Euskal Hirigune Elkargoak engaiamendua hartu du indarkeria matxistaren kontra lan egiteko. Bil Gaiteneko hautetsi guziek, eta Françoise Gallois eta Leire Larrasa Uztaritzeko eta Ziburuko hautetsiek (Lapurdi) —EH Baiko kideak dira biak— egin zioten eskaera Martine Bisauta lehendakariordeari, eta harekin landutako mozioa onartu dute gaur hautetsiek, aho batez.
Maiatzaren 3an Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan zen hilketa matxista gogoan, nabarmendu dute Emakunderen zenbakien arabera 119 emakume hil dituztela 2003tik, horien artean 26 Ipar Euskal Herrian. «Egoera horren aitzinean, elkargoko hautetsiok gure engaiamendu sendoa berresten dugu emakumeenganako bortizkeriaren aurkako borrokan», idatzi da mozioan.
Hiru engaiamendu hartu dituzte. Hemendik aitzina, Euskal Hirigune Elkargoak, hautetsi guzien izenean, «ofizialki eta fermuki» salatuko ditu Ipar Euskal Herrian gertatuko diren feminizidio guziak. Hilketaren ondorengo elkargoko batzarrean minutu bateko isilunea eginen dute.
Horrez gain, sentsibilizaziorako eta heziketarako tresnak garatuko ditu elkargoak, publiko orori bideratuak. Herriko etxeei ere laguntza eskaini diete haien ekintzetan.
Azkenik, bortizkeria sexista eta sexualen behatoki baten sorrera landuko dute, gai horren inguruan lanean ari diren elkarte eta erakundeekin.