Lointek Gernikako zuzendaritza kargugabetzeko eskatu dute feministek

Gernikako talde feministak agerraldia egin du gaur, udaletxearen aurrean. Haren erranetan, klubak salaketaren berri izan zuenetik «ez du pausorik eman biktimaren erreparaziorako».

Gernikako sare feministaren prentsaurrekoa
Gernikako talde feministaren agerraldia, gaur. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 23a
17:05
Entzun

Gernikako (Bizkaia) sare feministak agerraldia egin du gaur, Lointek Gernika saskibaloi taldeko zuzendaritzak Mario Lopez entrenatzailearen kontrako salaketaren harira izandako jarrera salatzeko. Zuzendaritza kargugabetzeko eskatu dute, Lopezen inpunitatea «bermatu» eta emakumea «birbiktimizatu» dutelako. Udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea, hirurehun herritarrekin batera. «Ezin dute egun bakar bat ere euren postuetan segitu», adierazi du talde feministak. Horretarako, «Euskal Herriko zein Espainiako saskibaloi federazioei, babesle guztiei, klubeko bazkideei nahiz diru laguntzak eman edo instalazioak uzten dituzten administrazio publikoei eskatu diete beren esku dagoena egin dezatela egoera ez luzatzeko».

Adingabe bati hainbat urtez sexu abusuak egiteagatik ikertzen ari dira Lopez, 11 urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena. Klubean ardura postuak zituen oraindik, eta taldeko kirol arduraduna izan da joan den igandean kargugabetu zuten arte. Klubak dio gertatutakoa ezagutarazi arte ez zuela erasoaren «edukiaren eta neurriaren» berri, baina mugimendu feministak argi erran du mugimenduak berak jakinarazi ziola, eta, beraz, bazekitela. Feministek joan den igandean argitaratutako oharrean azaldu zutenez, uda hasieran izan zuten kasuaren berri, eta zenbait «bilera eta dei» izan zituzten Lointek Gernikako zuzendaritzarekin, «egoerari irtenbide bat emateko asmoz». Klubak, ordea, adierazi zien zuzendaritza, babesleak eta jokalariak ados zeudela Lopez entrenatzaile izatearekin, eta halaxe segituko zutela. Mugimendu feministak, orduan, adierazi zien ez zegoela horrekin konforme, eta erabaki zuen akordio bat egiteko prozesua amaitzea.

Alde horretatik, agerraldiko bozeramaileek adierazi dutenez, klubak salaketaren berri izan zuenetik «ez du pausorik eman biktimaren erreparaziorako, erasoaren larritasuna argitzeko edota beste eraso posibleak ez gertatzeko»: «Ez zuten kezkarik izan entrenatzaile horrek haurrekin zein emakumeekin bere botere eta aginte posiziotik harremana izaten segitzeko, inpunitate osoz aritzeko». Azpimarratu dute jarrera horrek erakusten duela haurrei eta emakumeei jazartzea ez dela arrazoi nahikoa neurri prebentiboak hartzeko. Haren ustez, edozein indarkeriaren aurrean neurriak hartu behar dituzten horiek erabaki dute «erasotzailea defendatu eta gezurra esatea».

Izan ere, gogoratu dute zuzendaritzak ez zuela ezer egin joan den uztailean talde feministak «adin txikiko bati sexu eraso iraunkorreko» kasu baten berri eman zionean. Zenbait jokalarik entrenatzaile ohia klubetik kentzeko eskatu zutenean ere ez zuen ezer egin, ezta horrengatik guztiagatik jokalari batek taldea uztea erabaki zuenean ere. «Gauza bakarra egin dute: Mario Lopez babestea, publikoki zein pribatuki, erasoaren tamaina gutxietsiz, ezjakintasun faltsuaren atzean ezkutatuz». Haren erranetan, Lopezekin «konplizitate osoa» erakutsi dute, gertatutakoa ezagutarazi den arte, eta orain «irudia zuritu besterik ez dute egin».

Udala, «berandu»

Taldearen zuzendaritzaren jarrera ez ezik, Gernikako Udalarena ere kritikatu dute feministek: «Onartezina da erakutsi duen arduragabetasuna»: «Berandu, oso berandu erantzun du ohar batekin, gaitzespen soil bat eginez. Udalak ere gertakari larri hauen aurkako erantzun eta erabaki irmoak hartu behar ditu».

Hala, erasoak salatu zituen emakumeari beren babes osoa helarazi diete, eta Gernikako herriak egoera honetan izandako erantzuna eta jarrera eskertu dute: «Jarrai dezagun indarkeria matxistarik gabeko herri bat eraikitzen», borobildu du taldeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.