Feriatzaileak bihar goizetik hasiko dira bideak trabatzen Baionan

Baionako udalak hiriko besten egunak uztaila bukaeran ez jartzea salatu nahi dute. Aviron errugbi taldeak partida du bere zelaian, bihar, eta partida bukaera arteko mobilizazioa egingo dutela iragarri dute feriatzaileek.

Feriatzaileen urriaren 8ko mobilizazioa
Feriatzaileen urriaren 8ko mobilizazioa, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 18a
12:00
Entzun

Jean Rene Etxegarai eta Charles Dayot Baionako eta Mont-de-Marsango (Landak) alkateak elkartu ziren asteazkenean, eta ondoko bi urteetarako bakoitzaren hiriko besta egunak adostu zituzten, batera ez gertatzeko. Feriatzaileek ez dituzte onartzen finkatu diren egun horiek, eta Baionak berriz uztail bukaeran ezar ditzan nahi dute. Jada iragarri zuten bezala, bihar, larunbatarekin mobilizatuko dira berriro, Baionan.

Aviron errugbi talde profesionalak txapelketako partida du Parisko Racing taldearen kontra bihar, 14:30ean, Jean Dauger zelaian. Egun hori hautatu dute feriatzaileek Baionako bideen trabatzeko. 09:00etarako deituak ditu Frantziako Feriatzaileen Federazioak bere kideak, urriaren 8rako finkatu zuen gune berean: Bokale (Lapurdi) eta Baiona arteko Casquetseko biribilgunean. Mobilizazio handiaren mentura aipatzen dute, ibilgailu arinekin eta zama kamioiekin.

Federazioak bidali duen agirian hala dio: «Baionako eta Mont-de-Marsango herriko etxeek jakinarazi dituzten besta egun berriekin ez dira ados Frantziako Feriatzaileen Federazioa eta feriatzaile enpresak, eta, sekula baino gehiago, mobilizazio handiago bati buruz joateko prest daude».

Feriatzaileek zabaldu dutenez, Casquetseko biribilgunetik 10:00etan abiatuko dira bare karakoilen urratsean mobilizatu ibilgailu guziekin. Hortik, herriko etxera buruz joanen direla diote, 12:00etan Jean Dauger kirol zelaiaren inguruetan finkatzeko eta sarbideak blokeatzeko «partida bukaera arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.