Feriatzaileek Baionako bideak blokeatuko dituzte, hiriko besten egunen auziagatik

Baionako Udalak besten egunak uztail erdian mantentzea erabaki duelako, feriatzaileek hiriko bideak blokeatuko dituzte, astearte goizeko zortzietan. Jean Rene Etxegarai auzapezak erantzun du ez duela presioari men eginen, baina mintzatzeko prest dela.

Feriatzaile baten muntadura, joan den uztaileko Baionako bestetan. PATXI BELZAITZ
Feriatzaile baten muntadura, joan den uztaileko Baionako bestetan. PATXI BELZAITZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 7a
16:30
Entzun

Bihar, asteartea, goizeko zortzietan hasi eta egun osoan Baiona eta hiri inguruak blokeatuko dituzte feriatzaileek, Baionako herriko etxeak 2025eko hiriko bestak Mont-de-Marsangoekin (Landak) batera ezartzea erabaki duelako. Autoekin eta kamioiekin, Baionako bide sarrera nagusiak eta hiri barnea tapatu nahi dituzte, karakoil mobilizazio bat dela medio. Jean-Rene Etxegarai auzapezak iharduki du mintzatzeko prest dela, baina ez duela presiopean men eginen.

Baionako Udalak berriki jakinarazi du heldu den urteko bestak, aurten bezala, uztail erdian antolatu nahi dituela, Mont-de-Marsango besten ber egunetan (uztailaren 16tik 20ra). Galtze ekonomikoak eragingo dizkielako, bi besta horietan lan egiten duten feriatzaileen kexua piztu du «aurretik inorekin hitz egin gabe» hartutako erabaki horrek.

Kexu horren erakusteko eta Baionako Udalari gibel egin dezan eta bestak berriz uztail bukaeran ezar ditzan galdegiteko, mobilizazioa antolatu du Frantziako Feriatzaileen Federazioak. Bere kideak deitu ditu bihar goizean goizik ibilgailuekin etortzera. Enkontrua, Bokale (Lapurdi) eta Baiona artean dute, Saint-Bernard etorbidean. Iragarri dutenez, autoekin eta kamioiekin karakoilaren abiaduran ibiliko dira ondoko guneetan: Zubi Gorria (edo Henri Grenet zubia), Jean Dauger errugbi zelaia, Saint-Frederic langunea (autobiderako sarrera), suprefetura, Herriko Etxea eta tren geltokia.

«Uste dute egiaren jabe direla»

Thomas Bruch feriatzaileen bozeramaileak salatu du Baionako herriko etxea «inertzia» batean egoten dela eta erabakiak bere aldetik hartzen dituela. «Uste dute egiaren jabe direla, eta nehor ez dute entzun nahi», erran du kexu Bruchek. Aurtengo, jada, feriatzaileek indarrak egin zituztela oroitarazi du. Alabaina, Santizpirituko usaiako gunea libre utzi zuten segurtasun arrazoiengatik. «Onartu genuen indar baten egitea, eta orain ganibet ukaldi bat sakatzen digute gibeletik». Mobilizazioaren bezperan berriz ere galdegin dio Baionako udaletxeari besten egunak berriz uztail hondarrerat ekar ditzan.

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bisita egin dion egun horretan berean erantzun dio Jean Rene Etxegarai auzapezak, prentsa dela medio. Dioenez, saiatu da feriatzaileekin harremanetan sartzen, elkar ikusteko. «Erantzun digute: ‘Ez dugu Baionako auzapeza ikusiko besten egunak aldatuak ez ditueno’».

Etxegaraik uste du feriatzaileek errespetatu behar dituztela auzapez batek hartu erabakiak, eta berretsi du prest zela haiekin mintzatzeko, nahiz eta, dioenez, Mont-de-Marsango Herriko Etxearen aldea hartu duten. Ez du besten egunen aldatzeko asmorik erakutsi Etxegaraik: «Ez dut presiopean erantzuten, ez eta larderiapean ere; galdegiten dudana da mahai inguruan bil gaitezen».

Ikusi beharko da mahai inguru hori bihar berean osatzen den edo mobilizazioen ondoren, ezen feriatzaileek mehatxu egina baitute Baiona berriro blokeatuko dutela urriaren 19an, Baionako Aviron errugbi taldeak partida bat etxean jokatzekoa duen egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.