete lehenago Baionako Udalak informazioa eskatu zion Mont-de-Marsangoari», salatu dute feriatzaileek. Sostengua erakutsi nahi izan diete, ondorioz, Landetako bi hautetsiei.
Halako deliberoarekin, salatu dute Baionako Herriko Etxeak «anitz urtetako ohiturak» ez dituela kontuan hartzen, ez eta erabaki horrek dituen «ondorio ekonomikoak» ere. Betidanik besta horietan parte hartzen duten eragile ezberdinen «ikusmoldea bildu gabe» hartu erabakia salatu dute, eta Baionako Herriko Etxeari eskatu diote «tarrapatan hartu erabaki horrekin gibelera egitea».
Feriatzaileen Federazioak mehatxu egin du hala ez badu egiten Baionako erdigunean «mobilizazio orokorra» antolatuko duela urriaren 8an eta 19an, Jean Dauger Aviron errugbi taldearen zelaiaren inguruetan.